Gogoratu, etorkizuna batera irudikatzeko

Gogoratu, etorkizuna batera irudikatzeko

Maria Maya Manterola

Joan Sebastian Elkanok munduari bira eman ziola 500 urte beteko dira datorren urtean; 100 urte, Getariak lehorreratzearen lehen irudikapena egin zuenetik. Herria dagoeneko hasi da 2022ko ekitaldiaren lehenbiziko prestakuntza lanetan, berezia izango baita efemeridea. Aldi berean, ospakizun horren inguruan hausnartzeko parte-hartze prozesua aurkeztu berri dute Getariako Udalak eta Elkano fundazioak. Atzo egin zuten ekitaldi publikoa, Getarian bertan.

Orain ari dira jasotzen Elkanoren inguruan egindako ikerketen fruituak, eta uzta esku artean dutela egin nahi dute gogoeta, Ibon Gereka Getariako Udaleko Parte-hartze zinegotziaren arabera. Hain zuzen, Elkano fundazioaren asmoa izan da ezagutza berria sortzea, ezagutza gizarteratzea eta saregintza sustatzea, eta ateratako ondorioekin egingo dituzte etorkizuneko lehorreratze ekitaldietan aldaketak. Datorren urteko lehorreratzearen antolaketa martxan dago jada. “Ahal bezain laster txertatuko ditugu aldaketak”. Azken lehorreratzeetan ere egin dituztela aldaketak, baina nabarmendu dute herritarrekin batera egin nahi dutela orain bide hori.

Prozesuan herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, eta prozesu hori gizarteratzeko ekitaldia izan zen atzokoa. Fundazioarekin eta udaleko ordezkariekin batera, aurkezpenean izan zen prozesuaz arduratuko den Prometeako talde teknikoa ere, eta Elkano hezurmamitu zuen Beñat Aristi aktoreak lehorreratzeetan ere hark antzezten du pertsonaia hori, eta Kresala dantza taldearen emanaldiek borobildu zuten aurkezpena.

Urteotako irakaspenak

Beñat Gereka bideogile eta argazkilari getariarrak ere bere alea jarri zuen, orain arte egin diren lehorreratzeen argazkiekin. Izan ere, udalaren arabera, orain arte lehorreratzean parte hartu duten getariarrei beren esker ona adieraztea da abiatzera doazen parte-hartze prozesuaren oinarria. “Ezinbestekoa da iraganari begirada kritikoz begiratzea mundu berri baterako norabidea hartzeko”, esan zuen Haritz Alberdi alkateak. Ildo horretan, Elkanoren, mundu biraren eta bidaiaren inguruan ikasi eta jaso duena izan zuen hizketagai alkateak. Besteak beste, aipatu zuen Elkano getariarra eta euskalduna zela, itsas merkataria, eta haren proiektua lana egin eta dirua irabaztea zela, maila sozialean gora egiteko. Mundubiraren antolaketaren inguruan, bestalde, beste hainbat aurkikuntza egin dituzte azken urteotan. Bidaia antolatzea portugaldar baten ideia izan zela aipatu zuen Alberdik, baina egiaztatu ahal izan dute bidaia horretan 35 euskal marinel —tartean, Elkano— eta hiru euskal ontzi izan zirela. Alberdik uste du hori ez dela kasualitatea, Euskal Herriak itsasoarekin zuen loturaren ondorio logikoa baizik.

Bidaia hark “jendearen askotariko ametsak ezagutarazteaz gain”, sufrimendua sortu zuela esan zuen alkateak: “Bidaiaren antolatzaileek pentsatzeko eta jarduteko zuten modua ezagun zaigu: menpekotasunarena. Hori ere aitortu behar dugu”.

Hitzaldia amaitzeko, herritarren arteko elkarrizketan egin zuen azpimarra Alberdik: “Beharrezkoa da lehorreratzea bezalako herri ondarea nola bizi dugun partekatzeko, baina, batik bat, beharrezkoa da etorkizuna nola irudikatzen dugun adosteko”. Horregatik guztiagatik, alkateak uste du “gaurko bizitzeko eretatik, gaur egungo betaurrekoekin eta momentuko kodeetatik” eraikiko dela “auzolan kolektibo horren izena eta izana”.

Gogoratu eta hausnartu, bat

Elkano fundazioa bat dator Alberdiren hitzekin, “gogoratzea hausnartzea baita”. Ikerketa berrien emaitza esanguratsuenak plazaratu zituzten fundazioko kideek atzoko ekitaldian. Hain zuzen, Euskal Herriak itsas kulturarekin izandako lotura aipatu zuten, eta emakume itsastarrek egindako askotariko lanak ere gizarteratu nahi izan zituzten; besteak beste, arrain salmentan, garraioan, zamaketan eta kaien mantentze lanetan aritu ziren emakume haiek.

Bestalde, “iraganaren gaurkotasunaz” aritu ziren. Mundu moderno eta globalizatuaren hasiera baita lehen mundu bira: “Egungo munduaren oinarriak hor daude: aditu batzuen ustez, hor daukagu kapitalismoaren hastapena, sineskeria batzuen desagerpena eta bestelako gizakiekiko elkar ezagutza”. Prometeako talde teknikoak gidatuko du parte-hartze prozesua, eta, hitzorduak iragartzearekin batera, herritarrei haietara joateko gonbidapena egin zieten.

Atzoko ekitaldia amaitzeko, Aristi aktorea oholtzara igo zen berriz ere, oraingoan Elkanoren jantziak erantzita. Modu horretan irudikatu nahi izan zuten herria izango dela aurrerantzean nabigatzailea nahi bezala hezurmamituko duena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.