“Pandemiari esker, emakume asko hasi dira bizikletan”

“Pandemiari esker, emakume asko hasi dira bizikletan”

Olatz Enzunza Mallona

Gaur hasi eta igandera bitarte, emakume txirrindularien topaketa egingo dute Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Bizikleta emakumeen artean sustatzea da egitasmoaren asmoa, eta, horretarako, askotariko jarduerak antolatu dituzte Kukuerri eta Bizikume elkarteek. Gaur arratsaldean, kasurako, Erkuden Almagrok (Iruñea, 1976) hitzaldia emango du. Mujeres en Bici elkartearen eta Bizikume kirol taldearen sortzailea da Almagro, baita Women in Bike emakumeentzako txirrindularitza elkarretaratzeen koordinatzailea ere. Topaketan parte hartzeko “gogotsu” dagoela aurreratu du.

Txirrindulari gisa lehiatzeari utzi berritan sortu zenituen Mujeres en Bici elkartea eta Bizikume kirol taldea. Nolatan?

Emakumeok elkarren artean konektatzeko zegoen behar baten ondorioz jaio ziren. Izan ere, bizikletan txango bat egitera ateratzen nintzen bakoitzean, emakumeen hutsunea zegoela nabaritzen nuen. Hala, bidean emakumezko txirrindularien talde txikiak aurkitu ahala, nongoak ziren galdetu, eta mapa batean geolokalizatuz joaten nintzen. Plataforma horrek harremanetan jartzen ditu Iberiar penintsula osoko neskak, eta, dagoeneko, 200 taldetik gora daude lokalizatuta. Gipuzkoan ere, zorionez, hainbat emakumezko talde sortu dira. Beharrizan bat zen, nolabait esateko.

Oro har, asko al dira emakumeentzako soilik diren bizikleta elkarteak?

Elkarteak gutxi dira, lan asko dutelako atzetik, baina gero eta talde gehiago ari dira sortzen. Gipuzkoan, esate baterako, hiru talde daude dagoeneko. Egia da gizonezkoenekin alderatuta oso gutxi direla, baina pozgarria da ikustea gero eta emakumezko gehiago garela.

Emakume txirrindularien topaketa egingo duzue asteburuan Azkoitian. Zein da helburua?

Gure asmoa Azkoiti ingurua dinamizatzea da, bertako emakumeak bizikletan ibiltzera bultzatzea. Halako topaketen bitartez, gainera, errazagoa da hasiberriak diren horiek bizikletan ibiltzera ausartzea, babestuago sentitzen direlako. Zenbat eta emakume gehiago elkartu, orduan eta errazagoa da gainerako emakumeen arreta edo bizikletan ibiltzeko grina piztea. Hortaz, asteburu eder bat igarotzeaz gainera, elkarrekin konektatzeko, elkar ezagutzeko eta eskualdeko emakumeen artean bizikletaren erabilera bultzatzeko balioko du topaketak.

Oro har, nolako jarduerak antolatu dituzue?

Gaurko hitzaldiaz gainera, irteerak antolatu ditugu biharko eta iganderako. Errepideko bizikletarekin kostalderantz joko dugu, eta mendikoarekin, berriz, Zumarraga aldera. Horrez gain, oinarrizko mekanika ikastaroa eskainiko dugu aterpetxean bertan, Abaraxkan. Dagoeneko 50 emakume inguruk eman dute izena, eta, iganderako euria iragarri badute ere, gogoz gaude asteburua noiz iritsiko.

Azkoitian egingo den emakume txirrindularien lehenengo topaketa izango da. Zergatik dira horren beharrezkoak gisa horretako jardunaldiak?

Emakumeek beren burua islatuta ikusten dutelako beste emakumeen esperientzietan. Agian, horietako batzuk beldur dira, ez dute bizikletan bakarrik ibili nahi edo ez dute ibilbiderik ezagutzen inguruan. Halako jardunaldiei esker, beste ikuspuntu bat ezagutzeko aukera dute. Gure asmoa da emakume bakoitzak autonomo izaten ikastea. Izan ere, askotan errepikatu izan digute: “Nola joango naiz bakarrik? Eta nire adinarekin?”. Topaketa horietan beren ezaugarri berberak dituzten emakumeak ezagutzeko parada izaten dute, eta bizikletan ibiltzeko ausardia hartzen dute.

Aurrera begira, beste topaketaren bat egiteko asmorik ba al duzue?

Aurtengoa ondo baldin badoa, badugu datozen urteetan ere Azkoitiko topaketa egiteko asmoa. Orain arte, Gipuzkoako beste herri batzuetan egin izan ditugu antzeko jardunaldiak, baina Azkoitian egiten dugun lehenengoa da.

Nola ikusten duzu egun emakumezkoen txirrindularitza?

Txirrindularitza profesionalari dagokionez, pixkanaka-pixkanaka, badirudi emakumezkoen txirrindularitza aurrerapausoak ematen ari dela. Hala ere, egunerokoan muga asko daudela iruditzen zait. Pandemiari esker, boom edo gorakada bat izan da, eta emakume asko hasi dira bizikletan ibiltzen, baina gehiago nahi ditugu. Izan ere, gizonezkoak oraindik ere askoz gehiago dira gurekin alderatuta.

Eta, aurrera begira, zer-nolako etorkizuna izango du emakumezkoen txirrindularitzak, zure ustez?

Txirrindularitza profesionalean euskarri falta dago hainbat arlotan: komunikabideen aldetik, elkarteen aldetik… Hala ere, egunerokoan, ahaleginak egiten ari dira, eta kontziente dira gizonezkoez gainera emakumezko txirrindulariak ere badaudela. Ondorioz, hiri handietan behintzat, nabariak dira aldaketak, eta, kasurako, txirrindularientzako gero eta bide gehiago jartzen ari dira. Pixkanaka hobekuntzak egiten ari direla dirudi, baina oraindik ere asko dago egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.