Pandemiak “antsietate handiko uneak” eragin dizkio lautik bati

Pandemiak “antsietate handiko uneak” eragin dizkio lautik bati

 

COVID-19ak zer ondorio sozial eta ekonomiko nagusi ekarri dituen jakiteko asmoz, ikerketa bat egin dute Gipuzkoan, foru aldundiak aginduta. 2.000 herritarrek parte hartu dute, aurtengo apiriletik uztailera bitartean, eta antsietate edo arrisku sentsazioa izan dutenen kopurua da txostenean nabarmentzen diren emaitzetako bat: herritarren erdiek aitortu dute “neurri txikian” bada ere arrisku edo antsietate sentsazioa izan dutela; %25ek “antsietate eta arrisku sentsazio handiko” momentuak bizi izan dituztela zehaztu dute. Bostetik batek “oso bakarrik edo nahiko bakarrik” sentitu dela adierazi du. Emakumeek, 40 urte baino gutxiago dituztenek eta arazo ekonomikoak dituzten herritarrek izan dituzte batik bat halako sentipenak.

Joan den ostiralean jakinarazi zituen inkesta horren emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiak, EHUren Udako Ikastaroetan. Ondorio ekonomikoei dagokienez, parte hartu dutenen %30ek baino gehiagok esan dute gutxienez familiako kide batek izan dituela galerak diru sarreretan edo lanaldian. Hamar etxetik batean, gainera, kideren batek lana galdu du azken hilabete hauetan. Ohiturak ere aldatu ditu izurriak: %40k ikus-entzunezko gehiago kontsumitu eta bideokonferentziak sarriago egiten dituzte orain; lehen baino kirol gutxiago egiten dutela esan dute %30ek; eta elikadura ohiturak %13,1ek bakarrik aldatu dituzte onerako.

5etik gorako nota

Erakundeen kudeaketari buruz ere galdetu diete herritarrei azterketa soziologikoan: erdiek baino gehiagok esan dute COVID-19ren aurka hartutako neurriak “oso beharrezkoak” zirela, eta %33,1ek “nahiko beharrezkoak”. 5etik gorako nota eman diete Eusko Jaurlaritzari (5,9), Gipuzkoako Foru Aldundiari (5,7), udalei (5,9) eta Espainiako Gobernuari (5,4).

Etorkizunera begira, %15ek baino gutxiagok uste dute aldaketa asko izango direla beren etxean; alabaina, lan esparruan aldaketa handiak espero dituzte %30ek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.