Hamazazpi konpainia ariko dira Poltsiko Antzerkiaren Donostiako 30. Jaialdian

Hamazazpi konpainia ariko dira Poltsiko Antzerkiaren Donostiako 30. Jaialdian

Olatz Enzunza Mallona

Ez gelditzea. Horixe izan da Jon Aizpurua Donostiako Kultur Ekintza saileko zuzendariaren aurtengo xedea: “Pandemiak hainbat ekitaldi bertan behera utzi baditu ere, Donostia Kulturan oso garbi geneukan aurrera jarraitu behar genuela”. Eta, asmo horretatik tiraka, 32 antzerki emanaldirekin dator aurtengo Poltsiko Antzerkiaren 30. aldia. Osasun krisiaren eraginez, otsailetik irailera atzeratu dute festibala, baina, egungo segurtasun neurrietara egokituz, jaialdiak berezkoa duen izaera informalari eutsi ahal izan dio. Leku itxietan egin beharrean, hiriko auzoetako zenbait enparantza eta aretotan egingo dituzte emankizunak, gaur hasi eta urriaren 10era bitarte. Emanaldi guztiak doan izango dira.

Formatu txikiko antzezlanak hiriko auzo guztietara eramaten ditu urtero festibalak, eta, hain zuzen, horrek egiten du berezi jaialdia. “Ikuslea antzokietara gerturatu beharrean, antzerkia hurbiltzen da ikuslearengana; ohiko jarraitzailea ez den publikoarengana iristea da jaialdiaren helburua”, nabarmendu du Aizpuruak. Horrez gainera, hirian “kultur giroa” sustatu nahi dute.

Aurten, segurtasun neurrietara egokitu behar izan dutenez, programazioaren zatirik handiena aire zabaleko karpetan egingo da. Hala ere, asteburuero-asteburuero, karpa hori lekuz aldatuko da: lehen asteburuan Intxaurrondoko Sagastieder plazan egongo da karpa; hurrengo asteburuan, Groseko Katalunia plazan; eta azken asteburuan, berriz, Amarako Easo plazan. “Aurten, jaialdia aurrera eramateko modu desberdin bat planteatu behar izan dugu, baina publikoak berdin gozatuko du”, dio Aizpuruak.

Karpetan eskainitako emanaldiez gainera, beste espazio batzuetan ere eutsiko dio jaialdiak programazioari. Besteak beste, Martuteneko Etxarriene zentroan, Igeldoko ikastetxean, Doka antzokian, Añorgako Antxon Ayestaran gunean eta Bidebietako Kontadores zentroan. “Helburua beti izan da jaialdia Donostiako auzo guztietara zabaltzea”. Hala ere, datorren urtera begira, egunerokotasunean halako ikuskizunak hartzen ez dituzten espazioetara itzultzea espero dute: “Salbuespen gisa hartutako erabakia da aurtengoa, baina espero dugu, datorren urtera begira, aurreko urteetako espazioetara itzultzea”.

Programazioan askotariko lanak biltzen saiatu dira aurten ere, Kultur Ekintza saileko zuzendariak azaldu duenez: “Aniztasun handia dago; denetarik egotea nahi genuen: magia, txotxongiloak, bakarrizketak, musika…”. Hizkuntzari dagokionez, “oreka” mantendu dute: hamaseina saio izango dira euskaraz eta gazteleraz. Generoari dagokionez ere, “nahiko banaketa parekatua” izatea lortu dela azaldu du.

Aurten, orotara, hamazazpi konpainiak parte hartuko dute, eta jaialdiak iraungo duen hiru asteburuetan 32 emanaldi eskainiko dituzte. Aizpuruaren hitzetan, “itxaropen handiak” dituzte aurtengo jaialdirako: “Formatua aldatu badugu ere, uste dugu jendeak eskertuko duela halako eskaintza. Denetarik dago, eta jendeak askotariko aukera du”.

Azken emanaldia urriaren 10ean izango da, eta, bezperan, jaialdiari amaiera emateko festa egingo dute Easo plazan, iluntzeko zortzietan. Nerea Arriolak eta Ion Martinez Txiki-k euren bakarrizketak plazaratuko dituzte, eta Las Fellini Bilboko kabaretak Show de transtornismo ikuskizuna eskainiko du.

Aurten, bi estreinaldi

Aurten ere, Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XI. deialdian irabazle eta finalista izan diren taldeek parte hartuko dute jaialdian. Formatu txikiaren esparruan euskarazko obrak bultzatzeko antolatzen du lehiaketa hori Donostia Kulturak, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan. Izan ere, Aizpuruaren hitzetan, “oso urria” da, oro har, formatu txikiko eta ertaineko esparruan dagoen euskarazko lanen eskaintza: “Garrantzitsua iruditzen zaigu formatu txikiko antzerkiak euskaraz izatea, eta lehiaketa honen bitartez helburu hori lortu nahi dugu”.

Obra sarituak 4.000 euroko laguntza jasoko du, eta finalistak, 3.200 eurokoa. Sari horren bitartez, antzezlanak garatzen eta ekoizten lagunduko da.

Aurten, 11 proposamen jaso dituzte guztira, eta horietatik bi aukeratu dituzte: Dxusturi teatroaren Lakoste antzezlana izan da irabazlea, eta Zutani teatroaren Bete ingoiau finalista. Biak ala biak Donostiako jaialdian estreinatuko dituzte.

Eneritz Artetxe aktorea Karramarroa deituriko 50 urteko emakume baten rolean jarri da Lakoste antzezlanean, eta emanaldiak irauten duen denboran askotariko gaiak landuko ditu: familia estandarra, menopausia, artisten mundua… Orotara, lau emanaldi egingo ditu Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren barruan: gaur Intxaurrondoko Sagastieder plazan izango da, bihar Igeldoko ikastetxean, urriaren 3an Groseko Katalunia plazan, eta urriaren 8an Martuteneko Etxarrienea zentroan.

Esti Curielek eta Goiz Eder Iturainek elkarrekin sortu duten lehen antzezlana da Bete ingoiau. Gasolindegi batean lan egiten du bikote protagonistak; lankideak dira, eta negozioa oso gaizki doa, alboan gasolindegi moderno horietako bat zabaldu dutelako. Hala ere, egun batean, monotonia hautsiko duen zerbait gertatuko da: pakete bat iritsiko zaie. Pakete horrek bi protagonisten bizitza hankaz gora jarriko du, eta elkarren arteko harremana ere aldatu egingo da. Antzezlan horrek ere lau emanaldi izango ditu: bihar Intxaurrondoko Sagastieder plazan egongo dira, urriaren 1ean Añorgako Antxon Ayestaran gunean, urriaren 2an Groseko Katalunia plazan, eta azkenik, urriaren 10ean Easo plazan.

Bi horiez gainera, euskarazko beste zenbait lan ikusi ahal izango dira. Tartean, Hackerrak , Hamar urte on the road eta Me Too. Poltsiko Antzerki jaialdiaren urteotako bilakaera “oso ona” izan duela nabarmendu du Aizpuruak. Pixkanaka-pixkanaka, jaialdiak “gero eta zale gehiago” dituela azaldu du, eta hori “pozgarria” da, haren hitzetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.