“Beharra zegoela erakusten digu izan duen harrerak”

“Beharra zegoela erakusten digu izan duen harrerak”

Aitziber Arzallus

Txaro Juaristik (Azpeitia, 1959) sortutako Emili arropa markak urtebete pasatxo darama merkatuan. Janzteko eta eranzteko zailtasunak dituzten eta besteren laguntza behar dutenentzako arropa sortzen eta saltzen du, bere ama zenaren izen bereko markapean. “Harekin bizitakoaren ondorio baita proiektua, eta baita hari omenaldia egiteko modu bat ere”. Urtebete honetan merkaturatu dituzten produktuek izan duten harrerarekin “oso pozik” dagoela aitortu du. Elle aldizkariak eta IE Business Schoolek negozio eredu berrien inguruan antolatutako lehiaketan bost onenen artean gelditu da Emili.

Nola sortu zitzaizun Emili arropa marka sortzeko ideia?

Gure amak, azkeneko urteetan, mendekotasun maila altua zuen, arropak janzten eta eranzten lagundu egin behar izaten genion, eta oso momentu zailak izaten ziren, estres handikoak, bai mendekotasuna duen pertsonarentzat, bai zaintzailearentzat. Eta izaten ziren egunak bizpahirutan egitea egokitzen zitzaigunak. Arropa erosoaren bila ibiltzen ginen, baina ez zegoen aukerarik, kapak eta horrelakoak bakarrik. Orduan sentitu genuen beharrari erantzuteko nahia dago Emiliren oinarrian, egoera horretan daudenek arropa eskura izan dezaten.

Nolakoak dira Emili markako arropak?

Enborra hodi bat balitz bezala josita daukate, burutik gerriraino erraz sartzeko moduan, eta sorbaldetatik eskumuturretaraino irekitzen eta ixten diren mahukak dituzte, belkroak erabiliz. Mendekotasuna duen pertsona ia mugitu ere egin gabe jantzi daiteke.

Modaz ezer ez zenekien honetan hasi aurretik. Lan handia izan al da buruan zenuen ideia hura hezurmamitzea?

Imajinatu ere ezin nezakeen egin zenbat lan eta zenbat lanketa desberdin egitea egokituko zitzaidan. Gainera, dena oso poliki joan da, denbora librea eta oporrak-eta baliatuz. Patroiak atera, neurriak egin, moztu, oihalak aukeratu, josi, hori dena ondo egingo duen jendea topatu, denekin harremanetan jarri, haiek koordinatu…. Gauza bat egitez bukatu eta beste bat egin beharra sortzen zitzaidan, eta horrela etengabe. Mundu bat da, orain arte erabat ezezaguna niretzat, eta egia da gauza asko ikasi ahal izan ditudala, eta horrek asko bete nauela.

Kanpoko gremioen laguntzaz gain, etxekoen laguntza ere izan duzu, ezta?

Etxekoen eta familiakoen babesa hasieratik izan dut, eta webgunea egiten eta horrelako gauzetan lagundu didate, ni ez bainaiz batere abila.

Emakumezkoentzako bi blusa eredurekin hasi zineten, baina pixkanaka eskaintza zabaltzen ari zarete. Zer asmo duzue aurrera begira?

Pixkanaka-pixkanaka produktu berriak ateratzea da gure asmoa. Gizonezkoentzako alkandorak ia prest ditugu, eta buruan beste ideia batzuk ere bai. Adibidez, etxerako arropa ateratzea izan daiteke aukeretako bat, edo gazteagoentzako arropa… Baina ikusiko dugu, poliki-poliki.

Nolako harrera izan dute orain arte merkaturatu dituzuen produktuek?

Oso harrera ona izan dute; denek esan dute asko gustatu zaizkiela, oso praktikoak direla. Beharra zegoela erakusten digu proiektuak izan duen harrerak.

Oraintsu, gainera, Elle Talent Project egitasmoko bost finalisten arten gelditu da Emili proiektua. Espero zenuten horrelakorik?

Inola ere ez; sekulako ustekabea izan da, eta aurrera egiteko egundoko indarra eman digu.

Nolatan aurkeztu zineten sariketa horretara?

Itxura denez, Elle aldizkariak eta IE Business Schoolek urtero antolatzen dute sariketa, negozio proiektu berriei laguntzeko helburuarekin. Alabak izan zuen horren berri, baina proiektua aurkezteak berak dezenteko lana eskatzen zuen, eta ez egitekotan egon ginen. Azkenean, ordea, jarri eta egin egin genuen. Nik ez neukan esperantzarik, baina handik hilabete batzuetara alabari deitu zioten hamar onenen artean geundela jakinarazteko, eta, handik gutxira, berriz, bost finalistetako bat gure proiektua zela esateko. Epaimahaiaren aurrean aurkezpena eta guzti egin behar izan genuen, nahiz eta azkenean beste proiektu batek irabazi zuen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.