“Emakumeei beren lekua eman nahi nien horrelako postuetan ere”

M. Ortega Zubiate

Gipuzkoako Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak emakumezko bat jarri du, lehen aldiz bere historian, lehendakaritzan: Nagore Azuabarrena (Donostia, 1979). Hark dio pausoa “naturalki” eman duela, baina, era berean, “emakumeari bere lekua emateko” asmoz.

Gipuzkoako Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargoko lehen emakumezko lehendakaria zara. Salto handia al da?

Niretzat ez da salto handia izan; lehen ere zuzendaritza batzordean egondakoa naiz, eta gero idazkari izan nintzen. Naturaltasunez lortu dut postu hori. Nire ustez, gaur egungo egoeraren adierazgarri da. Egia da obretan igeltseroak edo iturginak gizonak direla, eta zaila da pauso hori ematea. Baina nire lanbidean emakume asko gaude, eta emakume bat obra bateko exekuzio zuzendaria izatea ez da arraroa; bai, ordea, obratik kanpora. Aparejadoreen elkarteetako zuzendaritzetan denak gizonak dira.

Eraikuntza sektorea izaten ari den bilakaeraren adierazgarri al da zure izendapena?

Ez nuke esango nire izendapena errealitatearen adierazgarri denik zuzenean, baina bai egiten ari garen bidearena. Hau da, nik ez dut esan nahi berdintasuna eta parekidetasuna lortu ditugula, argi baitago oraindik gizonezkoak gehiago direla, baina ikusten ari naiz bidea egiten ari garela. Eta, leku guztietan bezala, obra batera joanez gero gizonezko batek bizi behar ez dituen kontuak ikusiko dituzu, ziur aski. Baina kontu isolatuak dira egun; lehen, errealitate orokorra.

Izendapen honek bidea irekiko du horrelako gehiago egiteko?

Baietz uste dut nik. Nik ez nuen inolako beharrik kargu hau lortzeko; idazkari bezala gustura nengoen. Nire nahia harago joan da: erakutsi nahi nuen emakumeak ere bagaudela lanbide honetan, eta, obran emakumeak izatea arraroa ez den bezala, horrelako postuetan ere normaltzat jotzea nahi nuen. Nik ez nuen postua hartzeko beharrik, baina emakumeei beren lekua eman nahi nien horrelako aginteko postuetan ere, eta horregatik onartu nuen.

Zein da emakumezkoen presentzia aparejadoreen sektorean?

Nahiko parekotasun dago eguneroko lanetan, nik uste. Baina urte luzez ikasle bakarrak gizonezkoak ziren. Esaterako, nire aita ere aparejadorea zen —orain erretiratuta dago—, eta haren klasean emakume bat baino ez zegoen. Urte askoz soilik gizonezkoen lan bat izan da, eta oraindik asko gelditzen dira lanean. Horregatik diot bidearen isla bat dela nire izendapena. Gure klasean emakumezko gehiago ginen, baina hori normaltasunera eraman arte denbora pasatu behar da. Gaur egun, ikasketetan, parekotasun batean gaudela uste dut; egongo dira urte batzuk emakumezko gehiagorekin eta beste batzuk gizonezko gehiagorekin, baina nahiko pareko egongo gara ziurrenik.

Gainera, gure lanbidean, arkitekturarekin alderatuta, zailagoa da parekidetasuna izatea: gurea obra hutsa da, agindu egin behar da, eta hor emakumezkoak polikiago joan dira sartzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.