Ezinezkorik ez dagoela erakusteko

Ezinezkorik ez dagoela erakusteko

Unai Zubeldia

Bere txarrean, berrikuntza txiki batzuk ahalbidetzen ari da azken hilabeteotako pandemia giroa. Horren erakusgarri, koronabirusaren kumea da Mutrikuko Udalaren ekimenez gorpuztutako Bada Posible kultur jaialdia ere. “Urtebeterako proiektua zen berez, baina…”. Inhar Mutiozabal Mutrikuko Udaleko komunikazio arduradunak aitortu du ez dela seinale ona jaialdia bigarren urtez jarraian antolatu izana. “Denok uste genuen aurten gure inguruan ez zela izango koronabirus konturik, baina antzeko egoeran jarraitzen dugu”. Atzo hasi zen jaialdia, Olatz Salvadorren kontzertuarekin, eta beste hamar ekitaldi izango dira abuztuaren 8ra bitartean. Mutrikuko institutuko patioko karpan egingo dituzte emanaldi guztiak.

Iaz sortu zuten Bada Posible jaialdia. “Urte gogorra izan zen iazkoa, eta, itxialdiaren ondoren etxetik ateratzen hasi ginenean, artean herriko jaiekin zer gertatuko zen ez genekienean, jaietako aurrekontu bat bazegoela eta, modu batera edo bestera, herrian kultura eta jaiak uztartzeko ahalegin bat egin beharra geneukala iruditu zitzaigun”, azaldu du Mutiozabalek. Bi zinegotzi, teknikari bat eta komunikazio arduraduna bera “tematu” ziren jaialdiarekin. “Bai herriari eta bai kulturgileei zor zitzaien kultur mugimendu hori guztia. Soinu teknikariak, argi teknikariak, artistak, herritarrak…, ezin genuen begiratu beste alde batera, kultura ezin genuen utzi hiltzen”. Bada Posible jaialdiaz gain, Mutrikun urte guztian neurri desberdineko hainbat kultur ekintza antolatu dituztela gogoratu du Mutiozabalek: “Egitura txikiko antzerki emanaldiak, kontzertuak, bertsolariak… Azkenaldian asko ugaritu dugu kultur agenda”.

SONAKAY ETA GURE AMETSA DANTZA TALDEA

Hasieran buruan zeukaten proiektua lantzen hasi bai, baina… “Dekretuekin topo egin genuen berehala. ‘Hau ezin da egin, hau ere ez…’, horrelakoak entzun behar izan genituen etengabe”. Etsi gabe, ordea, dena lotzen jarraitu zuten udalean, eta iazko lehen kontzertua Ruper Ordorikarena izango zela baliatuta, haren kantu bat ekarri zuten gogora jaialdiaren izena aukeratzeko: “Ez da posible. Ruperri keinua eginda, badela posible erakusten saiatu ginen gu, arau guztiak errespetatuta, distantziak mantenduta, eserita eta maskarak jantzita, baina baietz, posible zela”. Zortzi egun eta zortzi emanaldi izan ziren iaz, estreinako urtean, eta 11 emanaldi eta 11 saio izango dira aurten. Interneten eros daitezke sarrerak, Badaposible.eus webgunean, eta baita Mutrikuko turismo bulegoan ere —dagoeneko amaituta daude Izarok eta Silvana Estradak abuztuaren 6an emango duten kontzerturako sarrera guztiak, atzoko amaituta zeuden Olatz Salvadorren kontzerturako sarrera guztiak ere, eta baita gaurko Laumonorenak ere—. Bitxikeria gisa, Izaro bertatik bertara ikusteko sarrerak 42 segundoan amaitu zirela azpimarratu du Mutiozabalek.

Herriko taldeentzat aukera

Iaz bezala, aurten ere ez da izan Malen jairik Mutrikun. “Jaialdi hau malenetatik gertu antolatuko genuela erabaki genuen hasieratik, baina ez Malen jaien barruan, jendeari tentazio hori ez jartzeko”. Udaleko komunikazio arduradunak esan duenez, “gaur egun izena daukaten taldeak” erakartzen saiatu ziren iaz, eta hala egin dute aurten ere. “Baina, horrez gain, herriko taldeei ere plaza garrantzitsu bat ematen saiatzen gara”. Adibide moduan, iaz Sonakay taldearekin aritu zen Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldea, eta Oreka TX taldearekin ariko dira aurten, bihar bertan, 20:00etan.

