“Jendeak susto handia hartu zuen ‘Satiro’-rekin, etxetik hasita”

“Jendeak susto handia hartu zuen ‘Satiro’-rekin, etxetik hasita”

Aitziber Arzallus

Umetatik saltsa guztietan ibili izan da Xanti Agirrezabala (Azpeitia, 1997). Inor ez zuen harritu antzerkigintzaren bidea aukeratu zuenean. Baina beste gauza bat izan da zer sortzeko kapaz den erakutsi duenean. Satiro baten rolean sartuta, bi urte daramatza bere eta besteren kontzientziak astintzen. Eta ez da hori eskuartean darabilen proiektu bakarra.

Nor da Xanti Agirrezabala?

24 urteko azpeitiarra, aktorea eta sortzailea, edo aktore sortzailea, eta horren barruan sar daitezkeen gremio guztiak.

Erremontisten familian, artista ugari bai, baina zeu lehendabiziko aktorea.

Ofizioz bai, lehenengo aktorea ni, baina teatreroak eta artistak dezente dauzkat familian.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Ez dakit. Familian ez dugu izan antzerkirako joera handirik. Umetan pailazoak ikustera bai, eta antzerki topaketetan ere zerbait bai, baina zaletasun berezirik ez. Gerora jakin dut nire amona gazte garaian herriko antzerki taldean ibili izan zela, eta kristoren ilusioa egin zidan horrek.

Noiz jabetu zinen aktore izan nahi zenuela?

Nik uste umetatik oso argi izan dudala; horretan aritzen nintzen beti, teatroan, saltsan. Denetan ematen nuen izena: musikan, marrazketan, dantzan… Dantza izango zen arte eszenikoetara gehien gerturatzen zena, eta umetan hasi eta urte askoan ibili nintzen; dantza sueltoko txapelketetan ere parte hartzen nuen. Hala ere, Azpeitiko gazteen antzerki taldera nahiko berandu sartu nintzen, DBH4n edo. 15 bat urte izango nituen Alaitz Olaizolarekin antzerkian hasi nintzenean.

Hor egin zenituen lehenengo urratsak. Zer eman zizun eskola horrek?

Beti esaten dugu Alaitz Olaizola dela gure antzerkiko ama. Eta zer eman zidan? Dena. Ezer ez jakitetik eta ezer ez edukitzetik, zer egiteko gai izan nintekeen jabetzea. Sektorearen ikuspegi bat ere bai, zer den teatroa, eta lehenengo aldiz oholtza batera antzerkia egitera igotzeko aukera. Orduan ezagutu nituen oraindik nire lagun diren eta izango diren hainbat kide ere: Ekain Ibarguren, Ignacio Arakistain, Ignacio Azkue, Mireia Galarza, eta abar. Hor taldetxo bat sortu genuen, eta proiektu bat baino gehiago martxan jarri ere bai: Txantxalgara pailazo taldearekin hiru bat urtean herriz herri emanaldi mordoxka egin genituen; Uztarriaren Kontuk eta Komeriyek atalerako bideoak sortzen genituen, herrian pil-pilean zeuden gaiak umorez landuta…

Herriko antzerki eskolan hasi eta urtebetera, Goenkale-n aktore hartu zintuzten; eta Goenkale, Goenkale zen…

Kristorena izan zen hori. Batxilergoko lehenengo mailan nengoen, gogoz kontra, egunean zortzi orduz, gustatzen ez zitzaizkidan eta gero ikasi nahi nuenarekin inolako zerikusirik ez zuten ikasketak egiten, ez zegoelako beste aukerarik. Eta, bat-batean, casting bat egin, eta astean bitan Miramonera grabatzera, eta kobratuz. Nik, gainera, Goenkale ikusi egiten nuen, eta egun batetik bestera, han nengoen neu; goiz guztia pasatu nezakeen Boga-Boga zegoen kalean.

Aktore sortzaile izateko bide horretan, sekula oztoporik jarri dizute ingurukoek?

Sekula ez, argi zegoen honek izan behar zuela nire jarduna. Lanbide ezegonkorra da, eta horrek kezka sortzen du, ni ere kezka horrekin bizi naiz, baina gero konturatu naiz teatreroa izateagatik niri ezarritako kezkak beste lanbideetan ere badaudela. Ingurukoek lagundu egin didate beti, eta neu ere saiatu naiz gauzak egiten etorkizunerako begiradarekin.

