“Gizakiari sortzen zaizkion pitzadurak adierazi nahi ditut”

“Gizakiari sortzen zaizkion pitzadurak adierazi nahi ditut”

Maria Ortega Zubiate

Euskal literaturak badu izen berri bat: Olatz Mitxelena Larreta (Oiartzun, 1989). Beasaingo Igartza saria irabazi berri du —udalak, CAFek eta Elkarrek antolatzen dute—, Arrakalak narrazio bilduma proiektuarekin, eta, horrela, bere lehen liburua kaleratzeko aukera izango du, urtebeteko epean. Albistea jakinarazi eta astebetera, oraindik “zurrunbilo” batean dagoela dio Mitxelenak, “kokatzeko” dituela burua eta gorputza. Telefonoz erantzun die Gipuzkoako Hitza-ren galderei, “pare bat hilabetez” kanpoan izango baita. Hori ez da oztopo izango idazteko, jada ari baita liburuko pasarte berriak idazten. Arestian, idazteko bere tokia eta isiltasuna behar zituen; egun, leku zaratatsuenetan abstraitzeko gaitasuna garatu duela dio.

Igartza saria irabazi, eta lehen aldiz publikatuko duzu liburu bat. Bertigoa ematen du?

Tarteka zerbait idatzi izan dut, testuren bat, baina gutxi. Honek bertigoa ematen du, noski, liburu bat izango delako eta gauza berri asko izango direlako bat-batean. Urtebeteko epean liburu hau argitaratzea erronka handia da niretzat. Nire burua gogotsu ikusten dut, baina ezin jakin epea pasatu arte egin ahal izango dudan. Konfiantza badut, baita gogoa ere; hori da garrantzitsuena.

Lau kontakizun aurkeztu zenituen sariketara, baina gehiago izango dira liburuan?

Bai, gehiago izango dira, ziur. Baliteke, gainera, bukaerako bertsioan aurkeztutako lauretako baten bat kanpoan geratzea; hori ez dakit oraindik. Gehiago idatzi beharko ditut. Ari naiz pixkanaka bilduma osatzen, baina kalkulatzen dut hamalau-hamabost kontakizun izango direla.

Behin baino gehiagotan galdetuko zizuten zergatik aukeratu duzun narrazio bilduma bat idaztea eleberri baten ordez. Zergatik narrazioa eta ez eleberria?

Kazetariekin dudan harremana nahiko berria da, baina baten batek galdetu dit hori egun hauetan. Idatzi izan dudanean, beti egin ditut ipuinak edo testu laburrak, horixe da buruan dudan ideia idazterako orduan. Ez zait burutik pasatzen eleberririk idaztea. Bestela gertatzen zait ipuinekin: erakargarria egiten zait ipuinaren forma, sor dezakeen jolasa, eta idazteko orduan interesgarria egiten zait.

Arrakalak izena eman diozu proiektuari. Zer nahi duzu irudikatu horrekin?

Gizakiari, norbanakoari sortzen zaizkion pitzadurak irudikatu nahi izan ditut; kontraesanak, edo barruko borrokak. Batzuetan esaten da lokatzetan bizi garela, edo hanka bat dugula lokatzetan sartuta; krak egiten duen puntu hori adierazi nahi dut, norbanakoaren kasuan zein gizakien arteko harremanetan.

Gai handiak landu behar dituzu liburuan: amatasuna, zahartzea, heriotza…

Bai, uste dut bizitzaz ari naizela idazten, eta horregatik gai handi horiek.

Beraz, gogoeta bat da bizitzaz? Horregatik kontraesan horiek?

Hori da. Bizitzarekin batera datoz kontraesanak, eta ipuin hauek horiei leku bat egiteko aukera bat direla iruditzen zait. Bizitzako hainbat kontuz egiten ari naizen hausnarketa bat da.

Sariaren aurkezpenean aipatu zenuen bi begirada uztartu nahi dituzula: iluna eta argitasuna. Errealitate gordina umorez kontatu duzu?

Ez dakit hainbeste hautu bat den edo horrela ateratzen zaidan; azken hori dela esango nuke. Egia da gaia edo ikuspuntua aukeratu ditudala, bizitzako kontraesan horiek jarri ditudala muinean; bizitza bera, azken finean. Baina uste dut natural ateratzen zaidala tarteka irribarretxoren bat ateratzeko erara idaztea, fantasiak egiten duena. Gaia gogorra izan daiteke, baina forma jolastia izatea nahi nuke.

Fikzioa egingo duzu, baina errealitatetik asko du, orduan?

Bai. Aurkezpeneko prentsaurrekoan kazetariek aipatu zidaten gaur egun kontakizun errealistak ohikoagoak direla, eta nireak asko jotzen duela fantasiara. Erantzun nien nire fantasia edo surrealismo puntu hori badela errealitatera hurbiltzeko era bat. Distantzia hartu errealitateaz hobeto hitz egin ahal izateko; errealitatearen hiperbole bat egiten dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.