“Aurretik egindako lana erakusteko bultzada dira halako diru laguntzak”

O. Enzunza Mallona

Karramarroa deituriko pertsonaiaren azalean jarri da Eneritz Artetxe aktorea (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1972) Dxusturi teatroaren Lakoste antzezlanean. 50 urte inguruko emakume bat da Karramarroa, “bitxia, mihiluzea eta zorrotza”. Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XI. deialdiko irabazlea izan zen iaz, eta, urtebeteren ondoren, gaur izango da estreinaldia Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian.

Karramarroa deituriko emakume baten rolean jarri zara Lakoste antzezlanean. Nolakoa da pertsonaia hori?

Pertsonaia deitzen diot, baina, egia esan, ez dakit pertsonaia gisa uler daitekeen. Nire alderik sarkastikoena ateratzen uzten didan maskara bezalako bat da. Hau da, ez da norbaitekin identifikatu daitekeen zerbait; zabalagoa da.

Nondik sortu zitzaizun halako pertsonaia bat sortzeko ideia?

Karramarroa deituriko aurreko antzezlanaren jarraipen bat da Lakoste. Nolabait esateko, bakarkako ibilbidearen garapen moduko bat izaten ari da. Obra horretan zerbait aurkitu nuen, nire alde sarkastikoa askatasunez garatzeko bide bat. Ondorioz, nire bufoiaren bilaketa moduko bat ari da izaten. Pixkanaka, gero eta gehiago ari naiz zehazten, eta gero eta gehiago ari da garatzen pertsonaia hori.

Zein gai landuko dituzu?

Hausnarketa moduko bat izango da, publikoari zabaltzen diodan gogoeta moduko bat. Betiere, distantziatik eta ironiaz egindakoa. Umorezko antzezlan bat izan arren, gai garrantzitsuak lantzen dira, eta testuak badu sakontasuna. Besteak beste, normala edo anormala izatearen kontua. Hutsalak ez diren gaiak landuko dira, baina, umorez eginda dagoenez, jendeak barre egingo du. Hau da, forma aldetik jolasa da, baina egitura aldetik, gai sakonak landuko dira.

Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XI. deialdiko irabazlea izan zinen antzezlan horrekin. Espero zenuen sari hori?

Egia esateko, ez. Deialdi horren aurretik, hainbat diru laguntzatara aurkeztu nuen proposamen hori, eta denetan ezezkoa jaso nuen. Hala ere, aurkezten nuen bakoitzean, proiektua zorroztuz joaten nintzen, eta, agian, Poltsiko Antzerki Sorkuntzara aurkeztu nuenerako proiektua zehatzagoa zen. Hortaz, oso pozik nago.

Zer esan nahi du zuretzat halako sari batek?

Bultzada bat da. Halako diru laguntzei esker, emanaldi batzuk ziurtatuak dituzu, eta, ondorioz, erakusleiho txiki bat da, egindako lana erakusteko bultzada bat.

Gaur arratsaldean izango da estreinaldia. Urduri?

Urduri baino gehiago, gogotsu nago. Bere garaian urduritasun handia izan nuen, ez nekielako publikoak nola erantzungo zuen, baina, oro har funtzionatzen duela ikusi nuenez, gogotsu nago lan berria jendaurrean erakusteko.

Dxusturi Teatroa Busturialdean antzerkia sustatzeko eta gauzatzeko helburuarekin sortu zenuen. Zer-nolako esperientzia ari da izaten?

Oso aberasgarria. Ibilbide hori beka bati esker abiatu nuen, eta esperientzia zoragarria da. Beste batzuentzat lan egitea ere gustuko dut, baina honek aukera ematen dit nire ezinegonak, kezkak, zalantzak eta abar nondik nora doazen ikertzeko. Gogorra da, erantzukizun handia eskatzen duelako, baina, aldi berean, autonomia handia ematen dizu. Zure proiektu propioa izateak jakin-min handiagoa du, zure estilo propioaren bila zoazelako.

Euskarazko antzerkigintzari merezi duen balioa ematen zaio?

Nire ustez, kulturak oro har ez du leku bat gure eguneroko bizitzetan. Ohiz kanpoko zerbait bezala hartzen da. Kulturan, esparru batzuek beste batzuek baino ospe handiagoa dute, baina euskarazko antzerkigintza ez da batere ezaguna. Nire ustez, antzerkiaren hizkuntza ulertzea ere falta zaigu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.