Batxilergoa bukatuta, zer egiteko prest zeunden aktore izatearren? Adibidez, Madrilera joango al zinatekeen?

Hor jokaldia oso ondo atera zitzaidan, eta ez nuen gehiegi pentsatu beharrik izan, Madrilgo titulazio bera lor daitekeen eskola geuk ireki genuelako Bilbon: Dantzerti. Urteak zeramatzaten esaten bazetorrela eta bazetorrela, eta justu Batxilergoko bigarren maila egiten ari nintzenean baieztatu zuten hurrengo ikasturtean martxan jarriko zutela.

Zortekoa zu!

Neure buruari esan nion hantxe sartu behar nuela, bai ala bai, eta kosta ahala kosta. Ez zen erraza: hamabostentzat lekua bakarrik zegoen, eta aurkeztuko ginen 80 bat edo. Halaxe sartu nintzen Arte Dramatikoko Goi mailako Eskolara. Gu hamabost lagun eta dantza ikasketak egitera sartu ziren beste bederatzi edo, besterik ez zegoen eskolan.

Dantzertira sartu zen Xantik eta handik irten zenak ba al zeukaten zerikusirik?

Hori galdetu nire ikaskideei, barre ederrak egingo lituzkete. 17 urterekin sartu nintzen eskolara, eta lau urte beranduago, beste bat atera nintzen. Heldutu egin nintzen, eskolan egindako lanagatik eta adin horietan gurasoen etxetik kanpo eta Bilbon bizitzeak esan nahi duten guztiagatik. Fisikoki ere asko aldatu nintzen, sekulako egurra ematen zigutelako. Teoria ematen ziguten, eta beharrezkoa da, noski, baina saioen %70 fisikoak dira. Egunero txandala jantzita, hanka hutsik eta izerditan; faltan botatzen dut hori. Hala ere, atzera begira jarrita, lehendabiziko urteak hobeto aprobetxatu nitzakeen sentipena daukat. Orain konturatzen naiz eskolara zer ume sartu nintzen, orain sartuko banintz, askoz gehiago zukutuko nitun urte haiek.

Handik irten zinen Satiro-rekin, ziur asko zure ibilbideko lanik inportanteenarekin.

Dantzertira sartu aurretik, Zestoako antzerki eskolako kideekin pare bat teatro taularatzeko aukera izan nuen, baina Satiro beste kontu bat izan da. Satiro egiteko kapazitatea eskolan neureganatu nuen, eta, hain justu, Satiro izan zen gradu amaierako nire lana. Hasieratik garbi izan nuen produktu profesional bat ekoitziko nuela. Aukera ezin hobea zen, besteak beste, tutore baten laguntza izango nuelako. Gainera, Azpeitiko Udalaren kultur beka ere jaso nuen proiektua finantzatzen laguntzeko.

Ia bi urte pasatu dira lehenengoz taularatu zenuenetik, eta oraindik bueltaka jarraitzen du.

Jarraitzen du, eta jarraituko du.

Oso lan probokatzailea da Satiro. Sexualitateaz, maskulinitateaz eta oraindik erreparoa sortzen duten hainbat gaiz gordin jarduten duzu. Satiro ikusi ostean, herriko jendeak desberdin begiratzen al dizu?

Jendeak susto handia hartu zuen Satiro-rekin, etxekoengandik hasita. Amonak ere ikusi du. Inpaktua sortu nahi zuen obra bat zen, eta inpaktua sortu du, eta nik uste onerako izan dela, gainera. Sekula antzerkira joango zela pentsatuko ez nukeen jendearengana ailegatu da, eta gero jende hori kalean etorri egin zait zenbat gustatu zaion esatera. Herrian pare bat aldiz egin dut publiko zabalarentzat, eta herriko gazteentzat egiten jarraitzen dut, Arremanitz elkartearekin elkarlanean, heziketa afektibo eta sexuala lantzeko eskolako programaren barruan. Batxilergoko ikasleak etortzen dira Soreasura, Satiro ikusten dute, eta gero tailer bat egiten dute.

Besteengan ez ezik, zeuregan ere sortuko zuen inpaktua Satiro-k…

Bai, noski. Askotan galdetu izan diot neure buruari Satiro nola ailegatu den horren muturrekoa izatera, zentzu guztietan: makillajea, jantziak, diskurtsoa… Egia da horretan zerikusia izan duela Matxalen de Pedro Horman Poster kolektiboko kideak. Hark eman zion obrari kanpo begirada, eta bera izan zen muturreraino bultzatu ninduena.

