Errespetatzeko, ezagutu

Errespetatzeko, ezagutu

Onintza Lete Arrieta

Junkal Cepeda irundarra da, eta 34 urte ditu. Metro eskas neurtzen du, gorreria du, eta, kristalezko hezurrak dituenez, gurpil aulkian ibiltzen da. “Betidanik arazoak izan ditut nire bizitzan”, eta horregatik erabaki du Aniztasunetik Eraikiz programan parte hartzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmo bat da, eta helburua da ikasle gipuzkoarren artean “estereotipoak gainditzea eta gorroto mezuen aurkako jarrerak sustatzea”. Aurtengo ikasturtean hasi eta hiru ikasturtez jarraian, herrialdeko zazpi ikastetxetan landuko dute gaia. Horretarako, hamabi pertsonak beren testigantzak emango dizkiete nerabeei; besteak beste, Cepedak.

Aste honetan aurkeztu dute egitasmoa, prentsaurreko batean, eta Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak proiektuaren testuingurua hizpide izan du: “Uda honetan ikusi dugun moduan, egungo gizartean tamalez gertatu egiten dira giza eskubideen aurkako jarrerak, eraso homofoboak eta arrazistak. Lurralde irekia eta modernoa gara, baina ez gaude horrelako jarreretatik libre. Erne egon behar dugu bizikidetza, kohesioa eta elkartasuna desagerrarazi nahi dituzten joera populista eta atzerakoiei aurre egiteko”.

Foru zuzendariak azpimarratu du “hezkuntza eta balioen transmisioa lanabes ezin hobeak” direla horretarako. “Gazteentzat esperientzia aberasgarria izan daiteke askotariko errealitateekin kontaktu zuzena edukitzea, haiei erreparatzea eta, gogoetatik abiatuz, konprometitzea”.

Gambrak azaldu du ikastetxeetan migratzaileen, dibertsitate funtzionala duten herritarren, LGTBI komunitateko kideen eta gutxiengo etnikoen errealitatearen berri emango dutela. Proiektuan parte hartuko duten ikasleak nerabeak izango dira; DBHko bigarren mailatik hasita, urte bakoitzean lan ildo bat jorratuko dute, eta zenbait gaitasun garatzeko ariketak proposatuko dituzte: aniztasuna eta enpatia lehen urtean, giza eskubideak eta partaidetza bigarrenean, eta gorroto mezuak eta sormena hirugarrenean.

Gambrak esan du ikasleek gizartearen “aniztasuna ezagutu eta baloratu dezaten bide berri bat ireki” nahi dutela, “diskriminazioaren eta gorroto mezuen aurkako jarrerak sustatuz eta giza eskubideekin lerrokatutako gogoetak sorraraziz”.

Bakardadea arintzea

Cepedak, esaterako, badaki zer den nerabezaro zaila edukitzea. “Nire itxura erabat desberdina izan da beti, eta gurpil aulkian mugitzen naiz. Imajinatu 13 urterekin beste neskak nolakoak ziren eta ni nolakoa nintzen. Dena izan da desberdina niretzat: harremanetan, lagunartean, mutil-laguna edukitzeko edo ez edukitzeko… Asteburuan lagunak diskoteketara edo zinemara joaten ziren, eta nik ezin nuen, irisgarritasun arazoengatik askotan. Bakarrik sentitzen zara, bakarrik zaudelako; garai zaila da, eta hutsunea sentitzen duzu”.

Ikasleei badu zer kontatua. “Bizipen asko ditut. Eta uste dut nerabezaroa benetan etapa garrantzitsua dela, eta ezagutu behar dituztela besteen bizipenak, desberdinak direnen bizipenak. Nerabeek ez badute ezagutzen desgaitasuna duen inor, oso zaila da ulertzea zer oztopo ditugun egunerokoan”. Desgaitasuna daukan neraberen bat aurkituko balu, berriz, argi du laguntza eskainiko liokeela. “Baldin badaukazu zure arazoak eta sentipenak norekin partekatu, senti dezakezun bakardadea arindu egiten da”, iritzi dio Cepedak.

Irundarraren ustez, garrantzitsua da ikasleekin horrelako proiektuak lantzea, helduak direnerako entzun eta ezagut ditzaten beste era batekoak direnen bizipenak eta gizartean dagoen aniztasunaz jabetu daitezen.

Aniztasunetik Eraikiz egitasmoak duen beste helburuetako bat ere azpimarratu du Gambrak: dioenez, gazteek beren auzo eta herrietara begiratu eta inguruan ikusten dituzten egoerak eraldatzeko konpromisoa har dezaten saiatuko dira. “Giza eskubideekiko konpromisoa bultzatu nahi dugu ikasleen artean; eragile aktibo bihurtu nahi ditugu”.

Komunikazio kanpaina

Saioen ardatza testigantzak izango diren arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak oinarrizko materiala prestatuko du urtero. Ikasmateriala berbera izango da ikasle guztientzat, baina jarduerak ikastetxearen edo herriaren ezaugarrietara egokitzen saiatuko dira.

Foru zuzendariak azaldu duenez, hiru urteetan landutakoarekin, gazteek edukiak sortu eta garatuko dituzte komunikazio kanpaina baterako. Halaber, Gambrak gogorarazi du diputazioak partaidetza prozesua zabaldu duela aurten, Giza Eskubideen eta Aniztasunaren II. Foru Plana egiteko. “Populismo xenofoboa zabaltzen ari den garaiotan, beharrezkoa da balio demokratiko eta integratzaileekin erantzutea. Programa hau lagungarri izan dadila Gipuzkoan berdintasunaren, giza eskubideen eta demokraziaren aldeko herritar multzo jabetu eta aktiboa eraikitzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.