“Jardueraren errentagarritasun falta da arazo nagusia”

30 urte egin ditu Enba sindikatuak. Egun, behien sektorea ikusten du okerren Iraolak, esne behiak dituztenak nahiz haragitakoak dituztenak. Banatzaileek ez ezik kontsumitzaileek ere badutela erantzukizuna dio.

Miren Garate

Asteazkenean bete zituen 30 urte nekazarien Enba sindikatuak, eta Enba: 30 urte, 1991-2021, baserritar profesionalak babesten lelopean ospatu zuten urteurrena. Xabier Iraola koordinatzailearen esanetan (Legorreta, 1966), pandemiaren eraginez, bertako produktuek garrantzia hartu dute, baina oraindik ere prezioari begiratzen zaio gehien.

30 urte bete ditu sindikatuak. Urte hauen zer balorazio egiten duzue?

Zatiketa batetik sortu zen Enba. EHNE bakarrik zegoen orduan, eta jende batek pentsatu zuen, batetik, baserritar profesionalen interesak alboratzen ari zirela, eta, bestetik, estrategia politikoa estrategia sektorialari gain hartzen ari zitzaiola. Horiek izan ziren sorrerako bi gakoak. 30 urteren ondoren, uste dugu gure helburu nagusia dela gizartearen eta administrazioaren aurrean baserritar profesionalen lana aldarrikatzea eta haiek babestea. Kontuan izan behar dugu antolatzeko modu asko dituela sektoreak: sindikatuak, kooperatibak, gestio etxeak, txakolin elkarteak, sagardozaleak, basozaleak… Bakoitzak bere lan eremuan jorratzen ez dituen gai transbertsalak lantzeko, interes guztiak elkartzeko eta ahots komun bat plazaratzeko beharra dago, eta hori lortu dugula uste dut.

Gaur egun, nolako harremana duzue EHNErekin?

Harreman ona dugu. Urteen poderioz ikusi da baserrietan dagoen aniztasuna zilegi dela, eta momentu hauetan giro jatorra dugu. Bakoitza bere ikuspegiarekin, lehentasunekin, lan egiteko erarekin eta abar, baina azken urteotan gai askotan ari gara elkarlanean.

Urteurrenerako Enba: 30 urte, 1991-2021, baserritar profesionalak babesten leloa aukeratu duzue. Zer nabarmendu nahi duzue “profesionalak” aipatuta?

Argi utzi nahi dugu baserritar profesionalak ez duela esan nahi baserritar handia. Profesionala izateak esan nahi du lanak ondo egitea, eta horrek eskatzen du prestakuntza izatea, arretaz lan egitea, denbora eskaintzea, inbertsioak egitea, eta abar. Horiek guztiek bat egiten dutenean, normalean baserritik bizi den jendearengana iristen gara. Batzuek jarduera bat baino gehiago dituzte; mistoak esaten diegu guk. Gure lehentasun nagusia baserritik bizi direnak dira, baina badakigu lehen sektorean mistoak ere ezinbestekoak direla. Beraz, profesionala izateaz ari garenean, gauzak ondo egiteaz ari gara, jarduera bakarra izan edo gehiago izan.

Asteazkenean egin zenuten ospakizun ekitaldia, eta, besteak beste, Nekazaritza Politika Bateratuari (NPB) buruzko mahai ingurua egin zenuten. Gipuzkoako nekazarien ezaugarrientzat egokia al da politika hori?

Gune menditsuetako abeltzaintza oso zaila da, gastu handiak ditugulako ekoizpenerako. Gure ustialekuak, batez beste, 10-15 hektarearen bueltan ibiltzen dira, eta NPBaren laguntza guztiak hektarea kopurura ari direnez zuzentzen, zailtasunak ditugu. Iruditzen zaigu NPBak ez dituela behar adina lehenesten mendiko abeltzaintza eta nekazaritza.

NPBko diru laguntzek zenbateko garrantzia dute Gipuzkoako baserritarrentzat?

Handia. Batez beste, diru sarreren %20 inguru NPBtik jasotzen dute ekoizleek. Beti esaten dugun bezala, baserritarren nahia da diru sarreren %100 merkatutik lortzea, baina ikusten da ezinezkoa dela. Eta batzuetan, merkatutik jasotakoari diru laguntzak gehitu, eta, hala ere, ez da nahikoa izaten aurrera jarraitzeko. Jardueraren errentagarritasun falta da arazo nagusia: merkatua dagoen bezala dago antolatuta, eta jendeak elikadura osasuntsuari eta gertuko elikadurari ez dio behar adinako garrantzirik ematen.

Pandemia hasi zenetik hona, nabaritu al duzue joera aldaketarik?

Bai. Bertako produktuek garrantzia hartu dute, baina jendeak nahi du bertakoa izatea, modu jasangarrian ekoiztea, animalien ongizatea zaintzea eta langileen eskubideak errespetatzea, baina hirugarren munduko prezioak ordaintzea, eta hori ez da posible. Prezioak baldintzatzen du erosketa oraindik.

Orain aste batzuk esnearen prezio apala salatzeko atera zineten kalera. Zer sektore ikusten dituzu okerren?

Behiekin aritzen direnak, esnetako behiak dituztenak nahiz haragitakoak dituztenak. Esnearen egoera zein zen esan genuen: %92 banaketan saltzen da, hortik %56 marka txuria da, eta erdia 60 zentimo azpitik saltzen da. Banatzaileak badu erruaren zati bat, esnea amu gisa erabili izan duelako bezeroak irabazteko, baina argi dago kontsumitzaileek ere badutela erantzukizuna. Jendea denda horietara joaten da erostera, eta guretzat oso zaila da haietatik ihes egitea: esne makinak eta beste aukera batzuk badaude, baina jendeak ez ditu erabiltzen, eta kendu egin dituzte gehienak. Helburua da 10 zentimoko igoera lortzea, eta marka zuria gutxienez 70 zentimoan egotea.

Eta haragi sektorean?

Harakin txikiak desagertzen ari dira, eta geratzen direnetan ere prestatutako produktuak-eta saltzen dira gero eta gehiago, behi haragia ez hainbeste. Harakinez aparte, banatzaileak daude, eta horietan ez ditugu prezio txukunak lortzen.