Obrak badu emakume aurpegia

Obrak badu emakume aurpegia

Maria Ortega Zubiate

Lanean hasi nintzenean, ez zegoen nire tamainako kaskorik, denak handiak geratzen zitzaizkidan. Eta obrako botekin, berdin: txikienak 39 tailakoak ziren, eta nik 36 behar nuen. Ez zegoen ezer guretzat”, dio Make Txokarrok (Azkoitia, 1943). Arropen tamainak txikikeria irudi lezake, eraikuntza bezalako “sektore maskulino” batek emakumeekiko izan zezakeen arroztasuna erakusteko, baina nahiko adierazgarria izan daiteke emakumeak sektorean duen edo zuen leku sinbolikoa ikusteko.Txokarrok ondo ezagutu du lanbidea; 1968an eman zuen izena Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialean, eta duela zazpi urtera arte obretan aritu da, aginduak ematen. Emakumezko elkargokide nagusiena da; hain zuzen ere, 2018an omendu zuten horregatik. Ia bizi osoa hauts eta erregela, bota zikin eta plano artean pasatu eta gero, sektorean aldaketak sakonak izan direla ondorioztatu du. “Baina emakumeentzat ez da asko aldatu. Duela 50 urte kezkatzen gintuzten gai berberei buruz hitz egiten dugu orain ere”.

Buruarekin baietz dio Maddi Amonarrizek (Tolosa, 1990). Hark ere jantzi izan du obrako kaskoa, eta egun aparejadoreen elkargoko zuzendaritza batzordeko kide ere bada; kiderik gazteena. Hain zuzen ere, aurten lehen aldiz, emakumezko bat izendatu dute elkargoko lehendakari: Nagore Azuabarrena; eta zuzendaritza batzordea ere inoizko parekideena da: erdi eta erdi dira emakumezkoak eta gizonezkoak.

Beste garai batekoa da Txokarro, elkargoko zuzendaritza batzordean emakumezko bakarra zegoenekoa; bera, hain zuzen ere “ez zegoen-eta besterik!”. Ia 50 urteko tarteak banatzen ditu bata eta bestea, baina historiaren joan-etorriak ez du horrenbesteko eraginik izan sektorean duten tokian. Bizipenak kontatzen hasi, eta antzerakorik ere kontatu dute. “Gertatu izan zait obrara joan eta, gazte aurpegia dudanez, ofizialek goitik behera begiratzea; pentsatuko balute bezala ‘umemoko hau zer ari da guri agintzen?’. Zuzenean ez didate ezer esan, baina batzuetan nabaritzen duzu ez dutela horrenbeste kasu egiten”, esan du Amonarrizek.

Txokarroren kontakizunak esplizituagoak dira, Amonarrizi ez bezala, berari zuzenean esan baitiote hori ez dela bere tokia. Horrelako istorio ugari ditu; gogoan du oraindik, graduatu berritan, aparejadore bezala lanik egingo ez zuela esan zion irakaslearen aurpegia. “Agian, pamela jantziko banu, lan egiterik izango nuela esan zidan”. Edota “emakume batekin” neurketarik egingo ez zuela esan zion obrako arduradunarena. Baina Txokarrok, beti “oso erantzunkorra” izan denez, “orain konturatu zara emakumea naizela? Bada, oso ondo: neurketarik egin ezean ez duzu kobratuko”, erantzun zion.

Atzean geratutakoak

Kontakizun eta istorio horiek ez dira kasualitatearen ondorio, hori argi dute biek. Eraikuntzaren sektorean emakumezkoek izan duten presentzia eskasaren ondorio direla diote, Txokarrok hori “geroz eta gutxiago” dela argi badu ere. Datuek erakusten dute hori: bere klasean %10 ziren emakumezkoak, 3.000 ikasletik 35; Amonarrizenean ikasleen erdiak emakumezkoak ziren.

Baina aldaketa hori berriki gertatu dela dio Txokarrok, unibertsitatetik kanpora oraindik ez direla parekideak zifrak; graduazioko toga jantzita, ehuneko hori iraultzen dela, alegia. “Gainera, askok egiten zuten gradua, eta bulegoetan bukatzen zuten, beste sektore bateko lanetan. Administrazioan lan egiteko egin zuten gradua?”, dio Txokarrok.

Horrelakorik egun ere badagoela ikusten du Amonarrizek; aparejadoreen lanbidean bertan ere bai oraindik: “Nik uste dut hori oraindik badagoela: emakumeak bulegoetan gehiago eta gizonezkoak obran”. Uste du hori sektore publikoak eskaintzen duen segurtasunari egotz dakiokeela.

Amatasunaren itzala

Emakumearen lekuaz ari dira hizketan bi aparejadoreak, eta, bueltan-bueltan, beste lanbide maskulino askotan azaldu ohi den gaia agertu da hemen ere: amatasuna.

Amonarriz haurdun dago, baina horrek bere jardun profesionalean eraginik izan ez dezan nahi du. “Ama izateak, zenbaitetan, zure ibilbide profesionala mozten du; oraindik emakume gehiagok hartzen dituzte baimenak gizonezkoek baino. Nire kasuan, ez dut baimena eskatu nahi; lanean jarraitu nahi dut, ni izaten jarraitzeko. Bestela, badirudi ama izatea dela nire izaera bakarra”. Horregatik, batzordekide izateko eskaera umedun zegoela heldu zitzaionean, zalantza izan eta gero baiezkoa ematea erabaki zuen. “Hasieran zalantza izan nuen, baina gero baiezkoa ematea erabaki nuen. Emakumeoi sarri gertatzen zaigu aurrera ez egiteko aitzakiak aurkitzea, eta besteei bidea zabaltzeko ere egin nuen hautu hori”.

Txokarrok ere ez zuen baimenik eskatu; ia-ia bajarik ere ez: zortzi hilabeteko zegoela utzi zuen obra, eta zesarea egin eta hilabetera han zen berriz lanean, kaskoa eta bota handiak jantzita. “Autonomoa zarenean, ez duzu ezer, ez bajarik, ez ezer”.

Parekidetasuna lortzeko bidea luzea da oraindik solaskideen ustez. Baina gizarteak, oro har, eta zehazki elkargoak izandako bilakaerarekin hori aldatu daitekeela uste du Amonarrizek.

Svetlana Aleksievitx idazleak Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuten emakume sobietarren testigantzak eta eremu zeharo maskulino hartan izandako arazoak jaso zituenean “oinetakoen neurria 35. Gerrako jantzigintza-industriak ez zituen, noski, horrelako neurri eskasetako produktuak ekoizten (…) 42ko neurriko botak eman zizkidaten”, gerrak emakume aurpegirik ez duela ondorioztatu zuen; eta, hain zuzen ere, izen horixe eman zion gero Literaturako Nobel Saria irabaziko zuen liburuari. Eraikuntzan ere, emakumeak borrokarik egin behar izan du bere tokia aurkitzeko, baina denborak erakutsi du obrak baduela emakume aurpegirik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.