Tomateari zuzendutako astea

Irailaren 6tik 12ra Tomatearen Astea antolatu dute Aretxabaletan, eta herriaren izen bera daukan barazkia izango da protagonista. Ortu lehiaketa eta erakusketa izango dira…

Beñat Alberdi

Bosgarrenez bueltan da Tomatearen Astea Debagoienera: irailaren 6tik 12ra izango da. Aretxabaletako Udalak eta Debagoiena Mankomunitateko Turismo Sailak atondu dute egitaraua, eta, besteak beste, baratze lehiaketa, erakusketa eta pintxo ibilbidea prestatu dituzte. “Tomatea ortuko altxorra izan ohi da, eta irabazita du bere tokia”, azaldu du Ana Eriz Debagoieneko turismo teknikariak.

2016an hasi zuten ekinbidea, eta, pandemia tartean izango ez balitz, seigarrena izan beharko luke aurtengoak. Aretxabaletan prestatu dute astea, eta Aretxabaleta tomatea izango du protagonista. Egitasmoaren xedeetako bat produktua Euskal Herriko mapa gastronomikoan kokatzea da, baina baita turismoa erakartzea ere. “Turismo plangintzaren barruan lantzen dugu Debagoieneko turismo gastronomikoa”, nabarmendu du turismo teknikariak. “Oinarri hartzen ditugu bertako produktuak, ekoizleak eta jatetxeak”. Horregatik, antzeko beste egun batzuk ere antolatu ohi dituzte, kasurako, txakolinarena.

Produktuen zerrenda egiten hasi zirenean atera zen bertako tomatea, eta haren kalitatea eta historia goraipatu nahi dituzte egitasmoaren bitartez. Adibide modura, Espainiako Estatuko tomate onenaren saria jaso berri du Aretxabaletakoak. Santa Cruz de Bezanan (Kantabria, Espainia) ospatu da azoka.

Hasiera, hitzaldi batekin

Tomatearen Astearen barruan, Marta Barba eta Marc Badalen hitzaldia izango da lehen jarduera: Aretxabaletako tomatea eta bere historia. Landutako bioaniztasuna zaintzeko ikaspenak izango dute hizpide, irailaren 9an, 18:30ean, Arkupe kultur etxean. Biek jardun dute tomatearen inguruan ikertzen. Barbak doktore tesia egin du Aretxabaleta tomateari eta beste hainbat tomateri buruz, antropologia ikuspuntutik. Badal, berriz, Haziera hazien artxiboaren arduraduna da.

Tomatearen Asteko beste jardueretako bat ortu lehiaketa izango da. Abuztuaren 5ean bukatu zen izena emateko epea. Eskualdean landatzeko dagoen joera eta tradizioa omendu nahi izan dituzte, beti ere, Aretxabaleta tomatearekin lotuta. “Ortu txukunak ikusten dira Debagoienan, ondo zainduak eta produktu askorekin”, adierazi du Erizek. “Omentzeko modu bat da lehiaketa”. Kontuan hartu dute, era berean, data ona dela ortuen luzimendurako. Izan ere, barazki asko izaten dituzte jasotzear garaiotan: tomateak, piperrak kalabazak, kuiatxoak, lekak, eta abar. Lehenengo urteetan Aretxabaleta, Leintz-Gatzaga, Eskoriatza eta Arrasatera mugatzen zen lehiatzeko aukera. Aurten, ordea, Debagoiena osora zabaldu dute; hots, Elgeta, Aramaio, Bergara, Oñati eta Antzuolara ere bai.

Baratzetan adituak direnek eta Aretxabaletako Udalak izendatutako beste hainbat pertsonak osatu dute epaimahaia. Izena eman dutenen ortuetatik pasatu dira, ea kalitate onenekoa nork daukan ikusteko. Teknikariak gaineratu du zenbait trikimailu ikusi dituztela urteotan emaitzak hobetzeko; esaterako, tomateak galdu ez daitezen. Hala ere, sekretu horiek nekazariaren eta epaimahaiaren artean gelditzen dira.

Tomate erakusketa

Irailaren 12a izango da Tomatearen Asteko egunik garrantzitsuena. Besteak beste, tomate erakusketa antolatuko dute. Edozein debagoiendarrek parte har dezake, beti ere, aurrez izena emanda Arkupen edo emailez —infoturismo@debagoiena.eus—. Gaur bukatuko da epea. Aurreko urteetan hamabosten bat lagun izan ziren.

Durana kalean egongo dira ikusgai tomateak, 10:30etik 13:00etara. Produktuak erosteko aukera ere egongo da. Tomateak izan ditzakeen mota ezberdinak erakutsi nahi dituzte erakusketan. Horregatik, Aretxabaleta tomateaz gain, bestelako aldaerak ere egongo dira: Igeldo, Isabel, zuria… Hain zuzen, aldaera gehien eramaten dituena sarituko dute, eta bertako produktuekin osatutako otarre bat jasoko du.

Egongo da sari berezi bat ere: tomate itsusiarena. “Barazkiaren formak ez dauka zerikusirik zaporearekin, eta forma guztietakoak omentzeko modua da”, dio Erizek. Erakusketan atal propioa izango du tomate itsusiarenak. Edozein aurkeztu ahal izango da, eta joandako guztiek bozkatu ahal izango dute zein iruditu zaien itsusiena, eta jabeak bertako produktuen saskia jasoko du.

Aretxabaleta tomatearen pintxo ibilbidea ere prestatuko dute. Baldintza bakarra osagai hori erabiltzea izango da. Hortik aurrera taberna bakoitzak osatu ahalko du nahi duen pintxoa. Aurreko urteetan, besteak beste, honako pintxoak prestatu izan dituzte: Aretxabaleta tomatea ogi xigortuan; tomate hostopila, gazta krema, urdaiazpiko xafla eta garaiko barazkiekin betea; edota tomate ozpin-olioa, gaztarekin eta martorri olioarekin.