“Oso leku gutxitan dago Donostiako zinema kultura”

“Oso leku gutxitan dago Donostiako zinema kultura”

Maria Ortega Zubiate

Zinemaldia bukatu berri bada ere, Donostiako zinema aretoetan zinemaren goraldiak ez duela etenik dio Iñaki Elortzak (Legazpi, 1969), Donostiako zinema aretoak batzen dituen SADE elkarteko zinema unitateko zuzendariak. Festibalak hiriari egiten dion ekarpena handia dela uste du, baina Donostia, bere horretan ere, zinemazalea dela esan du.

Zinemaldia zer-nolako laguntza izaten da Donostiako zinema aretoentzat?

Guretzat denboraldi hasiera izaten da Zinemaldia, sekulako igoera. Programatutako ia saio guztiak berehala betetzen dira. Guk aretoak alokatzen ditugu, eta langileak jarri; baina programazioa Zinemaldiak antolatzen du. Azkenean, oso ekitaldi garrantzitsua da donostiarrentzat eta gipuzkoarrentzat, eta baita guretzat ere. Hala ere, kontuan izan behar da Zinemaldiak saio asko sortzen dituela, baina zortzi edo bederatzi egun izaten direla. Urtean dauden beste 51 asteetan zinema komertziala eskaintzen dugu. Ehunekoa garrantzitsua da aste hori kontuan hartuta, baina Zinemaldiaren eragina ez da hainbestekoa kontsumo osoan.

Zinemaldia amaitutakoan mantentzen al da bezeroen gorakada?

Bai. Zinemaldiaren ondoren ere oso film onak egoten dira, eta guretzat ere oso garai ona izaten da. Zinemaldian zinemara joateko ohitura hartzen du jendeak, eta gu ahalegintzen gara horri eusten. Orain oso adibide argia dugu Maixabel filmarekin. Zinemaldian oso arrakastatsua izan da, oso kritika onak jaso ditu, eta asko hitz egin da hartaz; estreinatu genuenetik, saioen %50etik gora film horrenak izan dira. Eta datorren asteetan estreinaldi gehiago egongo dira, urria eta azaroa oso hilabete emankorrak izaten baitira. Baina handik aurrera ere ez du behera egiten eskaintzak.

Abenduko zubitik aurrera beste mota bateko filmak izaten dira, familiari zuzendutakoak, batez ere. Urrian eta azaroan, berriz, helduen tematika izaten da gehiago. Eta Gabonak bukatu eta martxora arte, Oscar sarietarako izendatutako filmak izaten dira, helduei zuzenduak gehienbat.

Zeintzuk dira, orduan, urteko hilabeterik idorrenak zinema aretoentzat?

Maiatz eta ekain bueltako sasoi hori. Eguraldi hobea egiten hasten da normalean, egunak luzeagoak izaten dira, eta jendea gehiago ateratzen da kalera. Ekainean azterketak hasten dira, eta hor ere izaten da beherakada. Asko nabaritzen da eguraldi ona edo txarra egiten duen, eta, horregatik, banatzaileek ere ez dituzte oso pelikula arrakastatsuak jartzen, historikoki motelagoak direlako hilabete horiek. Klimak berebiziko eragina du, baina garai honetan, urrian, ez hainbestekoa, nahiz eta eguraldi ona egin, egunak motzagoak direlako eta askotan hotz egiten duelako.

Beraz, klimak soilik ez, zinema festibalek ere laguntzen dute aretoak betetzeko orduan?

Bai, normalean oso ospetsuak izaten dira Zinemaldiko filmak eta Oscar sarietakoak; zuzendari eta lantalde oso onak izaten dituzte, kritikariek asko hitz egiten dute haiei buruz, eta, gehienetan, onerako. Jendea oso adi egoten da gauza horiei, eta, batez ere, Zinemaldiaren kasuan, Donostiaren moduko hiri batentzat oso garrantzitsua delako horrelako festibal bat izatea.

Donostia nahiko hiri zinemazalea dela esan ohi dute. Gipuzkoako gainerako herrietan baino zaletasun handiagoa dagoela esango zenuke?

Donostia da Gipuzkoa mailan eskaintza handiena duen tokia. Horregatik, denetarik proiektatzeko aukera dugu: oso film ezagunak, baina baita oso txikiak ere. Ahalegintzen gara jende guztia erakartzen, denen gustuko filmak ematen. Herri txiki batean, berriz, areto bakarra izaten dute normalean, eta asteburuetan baino ez dute proiektatzen.

Aukera zabala izateaz gain, Zinemaldiak berak ere eragingo du zaletasunean, ezta?

Bai, argi eta garbi. Azken finean, oso leku gutxitan dago Donostiako zinema kultura. Guk nabaritzen dugu pelikula txiki batzuk, oso izen txikia dutenak, oso arrakastatsuak izaten direla hemen; hori da jendea oso adi egoten delako zuzendari jakin baten azken filma ikusteko, edo Berlingo edo Cannesko festibalean irabazi duen filma ikusteko.

COVID-19aren pandemiak nabarmen eragin du kultur ekitaldietan. Nola eragin dizue zuei?

Askotariko egoerak pasatu ditugu, hilabete asko dira eta. Hasieran, orain dela urte eta erdi berriz ireki genuenean, bazirudien filmak egongo zirela, programazio interesgarria izango genuela; udan izan genituen pare bat film interesgarri. Baina urrian berriz ere itxi egin zen dena, eta programaziorik gehiena bertan behera geratu zen. Hiru hilabete oso gogor izan ziren, ez genuelako ezer estreinatzeko. Hala ere, saiatu ginen zinema guztiak irekita mantentzen. Baina, tira, txertaketa orokortu ahala, hobera egin dugu.

Zein da egoera orain?

Orain, %75eko edukierarekin, beste egoera batean gaude, estreinaldi oso indartsuak ziurtatu dizkigute, eta saiatu behar dugu egoera normalago batera heltzen. Ikusleen edukieraren igoera eta Zinemaldia bat etorri dira, eta egongo da ehuneko bat zinemara joateko ohitura galdu duena, baina zinemarako gogoz ikusten dugu jendea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.