Ikasle pisuen “buruhaustea”

Ikasle pisuen “buruhaustea”

Maria Ortega Zubiate

Irail erdia jada gaindituta, ikasturteak martxan ditu motorrak; unibertsitateak ere hasi dira ikaslez betetzen. Donostiako eta unibertsitateak dituzten Gipuzkoako beste zenbait herritako —Aretxabaleta, Arrasate, Eskoriatza, esaterako—, kaleak hasi dira gaztez eta ez hain gaztez betetzen, astelehen goizak eta ostiral arratsaldeak maleten gurpilen zarataz atontzen, eta, batez ere, eta ezinbestean, herriko eta hiriko pisuak ikaslez betetzen.

Unibertsitateko ikasturte hasierako postala osatzen dute azken horiek, udako oporren amaierarena; urtero errepikatzen da. Baina horretara heltzeko bidea, sarritan, ez dute erraza izaten ikasleek. “Askotan, buruhauste bat da pisua aurkitzea” , dio Errapel Ibarloza EHUren Gipuzkoako Campuseko Ikasleen, Mugikortasunaren eta Kirolen arloko zuzendariak. Etxea bilatzeko prozesua aurreko ikasturtearen bukaeran hasten da, Ibarlozak azaldutakoaren arabera, ikasleak beren artean antolatzen baitira taldeak osatu eta pisu bat alokatzeko. “Baina berandu datorrenari —irailean, esaterako— oso zaila egingo zaio pisu bat topatzea. Nazioarteko programetako ikasleei gertatzen zaie hori askotan”.

Pisuak aurkitzea ez da lan erraza, beraz. Eta, horregatik, ikasle askok lehen urtean egoitzetara joatea erabakitzen dutela dio Ibarlozak: “Lehen mailan, jendea eta lekua ezagutzen ez dutenez, ikasle asko joaten dira horretarako prestatutako egoitzetara, Donostian egoitza asko ez badaude ere”. Unibertsitatea duten beste hiri batzuetan adina egoitza dauden arren, Donostian badaude zenbait egoitza pribatu, baita EHUrekin hitzarmena duen bat ere: Manuel Agud Querol egoitza. Ibarloza buru den zuzendaritzan ez dute pisura eta egoitzara doazen ikasleen ehunekorik, baina aipatutako egoitza horretan ikasleen erdiak baino gehiago EHUkoak direla azaldu du.

Ikasle horietako bat izan zen, Donostian lehen aldiz izan zenean, Julia Martinez. Tecnum Donostiako Goi Ingeniaritza Eskolan antolakuntza industrialeko ingeniaritza ikasteko heldu zen, eta lehen bi urteak egoitza batean egin zituen, ez zuelako inor ezagutzen. Horregatik soilik ez, ordea, egoitzak alde onik ere baduela azpimarratu du: janaria prestatzen dietela ikasleei, eta ez dutela horren ardurarik hartu behar. Alde horretatik erosotasunak handiak direla dio.

“Baina graduko hirugarren urtean pisura joan nintzen, klaseko lagunekin bizi eta askatasun handiagoa izateko. Egoitzan ez ziren oso zorrotzak ordutegiekin, baina pisuan nik nahi dudanean sartu eta irten naiteke”, azaldu du Martinezek. Etxebizitza batean hirugarren urtea du aurten, gradua bukatu eta adimen artifizialeko masterra hasi baitu. “Pisukideak unibertsitatean ezagutu ditut. Hasieran egoitzan geunden, eta lagun taldea eratu genuen; talde horrexek jarraitu dugu gerora pisuak hartzen”.

Ibarlozak aipatutako zailtasunik izan du Martinezek pisua aurkitzeko orduan. Etxe agentzien zerbitzuetara jo behar izan zuen behin, eta beste bi urteetan beren kabuz aurkitu dituzte, ezagunen bidez, baina prozesua ez da erraza izan, hirian eskaintza handirik ez dagoela baitio Martinezek: “Donostian pisua aurkitzea oso zaila egin zait, kalitateari eta prezioari begira ondo dauden oso pisu gutxi daudelako. Turismorako etxebizitza ugari daude, eta apartamentuak egonaldi laburragoetarako prestatu dituzte. Baina ikasleei alokatzeko etxeetarako kalitate gehixeago behar da. Gainera, jende kopuruaren arabera asko zailtzen da aurkitzea; onena hiru lagun izatea dela uste dut, birekin zaila delako merke aurkitzea, eta lauzpabost lagunentzako ez daude etxe asko”.

“Gabeziari” aurre egiteko

Etxeak aurkitzea, beraz, ez da lan samurra ikasleentzat, eta hori badakite unibertsitateek. Horregatik, ez dira bakanak prozesu hori arintzeko egindako saiakerak. UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Unibertsitatea.net webgunean badute atal bat etxe edo pisukide bila dabiltzan ikasleek iragarkiak jar ditzaten: “Bereziki, ikasle garaian pisu bila ari direnei begira eginda dago, baina, pisu bila daudenek zein pisua eskaintzen dutenek, biek jartzen dituzte iragarkiak”. Zuriñe Etxanobek eman du azalpena, UEUko zerbitzuaren arduradunak.

