Martin Esnaola: “Ditudan auto guztiak martxan jartzea da nire asmoa”

O. Enzunza Mallona

Hiru hamarkada inguru daramatza Martin Esnaolak (Aduna, 1961) ibilgailu klasikoekin jolasean. Lanetik atera, eta “ia egun guztia” igarotzen du autoen inguruan, konpontze zein berritze lanak egiten. Gaur egun, hamahiru auto klasiko dauzka Esnaolak, eta denbora librea baliatzen du horiekin zeharkaldiak egitera ateratzeko.

Nondik datorkizu auto klasikoen zaletasuna?

Egia esan, duela 30 urte inguru hasi nintzen auto klasikoekin zaletzen. Garai hartan, jendeak ez zien autoei garrantzi handirik ematen, eta askok, autoa apurtutakoan, txatarretarako eramaten zuten, berria erosteko. Nire kasuan, lehengo autoak asko gustatzen zaizkidanez, gorde egiten nituen.

Noiz erosi zenuen zure aurreneko auto klasikoa?

1995 aldera. Niri Seat 124 markako autoa gustatzen zitzaidan, eta, halako batean, etxe baten alboan utzita aurkitu nuen bat. Ondorioz, autoa erosi, eta konpontzeari ekin nion.

Egun, hamahiru auto klasiko dituzu. Nola zaintzen dituzu horiek guztiak?

Ez ditut martxan horiek guztiak. Izan ere, oso zaila da auto horien guztien mantentze lanak egitea. Lanetik kanpo, mekanika lanak egiten ditut, eta ordu asko igarotzen ditut autoekin lanean, bai berritzen, bai konpontzen eta baita eraldatzen ere.

Aurrera begira, ba al daukazu beste auto markaren bat begiz jota?

Oraingoz, ez. Ditudan auto guztiak martxan jartzea da nire asmoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.