Goierriko plaza berria

Goierriko plaza berria

Josune Zarandona

Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira. Azken urteetako joerei erreparatuz gero, asko ugaritu dira Internet bidez egiten diren salerosketak. Egoera horretan sortu dute Goierriko Azoka plataforma digitala —Goierrikoazoka.eus—, eskualdeko ostalaritzaren, merkataritzaren, ekoizleen eta zerbitzuen sektoreak saretzeko erakusleiho birtuala. Espainiako Ecommerce enpresak egindako ikerketa baten arabera, 2015etik 2020ra hirukoiztu egin ziren Espainiako Estatuan online egindako erosketak. Azken urtebeteko datuak are esanguratsuagoak dira, 2020tik gaur egunera arte aurreko bost urteetan bezainbeste egin duelako gora kopuru horrek.

Josune Sesma Goieki Goierriko Garapen Agentziako komunikazio arduradunak dioenez, gaur egun oso presente daude joera berriak. “Ukaezina da Internet jendearen kontsumo ohiturak eraldatzen ari dela”. Iaz sortu zuten Goierriko Azoka proiektua, “pandemia betean”. Egoera hartan, gisa horretako proiektu bat martxan jartzea bururatu zitzaion eskualdeko ekintzaile bati. “Goiekin aurkeztu zuen ideia, eta, eskualdearen balioa eta lehiakortasuna handitzeko baliagarri zen proiektu bat zela iritzita, sustatzea erabaki genuen”

Proiektu hori garatzeko proposamena euren eskuetara iristerako, Goiekik martxan zeukan Berrabiarazi programa, pandemiak eskualdean utzitako egoera aztertzeko helburuarekin. Aipatutakoen artean, “digitalizazioaren erronka” izan zen gehien errepikatu zirenetako bat. Sesmak argi dauka: “Pandemia garaian online salmentek izan zuten boom horren erdian, Interneten ez zeuden negozio asko kaltetuak suertatu ziren. Argi gelditu da ezinbesteko bilakatu dela Interneten egotea”. Horren jakitun, plataforma digital bat osatzeko lanean hasi ziren.

Ekainaren 29an aurkeztu zuten proiektua. Oraingoz, 34 negozio atxiki dira bertara, baina etorkizunean gehiago batzea da sustatzaileen nahia. Eskualdeko negozio horiei Interneten ikusgaitasuna ematea da helburu nagusia, eta baita Goierriko zerbitzuen eta produktuen kalitatea herritar guztien eskura jartzea ere. “Eskaintza zabal hau ezagutarazita, gertuko pertsonen eta herrien alde egin dezakegu”, esan du Sesmak. Beste helburuetako bat da eskualdeko produktuak eskualdetik kanpo ere ezagutaraztea.

Digitalizazioaren erronka

Bi aukera dituzte Goierriko Azoka plataforma digitalera atxiki nahi duten negozioek: erakusleiho digitala eta salmenta digitala. Lehenengoaren kasuan, “negozio horren jarduna” erakutsiko dute webgunean; ordutegia eta kontakturako datuak. “Katalogo batean agertzea bezala da, baina modu digitalean”. Bigarren aukerarekin, erakusleiho digitalak eskaintzen duenaz gain, “bere produktuak modu digitalean saltzeko aukera” ere eskaintzen du. Erakusleihoak urteko 100 euroko kostua izango du negozioarentzat, eta salmenta zerbitzuak, 200 eurokoa, BEZa kontuan hartu gabe. Herri bakoitzeko udalak diru laguntza eskainiko du gastu horri aurre egiteko.

Lazkaoko Ana Cristina Olano Edergintza dendako Ana Cristina Olano da Goierriko Azoka osatzen duten 34 enpresarietako bat. Olanok “salmentak galtzeko beldurragatik” eta “atzean ez gelditzeagatik” erabaki du proiektuarekin bat egitea. Haren negozioan aurrez aurreko salmenta da indargunea, baina aitortu du “gero eta jende gehiagok” kontsumitzen duela Internet bidez.

Inguruko bezeroak

Olanok, oraingoz, ez du salmenta bakar bat ere egin Goierriko Azokaren bitartez. “Hemen ingurukoa da nire bezeroa, eta ez dakit etorkizunean asko salduko dudan plataforma honen bitartez, baina badaezpada ere hor egon beharra dago”, ondorioztatu du. Kontraesana dirudien arren, pandemiaren eraginez jendeak herriko dendetan erosteko “kontzientzia handiagoa” duela uste du Olanok. “Bi gauzak entzun dira asko: asko saldu dela Interneten, baina guk, herri txikietan, nabaritu dugu jendeak gehiago erosi duela bertako dendetan”.

Itsasoko Pott Keramikako Maite Salutregirentzat ere garrantzitsua da oso Interneten presentzia edukitzea. “Publizitatea oso garrantzitsua da, guk uste baino garrantzitsuagoa”. Interneten egoteak salmentetan baino gehiago harremanetan daukala eragina zehaztu du. “Erakusleiho hori oso beharrezkoa dela konturatu gara, eta talde moduan asko batzen dute Internet bidez sortzen diren sinergiek; garrantzitsuak dira elkar ezagutzeko eta inguruan zer daukagun ikusteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.