Putzutik hezegunera bidean

Putzutik hezegunera bidean

Juan Luis Romatet

Etxeek, kaleek, auzune osoek hartzen dituzten Zumaiako hainbat lursail lubakiak ziren XX. mendearen erdi aldera arte. Garapenarekin, baina, gizakiek sortutako azpiegiturek estali dituzte ordura arte hegaztien, arrainen eta narrastien atsedenleku ziren guneak, ia galtzera eraman arte. 1990eko hamarkadan eraiki zuten Zumaiako kirol portuak Santiagoko paduraren bi heren inguru irentsi zituen.

Ez lehen bezainbeste, baina oraindik ere hegazti gutxi batzuek atseden hartzen dute gizakiak hiritartutako espazio horretan. “Lehen etortzen ziren hegazti espezie berberak etortzen dira, baina inolaz ere ez lehengo kopuru berean”, azaldu du Aitor Leiza zumaiarrak. Herriko natur taldeko kidea da, eta Zumaiako Udalean Ingurumen zinegotzia izan zen 2011-2015eko agintaldian. Urola itsasadarreko plan nagusiaren bultzatzailea ere izan zen.

“Edo gizakiok eragindako presiora ohitzen dira, edo hegaztiek alde egingo dute”, nabarmendu du Leizak. Haren esanetan, Beduako irlen bueltan sortutako hezegunea da “Urola ibaiaren altxorra”. Santiagokoa ez bezala, mendiek babesten dute Zumaiako herrigunetik kilometro eskasera dagoen gune hori, eta hegazti espezie batzuek atsedenlekutzat aukeratzen dute, baita elikatzeko ere, itsasbeherarekin. Ez da arraroa koartzak eta antzeko hegaztiak ikustea irla horien inguruan.

Ur putzu artifiziala

Urolaren meandroetan barrena, metro gutxi batzuk ibaian gora eginda, erriberako sastraken artean ezkutatuta aurki daiteke Soroberrieta inguruan sortu duten ur gezako putzu artifiziala. Gorostiagako zabalguneko ertz batean dago Soroberrieta. Gorostiaga bera hezegunea izan zen bere garaian, baratzeek eta soroek estali zuten arte. Gerora, 1970eko hamarkadan, Arroa eta Zarautz arteko A-8 autobidearen zatia egin zutenean —Urola ibaiaren norabidea bera ere aldatu zuten, handik ateratako harriak eta lurrak bertara bota zituzten baratzeak zirenak lur etze bihurtuz. Gaur egun Joxe Mari Korta industrialdeak hartzen dituen lur horietan 1 Formulako zirkuitua egiteko asmoa ere izan zuten. Inguru hura guztia abandonatuta egon zela gogoratu du Leizak. “Putzu txiki batzuk sortzen ziren, eta igel gutxi batzuk egoten ziren; lezkari batzuk ere bai, eta txirritxo txikiak ere han umetzen ziren; mehatxatutako espezie bat da txirritxoa”.

Lugorrietara berriro ere bizitza eraman nahian, ur gezako bizidunentzako baliagarria izango den espazio bat sortzeko egitasmoa bultzatu zuen Zumaiako Udalak orain bi urte Soroberrietan. Auzolaneko bi jardunaldi antolatu zituen, eta Aranzadi zientzia elkarteko kideen laguntzarekin, putzua atondu eta zuhaitzez inguratu zuten. “Odonatoentzako pentsatutako leku bat da putzu hau; burruntzi eta sorgin orratzentzako, alegia. Igelak ere etorriko dira eta ur gezako landare batzuk ere bertan daude dagoeneko”.

Aranzadik erakusketa bat, hitzaldi bat eta herriko hezeguneak bisitatzeko irtenaldi bat antolatu zituen irail erdialdean. Iñaki Mezquita odonatoetan aditua izan zuten gidari, eta, hark azaldu zuenez, azken urteotan ikusi ez duen sorgin orratz espezie bat aurkitu zuen Soroberrietako putzuan.

“Linbo juridikoan”

Urola itsasadarraren kontserbazio eta leheneratze planaren barruan sartzen da ur gezako putzu hori sortzea. Dokumentu hark itsasadarraren zenbait eremu nola babestu jasotzen zuen, horien artean hezeguneak. Espainiako Auzitegi Gorenak plana atzera bota bazuen ere “bideragarritasun ekonomiko ezagatik”, araudi hura defendatu du Leizak. “Gaur egun, linbo juridiko batean gaude; Europak dio itsasadarra gune babestu bat dela, 2000 sarean sartzen dela, baina legediak ez dira hain argiak”. Hutsuneak eta gabeziak detektatu, eta plana bere horretan berriro indarrean jartzearen aldekoa da Leiza.

Gipuzkoako beste herri batzuekin alderatuta, Zumaian hezeguneen inguruan izandako jarrera “paradoxikoa” dela dio. “Beste herri batzuetan hezeguneak berreskuratu zituzten bitartean, Zumaian suntsitu egin zituzten”, esan du kirol portuaren eraikuntza gogoratuz. “Irunen Plaiaundi eta Jaizubia berreskuratu zituzten; Mutrikun eta Deban, padurak leheneratu dituzte; Oria ibaian ere bai, Usurbildik gertu; eta Zarautzen Iñurritzako padura bere onera ekartzea lortu dute. Hemen, Zumaian, ez dute sosik gastatu, eta Urola ibaiaren arroan Zumaian ditugu hezegunerik garrantzitsuenak”.

Sarri jarduera bat desegitea gehiago kostatzen dela esan du Leizak. “Lehenbizi, babestu dezagun duguna, mantendu dezagun ongi, egoera onean, kudea dezagun ondo”, esanaz defendatu du hezeguneak eta ingurumena, osotasunean, zaintzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.