Nerea Allika: “Gure sektorea NArako argazki digitalak egiteko oso prestatuta dago”

Nerea Allika: “Gure sektorea NArako argazki digitalak egiteko oso prestatuta dago”

Miren Garate

Europak aginduta, nortasun agirietan zenbait segurtasun neurri gehigarri jarri beharko dituzte estatuek. Horren harira, Espainiako Gobernuak agiri berri bat prestatu du, digitala, sakelako telefonoan ere eraman ahal izango dena. Gaur egun, nortasun agiria egin edo berritu ahal izateko, norberak eraman behar izaten du argazkia. Gobernuaren asmoa zen aurrerantzean polizia etxeetan egitea argazkiak, baina, oraingoz, atzera egin du, argazkilarien sektoreak egindako presioagatik. Debako Allika argazki dendako arduraduna eta Asfogi Gipuzkoako Argazkilari Profesionalen Elkarteko zuzendaritzako kidea da Nerea Allika (Deba, 1970), eta esan du polizia etxeetan hasten badira argazkiak egiten denda askok itxi egin beharko dutela.

Nola dago kontua gaur-gaurkoz?

Momentuz, argazkia paperean eskatzen dute oraindik; ez dakigu noiz arte. Argazkilariak, argazkilaritzako materiala saltzen dutenak eta abar martxan jarri gara, eta lortu dugu errealitatea erakustea Espainiako Barne Ministerioari: askorentzat negozioaren zati handi bat osatzen dute nortasun agiriko argazkiek, eta, polizia etxeetan hasten badira argazkiak egiten, jende pila batek itxi beharko du denda. Askotan, gainera, karneteko argazkiak egitea ez da hain erraza —umeei eta—. Polizia etxeetan ere ez dute nahi horretan hasterik, tresneria jartzea, lanerako jende gehiago edukitzea eta abar eskatzen dizkielako.

Zer proposatzen duzue zuek?

Frantzian eta Alemanian, adibidez, gobernuekin akordioak egin dituzte: argazkilari profesionalek egiten dituzte argazki horiek, eta plataforma batetik bidaltzen dituzte polizia etxeetara, formatu digitalean. Nortasun agiria berritzera joandakoan, argazkia hor izaten dute, egiaztatzen dute zu zarela, eta kito. Gure sektorea NArako argazki digitalak egiteko oso prestatuta dago, ez dugu ezer berririk behar lan hori egiteko. Askoz sinpleagoa da haientzat, eta argazkilarioi gure lana egiteko aukera ematen digu.

Gidabaimena berritzeko argazkia ere jada ez da etxetik eraman behar izaten.

Eta zer gertatu da? Baldintza txarretan egiten dituztela argazkiak, argiztapenik gabe, kamera on batekin egin beharrean web kamera batekin… Esan zuten ez zituztela argazkiak kobratuko, baina tasak igo zituzten gero, eta azkenean bezeroak ez du ezer aurreratu. Orain ere esan dute jendeak aurrezteko aukera izango duela, baina hamar urtean behin ateratzen da nortasun agirirako argazkia; hau da, jendeari sekulako gasturik ez dio eskatzen, eta, bestalde, jende asko joango litzateke langabeziara. Horrelako arau bat martxan jarri aurretik, iruditzen zaigu normalena dela sektorearekin biltzea eta beste herrialdeetan nola egiten ari diren ikustea.

Gainerakoan, nola dago zuen sektorea?

Intrusismo handia dago gure ofizioan: profesionalak ez diren argazkilari asko aritzen dira asteburuetan-eta erreportajeak egiten, zergarik ordaindu gabe. Horrek izugarrizko kaltea egiten dio sektoreari, prezio irrealak ezartzen dituztelako. Intrusismo hori, gainera, ez dago ekitaldietan bakarrik; modan, produktuen argazkietan eta abarretan ere gertatzen da, eta zerbait egin beharko litzateke horren aurka.

Asko aldatu al da argazkilaritza sektorea azken urteotan?

Bai, eta sektorea oso ukituta dago, oro har. Eraldaketa digitala izan zenean, adin bateko jendeak ezin izan zion aurre egin. Gure dendak ehun urte ditu, hirugarren belaunaldikoa naiz ni, eta denda itxi behar izan duten argazkilari asko ezagutu ditut. Deban bertan, ni bakarrik nago, eta, adibidez, Mutrikun ez dago argazki dendarik. Zerbitzu gabe ari dira geratzen herriak.

Pandemiak nola eragin dio zuen sektoreari?

Dendak itxita eduki behar izan genituen konfinamendu garaian. Ekitaldi sozialek ere pisu handia dute gure negozioetan, eta ezkontzak, jaunartzeak eta halakoak oso motel doaz oraindik. Dena behar dugu aurrera egiteko; nortasun agirirako argazkiak beste diru sarrera bat dira guretzat, eta ez dugu nahi galtzerik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.