ELAk eta LABek beste bi greba egunera deitu dute Gipuzkoako zahar etxeetan

ELAk eta LABek beste bi greba egunera deitu dute Gipuzkoako zahar etxeetan

Maria Ortega Zubiate

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek beste bi greba egun izango dituzte datorren astean; irailaren 23an eta 24an. Hiru urteko borrokan, ELA sindikatua bakarrik hasieran eta orain LABekin batera, “sektoreko hitzarmen duin bat” aldarrikatzen ari dira patronalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Igandekoarekin 252 greba egun izango dira guztira; denak jarraian jarriz gero, zortzi hilabetetik gora.

Arnasa luzeko gatazka da egoitzetako langileena. “Ez da lan gatazka bat bakarrik; gatazka feminista eta sozial bat dago ezbaian”, esan du Txomin Lasa ELAko kideak. Izan ere, sektorean lanean ari diren gehienak emakumezkoak direla kontuan hartuta, egungo egoera “sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio” dela salatu du Leire Ormazabal LABeko kideak.

Horri pandemiaren eragina batu behar zaio. Izan ere, azken urte eta erdian, izurriaren arreta bereganatu dute zahar etxeek: 1.400 hildako baino gehiago izan dira Hego Euskal Herriko egoitzetan. Horrek neurri zorrotzak eta protokolo zurrunak ekarri ditu egoitzetan, eta eraginik izan du langileengan ere. “Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan”, adierazi du Ormazabalek.

Horiek horrela, bi sindikatuek lan hitzarmen kolektiboa onartzea dute helburu; hori da gatazkari amaiera emateko “behin-behineko baldintza nagusia”, Ormazabalen esanetan. Eta, horretarako, lan kargak arintzeko eskatu diote diputazioari, egoiliar bakoitzari behar duen atentzioa eskaintzeko denbora izan dezaten. Hortaz, ratioak jaistearen beharra azpimarratu dute.

Ohiko aldarriei beste bat gehitu zaie azkenaldian: gutxieneko zerbitzuak errespetatzea. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuek azken greba egunetan salatu dute aldundiak %100eko gutxieneko zerbitzuak jarri dituela, eta, ondorioz, langile askoren greba eskubidea “urratu” duela. Horixe esan du, hain zuzen ere, Lasa ELAko kideak: “Gutxieneko zerbitzuak jaistea eskatzen dugu, greba egin ahal izateko, eta, ondorioz, gure borrokak aurrera egin ahal izateko, eta horrekin, konponketa hurbilago izateko”.

Publifikazioaren beharra

Egoitza askoren arazo nagusia sektore publikoaren eta pribatuaren artean egotea dela ondorioztatu dute bi sindikatuek. “Sektore honetan diru publiko asko sartzen da, eta horiek enpresetara doaz. Enpresa horietan, askotan, administrazioko eta alderdi politikoen inguruko jendea egoten da”, esan du Lasak. Eta diputazioak eta patronalak horretan duten “erantzukizun osoa” azpimarratu du Ormazabalek: “Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dute”.

Horrela, egungo zaintza eredua aldatzea jarri dute iparrorratz. “Gure helburua, batez ere, publifikazioa lortzea da, enpresak kentzea, haien helburu bakarra etekinak ateratzea delako. Etekinak ateratze horretan erabat galtzen dute iparra, eta berdin zaie langileak eta egoiliarrak nola dauden”, esan du Lasak.

Ormazabalek ere ildo beretik azaldu du LABen asmoa: “Ezinbestekoa da gizarte zerbitzuen sistema bere osoan berrantolatzea, guztiok dugulako bakoitzaren beharretara egokitzen diren zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidea, baita zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa ere”.

Baina hori lortu bitartean, hasierako aldarrikapenek mahai gainean jarraitzen dute, eta, horretarako, jendeari mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diote: “Gizartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala handitzeko momentua da”, Ormazabalen hitzetan.

Gizarteari eta eragileei egin diete deia, eta egoitzetako senideek jada jakinarazi dute joango direla; hain zuzen ere, Gipuzkoako Senideak elkarteak ere berriz abiatu ditu asteroko mobilizazioak, “egoitzetan bizitzen ari diren egoera larriak salatzeko”.

Zaintzak aitortzea

Bi sindikatuek protesta eta mobilizazioetara deitu dute greba egunetarako, baina ELAk besterik ere antolatu du: Zaintzaldia izena eman diote ekinbideari, eta, izenak berak dioen bezala, zaintzaren garrantzia azpimarratzeko asmoa du. Egitaraua oraindik ez du itxia, baina duela bi urte antolatutakoaren hariari jarraitzea nahi du sindikatuak. Honela azaldu du Lasak: “Duela bi urte, hiru eguneko kanpaldia egin genuen Saguesen [Donostia], eta gure festibal alternatiboa antolatu genuen han: zaintzaren inguruko eta joera sozialeko filmak proiektatu genituen, eta halako ekintzak antolatu. Era berean jarraitu nahi dugu”.

Aurten, osasun egoera ezohikoak eraginda, kanpalekua jartzea ezinezkoa izango dute. Hala ere, orduko “eredua” mantendu nahi dute, eta, horregatik, aukeratutako datak ez dira kasualitatea. Izan ere, duela bi urte izandako kanpaldiak eta aurtengoak bat egingo dute Donostiako Zinemaldiarekin, eta uste dute horrek “izarren bat” gerturatzen lagunduko duela. Horrelaxe izan zen azkenengo aldian, 2019an. “Aurreko kanpaldian Ken Loach zinema zuzendaria etorri zen. Gainera, Europako filmik onenaren saria eman zioten, eta guri eskaini zigun. Oso polita izan zen, ibilbide luzea izan duen zuzendari bat baita; batez ere, arlo sozialeko filmak egin izan ditu. Orain ere, gure helburua da Zinemaldiko baten bat ager dadila”, dio Lasak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.