Obrak berak aldaketarik edo garapenik izan al du bi urteotan?

Etenik gabe joan da aldatzen, hasieran ezaugarri zituen elementuak galtzen, beste batzuk irabazten… Gainera, bi urteotan horrenbeste emanaldi egin eta gero, neuk ere eroso jardutea lortu dut.

Horman Poster kolektiboko kide ere bazara. Zer da Horman Poster?

Horman Poster 2010ean sortu zuten Igor de Quadrak eta Matxalen de Pedrok Bilbon, eta da antzerkigintza modu berrietara bideratutako kolektibo bat. Hamar urte horietan oso proiektu diferenteetan jardun dute lanean; batzuk performatiboagoak, besteak teatreroagoak; bai Euskal Herrian eta bai kanpoan.

Antzerkigintza berria diozunean, zertaz ari zara?

Lengoaia berriak eta lengoaia desberdinak nahastuko dituzten sorkuntza prozesuez, euskal eszenara proposamen berriak ekartzeaz.

Uneotan zer proiektu dituzue eskuartean?

Iaz estreinatu genuen Antigone edo ezetzaren beharra lana, eta biran gabiltza; eta 2022ko azaroan estreinatuko dugu, Arriaga antzokian, Souvenir, komedia estralurtar bat.

Antigone-k zer moduzko harrera izan du?

Oso harrera ona izan du egin dugunetan, ez baitugu askotan egin. Ikusi dutenak oso gustura gelditu dira, eta kritika onak egin dizkigute, baina egia da saltzea kosta egiten dela. Horman Poster kolektiboak urte askotako ibilbidea izan arren, euskal eszena komertzialean ez zeukan bere lekua eginda, eta aurpegi ezagunek gehiago saltzen dute beti. Hala ere, jasotako erantzunarekin oso gustura gaude, eta Horman Posterren jarraitzeko gogoz, pixkanaka leku hori egiten ari garelako. Esan beharra dago beste konpainien eta kolektiboen babesa badaukagula, sare bat badaukagula, eta hor oso babestuta sentitzen garela. Gure mundu txiki honetan, elkarren beharra daukagu.

Eta zer da Antigone metodoa?

Arte hezkuntzako mediazio tailer bat da, gazteei zuzendutakoa, Antigona mito klasikoan dauden dilema moralak-eta modu aktiboan eta fisikoan lantzeko. Hori egiteko aukera eskaintzen dugu.

Norbere herrian inor ez omen da izaten profeta, baina zuk bitan irabazi duzu Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetako ikuslearen saria.

Herrikoa izateak ere eragingo zuen horretan, baina lanak gustatu direnaren seinale ere bada, publikoak botoa eman edo ez erabakitzeko aukera izaten duelako. Sari bat eskuratzeak beti ematen du poza eta harrotasuna, eta herrian irabazteak zer esanik ez. Balio diezagula bidea irekitzeko.

Oso bestelako proiektuetan ere parte hartu izan duzu eta hartzen duzu. Ikusi zaitugu Ihesaldia telesailean, Korosagasti filmean eta beste hainbat lanetan; aurki ikusiko zaitugu Larrugorritan telesailean…

Aktore gisa edozein proiektutara zabalik nago, eta saiatzen naiz sortzen zaizkidan aukerak aprobetxatzen. Gustuko dut, eta oso aberasgarria egiten zait ofizio beraren parte izan arren horren diferenteak diren bi adarretan jardutea. Aktore lanak ondo pagatzen dituzte, gainera.

Antzerkitik bizi al zara?

Lehen esandako lan horiez guztiez gain, Azpeitiko Dinamoan umeei antzerkia irakasten ere aritzen naiz, eta bai, antzerkitik bizi naiz.

Pandemiak gogor jo du zuen sektorea. Zeuri zertan eragin dizu?

Salmentetan eragina izan du, apustu seguruagoak egitea ekarri du, eta Antigone bezalako lanei gehiago kostatu zaie emanaldiak lortzea. Hala ere, niretzat okerrena izan da une oro neurriak aldatzeak eragin duen ziurgabetasuna, emanaldi bat lotu eta bezperara arte ez jakitea egiterik izango genuen eta zer baldintzatan.

Azpeitiarra izan ez bazina, uste duzu gaur zauden lekura iritsiko zinela?

Ez dakit, baina ziur askoz gehiago kostatuko zitzaidala. Herrian Dinamoa bezalako sormen gune bat izatea luxua da; denen inbidia naiz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.