“Egoiliarrek pertsonok dugun tratu normala behar dute”

M. Ortega Zubiate

Gipuzkoako egoiliarren sendia biltzen duen Gipuzkoako Senideak elkarteko bozeramaile berria da Nekane Saenz de Cabezon (Donostia, 1967). Bi urte daramatzate asteroko elkarretaratzeak egiten, egoitzetako “egoera salatzeko”. Orain bide bat zabaldu dela dio.

Bi urtean, aldatu dira aldarriak?

Aldarri bertsuekin jarraitzen dugu: langile gutxi daude, eta horrek egoiliarrekin duten tratua okertzen du. Egoiliarrek, beste edonork bezala, zuzeneko tratua behar dute; pertsonok behar dugun tratu normala, ez beti korrika eta presaka.

Mobilizatzen jarraitzen duzue.

Asteartero elkartzen gara. Orain aldaketa da ez garela elkartu Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren parean, Domusvi Berra egoitzaren parean baino, bertan egon diren egoera larri batzuk salatzeko asmoz. Beste hainbat egoitzatan bezala, neurrigabeko bakarraldiak bizi izan dituzte han, eta zenbait egoiliar larri heldu dira ospitalera. Bestalde, familien parte hartzea indartzearen alde eta egoitzetako lan gatazkan langileei babesa adierazten jarraituko dugu; hilaren 23an eta 24an mobilizazioetan izango gara.

Zuek ere aldundia interpelatu duzue. Erantzunik jaso duzue?

Pandemia dela eta, badirudi bide bat zabaltzen hasi dela; elkarte batzuekin harremanetan jarri, egoera aztertu, eta horri konponbidea emateko bidea egiten hasi da. Espero dugu bide horretatik jarraitzea.

Asteroko elkarretaratzeez gain, bestelako mobilizaziorik aurreikusi duzue?

Elkarretaratzeak zenbait egoitzaren aurrean egitea aurreikusi dugu. Momentuz, hori egingo dugu, baina horrek ez du esan nahi egoera jakin batean ez dugula bestelako ekintzarik antolatuko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.