Poltsikotik jendaurrera

Poltsikotik jendaurrera

Aitziber Arzallus

Herri bateko gasolindegi bat. Bi lagunek lan egiten dute han. Lankideak dira, lantokian ezagutu zuten elkar, eta denbora daramate elkarrekin lanean, baina batak bestearekin ez du zerikusirik. Geroz eta bezero gutxiago dituzte, eta negozioa oso gaizki doa, alboan gasolindegi moderno horietako bat zabaldu dutelako. Eguna joan eguna etorri, beti kontu bera. Baina, halako batean, monotonia hori hautsiko duen zerbait gertatuko da. Pakete bat iritsiko zaie, ez dute jakingo nork eta nondik bidali dien, baina bizitza hankaz gora jarriko die, eta beraien arteko harremanean ere eragina izango du horrek. Besterik ezin dezake kontatu Esti Curielek (Zumaia, 1986): “Hortik aurrerakoa jakin nahi duena, etor dadila emanaldi batera”. Bete ingoiau izena du antzezlanak, Curielek eta Goiz Eder Iturainek sortu dute, eta hilaren 25ean estreinatuko dute Donostiako 30. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian.

Curiel eta Iturain herrikideak dira, eta aspalditik ezagutzen dute elkar, baina sekula elkarrekin lanik egin gabeak ziren. “Herrian egiten diren gauzatxoetan askotan parte hartu izan dugu elkarrekin, baina profesionalki edo serioski sekula batera jardun gabeak ginen”, zehaztu du Curielek. Iazko udan, konfinamenduaren ondoren, Iturainek proposamena egin zion Curieli. “Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketako deialdia martxan zela, eta elkarrekin zeozer aurkezteko prest nengoen galdetu zidan”. Orduan erein zuten argia ikustear den obraren hazia litzatekeena.

Elkartu eta buruari bueltaka hasi ziren, zer egin nahiko zuketen pentsatzen. “Istorioa gasolindegi baten bueltan kokatzea erabaki genuen, egunerokotasunaren monotoniak harrapatutako bi pertsonaiarekin”. Gasolindegi bat leku ona iruditu zitzaien, joan-etorri handiko lekua izateak jokoa eman ziezaiekeelako, nahiz eta gero proiektua aldatuz joan den. “Bete ingoiau jarri genion izenburua, eta bidali egin genuen, espektatiba handirik gabe, egia esateko”. Eta bueltan, “sekulako ustekabea”: epaimahaiak bigarren saria eman zion proiektuari; antzezlana ekoizteko eta garatzeko 3.200 euro, eta jaialdian obra taularatzeko aukera. “Eta behin saria jasota, lanean hasi behar”.

Ohi baino beranduago

Berez, otsail-martxoan egin ohi dute Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia, baina, pandemia dela eta, atzeratu egin zuten aurtengoa. Kontua da jaialdi horretako emanaldiak Donostiako tabernetan-eta izaten direla, ez antzokietan. Antzerkia herritarrengana gerturatzeko helburuarekin, berez antzerkirako ez diren lekuak agertoki bihurtzen dituzte egun batzuez; horregatik behar dute izan tamaina txikiko obrak, tokian tokiko baldintzetara egokitzeko errazagoak direlako. Otsailean jaialdia gauzatzea ez zuten bideragarri ikusi antolatzaileek, pandemiari aurre egiteko ostalaritzan indarrean zeuden murrizketek tarteko, eta orain egitea erabaki dute, egoerak zertxobait hobera egin duelako.

Hori dela eta, Curielek eta Iturainek denbora dezente izan dute antzezlana atontzeko, eta tarte horretan Zutani Teatroa konpainia ere sortu dute, proiektua borobiltzeko. “Urte guztian jardun dugu inprobisazioak egiten eta sortzen zitzaizkigun ideiak gordetzen, eta gerora jarri ginen testua idazten”, azaldu du Curielek. Testu bat baino gehiago idatzi dituzte, baina behin betikora iristeko bide horretan funtsezkoa izan dute Elena Iruretaren eta Ahizpea Goenagaren laguntza. “Antzezlanari norabidea ematen lagundu digute: zer bai, zer ez, zer baztertu, zertan sakondu…Nahiz eta antzezlana guk sortu dugun eta ideiak gureak izan diren, oso ondo etorri zaizkigu haien aholkuak”.

Proiektua aberasten

Eta laguntzaile gehiago ere badituzte inguruan. “Antzezlana zutik jartzen hasi garenean konturatu gara kanpo begirada hori beharrezkoa dugula beste esparru batzuetan ere, eta Inazio Tolosa ari zaigu muntaketarekin laguntzen”. Ane Garciak, berriz, antzezlanerako koreografiak lantzen lagundu die. “Azkenean, gu ari gara sortzen, baina aldi berean ari gara inguruan ditugun artistei eta lagundu ahal diguten guztiei laguntza eskatzen, horrek guztiak antzezlana bera aberastu egiten baitu”.

Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian lau emanaldi egingo dituzte. Estreinaldia hilaren 25ean izango da Intxaurrondoko Sagastieder plazako karpan, 20:00etan hasita; urriaren 1ean, Añorgako Antxon Ayestaran gunean ariko dira, 19:30ean hasita; urriaren 2an Groseko Katalunia plazako karpan, 20:00etan hasita; eta urriaren 10ean Amarako Easo plazako karpan, 20:00etan hasita. Hortik aurrera, ahalik eta bide luzeena egitea eta obra ahalik eta leku gehienetan erakustea nahiko lukete, izan baliabide askorik gabeko aretoak, izan antzoki handiak. “Sortzen hasten garenean askotan gertatzen zaigu zerbait txikia egiten hasi eta traste pila batekin bukatzea. Oraingoan, ordea, txikia izan behar zuen ezinbestean, eta horrek dituen abantailak aprobetxatu nahi genituzke”.

Ekoizpen handiekin iritsi ezin duten lekuetara ailegatzeko aukera polita izan daitekeelakoan daude. “Badaukagu gogoa herri txikietako aretoetara-eta joateko, nahiz eta argiztapenari dagokionez-eta ez egon prestatuta”. Antzezlana bera ere horrelako lekuetarako aproposa dela uste du Curielek. “Pentsaraztera bultzatzen duen istorioa da, baina aldi berean umoretsua; eta normalean antzerkia iristen ez den lekuetarako primerakoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.