“Emozionalki osasuntsu egon behar da xakean jokatzeko”

O. Enzunza Mallona

Xakeko nazioarteko Maistra Handi femeninoaren titulua du Olga Alexandrovak (Jarkov, Ukraina, 1978). Hogei urtetik gora daramatza munduko 50 emakume jokalaririk onenen artean, eta, egun lehiatik kanpo egon arren, “ohorea” da harentzat oraindik ere postu hori edukitzea. Emakumearen eginkizuna xake jokoan izenburupean, Diego Rasskin xake jokalariaren galderei erantzungo die bihar, 17:30ean, Donostiako Eureka museoan. Ondoren, Xakearen triangelua: artea, zientzia eta gizartea mahai inguruan parte hartuko du Miguel Illescas, Diego Rasskin eta David Lladarekin batera.

Gizonezkoentzako kirol bat al da xakea?

Inondik inora ere ez. Egia da gizonezko gehiago aritzen direla, baina, izatez, adimen kirol bat da, eta edonork joka dezake.

Emakumezko xake jokalarien kopurua askoz ere txikiagoa da gizonezkoekin alderatuta. Zergatik gertatzen da hori?

Egia esan, nahiko bitxia da kasua. Umetan, xakean jokatzen hasten direnean, antzekoa izaten da nesken eta mutilen kopurua. Hala ere, nerabezarora iristen direnean, alde egiten dute neska horietako askok. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina sarritan lehia kontuarekin lotuta dagoela esango nuke.

Zu zeu nolatan hasi zinen xakean jokatzen?

Niri aitak irakatsi zidan xakean jokatzen, 5 urte nituela. Hasieratik oso gustuko izan nuen, eta berehala hasi nintzen gailentzen, xake eskola sobietarraren metodoei jarraikiz. Hainbat lehiaketatan parte hartu ondoren, emaitzak oso onak zirenez, jarraitzea erabaki nuen.

Emakumezko izateagatik zailtasunen bat izan duzu orain arteko ibilbidean?

Nik ez. Hala ere, nahiko kirol matxista da xakea, eta gizonezko askok ez dute emakumezkoen aurka jokatu nahi izaten.

Xakeko nazioarteko Maistra Handi femeninoaren titulua duzu. Zuretzat zer da izendapen hori?

Sekulako ohorea. 6 urte nituenetik, nire ametsa zen titulu hori eskuratzea, eta, alde horretatik, esanahi berezia du niretzat. Xake jokalari gisa eskura dezakezun titulu gorena da. Hortaz, alde horretatik ezin diot gehiago eskatu kirol honi.

Horrez gain, hogei urtetik gora daramatzazu munduko 50 emakumezko jokalaririk onenen artean, ezta?

Bai, eta, egun lehiatik kanpo egon arren, pozgarria da oraindik ere postu horretan egotea. Hala ere, ez zen batere erraza izan, oso lehia gogorra baitzen. Urteek aurrera egin ahala, gero eta gehiago kostatzen zitzaidan partidak jokatzea; nekatuta nengoen. Xakean jokatzeko, garrantzitsua da emozionalki osasuntsu egotea, eta, alde horretatik, nire azken urteak ez ziren errazak izan.

Aurrera begira, nola ikusten duzu xakearen etorkizuna?

Xakearen etorkizunaz hitz egiterakoan nahiko ezkorra naizela aitortuko dizut. Sexuari dagokionez, oso zaila da emakume jokalarien kopuruak gora egitea, lan baldintzak oso kaskarrak direlako. Gainera, emakumeen kategoria kendu nahi dute, eta gizonezkoek eta emakumezkoek kategoria berean jokatzea nahi dute. Nire ustez, oker bat da, emakumezko gutxiagok parte hartzea eragingo duelako horrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.