Aurtengo eskaintza ere “herritar guztientzat gustukoa” izan dadin saiatu dira udaleko ordezkariak. “Gazteagoentzat izan daiteke Nogen, adin tarte desberdineko jendearentzat Izaro, helduentzat Mutrikuko Musika Banda edo Oreka TX… Ez da erraza denak gustura uztea, eta, agian, beste talde batzuk nahiko zituzten beste batzuek, baina, tira…”.

Zazpiehun metro koadro dauzka Mutrikuko institutuko patioan jarrita daukaten karpak. “Eta, lege guztiak errespetatuta, 192 pertsona bakarrik sartu ahal izango dira. Gaur egun ikusten ari garen ikusle kopuru txiki-txiki horiek kontuan hartuta, bada zerbait”. Mutiozabalek argitu du “metro eta erdi pasatxoko tartea” egongo dela aulki batetik bestera. “Bai aurrera-atzera eta bai ezker-eskuin. Binaka egongo dira ikusleak, eta eserita ikusi beharko dituzte saio guztiak”.

Iaz ez zen sarrerarik ordaindu behar izan Bada Posible jaialdiko kultur emanaldiak bertatik bertara ikusteko. “Baina konturatu ginen doan izate horrek balioa kendu ziela artistei, eta sarrera eskatuta zeukaten askok, eguraldi ona tarteko, ez joatea erabaki zutela azkenean, galtzeko ezer ez zeukatelako”. Horregatik erabaki dute aurten “sarrera sinboliko bat” jartzea. 3 euro da sarrerarik merkeena eta 10 euro garestiena, Olatz Salvadorren atzoko kontzerturako, eta Nogen eta Izaro eta Silvana Estradaren emanaldietarako. “Azken batean, gurea ez da dirua lortzeko sortutako jaialdi bat, baina emanaldietara joaten dena benetan gogotsu joan dadin nahi dugu; gogotsu, baina arauak errespetatuz, noski”, zehaztu du Mutiozabalek.

Gerora, beste formatu bat?

Bi urteko ibilbidea eginda, Mutrikuko Udaleko komunikazio arduraduna bera “tristatu” egingo luke hurrengo urteetan Bada Posible jaialdia bertan behera utzi behar izateak. “Sortzeko lanean ibili ginenok izugarrizko maitasuna diogu jaialdi honi, eta behin koronabirusa gainditzen dugunean, ikusi egin beharko dugu jaialdi honi eustea bideragarria den edo ez. Baina, jarraitzekotan, beste formatu batekin jarraitu beharko luke”. Hausnarketa horiek guztiak aurtengo jaialdia, urtea eta pandemia bera amaitzen direnerako utzi ditu Mutiozabalek.

Mutrikuko Udalean “aukera moduan” ulertu dute azken hilabeteotan sortu den egoera berezia. “Artistek ez daukate aukera askorik euren emanaldiak eskaintzeko, eta, horrelako jaialdi baten aitzakian ez bada, guretzat oso zaila da Izaroren gisako artista bat erakartzea”. Izaro bakarrik ez, Silvana Estrada ere goratu du Mutiozabalek. “Sona handia hartzen ari da Espainian, eta Euskal Herrian eskainiko duen lehen kontzertua eta bakarra izango da Mutrikukoa. Ziur nago bizpahiru urte barru mundu mailako artista izango dela Silvana Estrada”.

Ikusle kopurua 192 pertsonara mugatuta dagoen arren, komunikazio arduradunak animatzeko deia egin die herritar guztiei. “Segurtasun kontuengatik, iaz errezelo pixka bat nabaritu genuen helduen artean. Asko kostatu zitzaigun Ruper Ordorikaren sarrera guztiak saltzea, baina, ondoren, berehala saldu genituen gainerakoak”. Jaialdia “oso segurua” dela berretsi du Mutiozabalek. “Trabak traba, segurua da kultura”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.