Haien lana horixe da, iragarkiak jartzea eta gero horiek sare sozialen bidez hedatzea. Eta, datu zehatzik ez badu ere, jendeak pisua “nahiko erraz” lortzen duenaren irudipena du Etxanobek: “Noizean behin mezuak bidaltzen dizkigute, pisua aurkitu dutela esanez eta iragarkia webetik kentzeko eskatzeko”.

Antzeko zerbitzua eskaintzen du EHUk, Ostatu izeneko aplikazioaren bitartez. Ibarzola bera da zerbitzu horren arduraduna. “Hor gabezia bat dagoela ikusi genuen”, azaldu du, eta horri nolabaiteko konponbide bat emateko jarri zuten martxan Ostatu aplikazioa. Horren bitartez harremanetan jartzen dituzte etxeen jabeak eta etxe bila ari diren ikasle, ikertzaile eta irakasleak. EHUkoek ere jabeak eta ikasleak harremanetan jartzen dituzte, baina, kasu honetan, harago doa haren eskaintza: etxe agentzia baten antzeko lana egiten dute, pisuak eskaintzen dizkiete ikasleei, baina ez dute parte hartzen alokairuko kontratua zehazteko prozesuan. “Guk ziurtatzen dugu eskaintzen ditugun etxe guztiak lege partetik ondo daudela, tasak ordaintzen dituztela eta erabilgarri daudela”. Baina, hortik aurrera, EHUk ez du beste esku hartzerik egiten; haren lana ez doa harago. Horrek estatistikak ateratzea zailtzen die, eta, horregatik, ez dakite Ostatu aplikazioaren bitartez zenbat ikaslek hartu duten pisua.

Halako zerbitzu batekin heldu zen Xabier Iriarte Aretxabaletara, Mondragon Unibertsitatera. Han, etxe agentzia baten zerbitzua eskaintzen die unibertsitateak ikasleei: Arrasateko Gertu etxe agentziarekin jartzen ditu harremanetan, eta harekin egiten dute etxea bilatzeko prozesua.

Iriartek, Ikus-entzunezkoen Graduko lehen maila hasi aurretik, unibertsitatearen mezu bat jaso zuen: “Mezu elektroniko bat bidali zuten, eskuragarri zeuden zenbait pisuren eskaintzekin; herrian bertan eta unibertsitatetik nahiko hurbil. Esaten ziguten gure artean elkartzeko, pisukideak bilatzeko, eta laguntza eman ziguten pertsona gehiagorekin elkartzeko”.

Hori duela lau urte izan zen, eta oraindik pisu horretan jarraitzen du Iriartek, lehenengotik lau urteko kontratua sinatu baitzuten etxearen jabearekin. Etxea aurkitzea nahiko afera neketsua denez, lehenengotik bertan geratzea erabaki zuten. “Ezagutu ditugu lagun pila bat pisua lortzeko zailtasun handiak izan dituztenak, eta batzuek ez dute aurkitu ere egiten. Horregatik, behin etxea aurkituta eta bertan gustura gaudenez, erabaki genuen pisua lau urtez alokatzea, lasaiago ibiltzeko. Gainera, jabearekin harreman ona dugu”.

Prezio ez hain eskuragarriak

Pisuen eskaintza, beraz, ez da hain zabala, ikasleek berek esaten dutenez; ez behintzat haien ezaugarrietara ondo moldatzen diren pisuen artean. Baina, sarritan, are gutxiago moldatzen da haien egoera ekonomikora jabeek pisuaren alokairuagatik eskatzen duten prezioa. Gainera, prezioek gorabehera handiak dituzte. “Ez da gauza bera Donostian Antiguan, unibertsitatetik gertu, edo Altzan hartzea pisu bat”, azaldu du Ibarlozak. Hiritik kanpo, ordea, prezioak ez dira horrenbeste igo.

Batez beste, 300 bat euro eskatzen dituzte logelako. Hala dio Ibarlozak, EHUren Gipuzkoako Campuseko ikasleen zuzendariak. “Egoitzen kasuan, garestiagoa izan daiteke, batzuetan 1.000 eurora arte ere hel litezke eta”.

Hark kalkulatutako pisuen batez besteko preziotik gora ordaindu izan du Martinezek. “Aurten bi gara pisuan, eta 900 ordainduko dugu guztira; 450 euro buruko. Iaz hiru ginen, eta 1.100 ordaintzen genuen; 366 ordaintzen nituen nik orduan. Bost ginenean, 1.600; 320 bakoitzak”. Merkeen ordaindu duenetan ere, 300 euroen langa gainditu du Martinezek. Zifra hori, lehen esan bezala, hirian dauden pisu turistikoei egotzi dio; “Donostian pisu turistiko ugari daudenez, prezioak asko igotzen dira”, esan du unibertsitate ikasleak, eta uste du horrek gainontzeko alokairuen prezioetan eragina duela.

Bestelakoa da Iriarteren kasua. Haren pisua ez dago hiriburu batean, ezta hiri batean ere; herri txiki batean dute, eta horrek badu eragina ordaintzen duten kopuruan. “Gure kasuan, hiru lagunek buruko 200 euro ordaintzen ditugu hilabetean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.