Xakea, jokotik harago

Xakea, jokotik harago

Olatz Enzunza Mallona

Uste duguna baino garrantzi handiagoa du xakeak gure inguruan”. Hala adierazi du Mikel Abadiak (Zarautz, 1989), Donostiako Eureka zientzia museoko ikerlariak. Eta, hain zuzen, hori frogatzeko, Zientzia eta Xakea: konexio infinituak topaketa egingo dute, bihartik astelehenera, Donostiako zientzia museoan: “Xakean 64 laukitxo egon arren, laukitxo horietan egin daitezkeen konbinazioak unibertsoko izar kopurua baino gehiago dira”. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Eureka zientzia museoak antolatu dituzte jardunaldiak, eta Gros xake taldearen laguntza ere izan dute.

Zientzia ardatz izango bada ere, “askotariko gaiak” jorratuko dituzte hiru eguneko ekitaldietan. Besteak beste, xakea, argazkilaritza, literatura eta hezkuntza jarriko dituzte mahai gainean. “Finean, xakea aitzakia izan da zientziako hainbat alor azaltzeko”, azaldu du Abadiak.

Miguel Illescas xakeko Maisu Handiarekin emango zaie hasiera jardunaldiei. IBM International Business Machines konpainian aritu zen Illescas, beste hainbat aditurekin batera, eta, elkarlanean, Deep Blue xakera jokatzeko makina garatu zuten. Harrezkero, adimen artifizialak gelditu gabe egin du aurrera, eta xakeak “zeregin garrantzitsua” bete du esparru horretan.

Illescasek ez ezik, beste hainbat gonbidatuk ere hartuko dute parte jardunaldietan. Tartean, Diego Rasskin zientzialari eta idazleak hitzaldia emango du; Olga Alexandrova xakeko nazioarteko Maistra Handiak xakeari buruz duen ikuspegi pertsonala azalduko du; Leontxo Garcia kazetariak xakeak hezkuntza arloan dituen onurak izango ditu hizpide; eta Paola Ferrario DIPCko Ikerbasque ikertzaileak neutrinoen, medikuntzaren eta xakearen arteko loturak azaleratuko ditu. “Xakearen bitartez, hainbat arlo eta diziplina elkarren artean lotzen saiatuko gara”, azpimarratu du Donostiako zientzia museoko ikerlariak.

Xakea eta zientzia uztartuz publikoa “gozaraztea” da topaketaren asmoa: “Gauza berriak ikasiz, jendeak ondo pasatu dezan nahi dugu”. Era berean, zientziarekiko interesa handitzea ere bada helburuetako bat: “Jendeak zientziarekiko duen beldur hori kendu dezan nahi dugu, eta, aldi berean, zientzia modu dibertigarrian irakastea posible dela frogatuko dugu”. Dagoeneko “asko” dira aurrez izena eman duten herritarrak, eta, antolatzaileen arabera, “espero baino askoz harrera hobea” izan dute ekitaldiek: “Ekitaldi guztietara joan beharrean, blokeka izena emateko aukera eskaini dugu, eta, horrela, norbere interesen araberako hautua egin du parte hartzaile bakoitzak”.

Eureka zientzia museoak eta DIPCk egiten duten aurreneko topaketa da, eta, alde horretatik, antolatzaileak “ilusioz gainezka” daudela nabarmendu du Abadiak: “Ekitaldi polit bat egin nahi dugu, eta, hori lortzeko, lan asko eta ahalegin izugarria egiten ari gara. Dena ondo atera dadin nahi dugu”. Aurrerantzean ere berriz egiteko asmoa dutela nabarmendu du: “Ez dut uste aurtengoa azken ekitaldia izango denik”.

Asteburuko ekitaldiez gain, azaro amaierara arte ikusgai egongo da David Llada xakean espezializatutako kazetari eta argazkilariaren The Thinkers argazki erakusketa. Nola ikusarazi pentsamendua? galderatik abiatuta, mundu osoko xake jokalarien erretratuak bildu ditu Lladak erakusketan. Haur, afizionatu zein txapeldunen argazkiak nahastu ditu, eta elkarren artean ibilbide bat osatzea izan da artistaren asmoa. Hari gisa, psikologia, sormen prozesua eta erabakiak hartzeko gaitasuna jarri ditu, besteak beste.

Goranzko joera

Oraindik ere xakearekiko interesa “nahiko txikia” dela aitortu du Abadiak: “Xakea beti izan da oso jende gutxik jokatu izan duen kirol bat”. Hala ere, The Queen’s Gambit telesail laburrari esker, “nahiko bultzada handia” izan duela aitortu du, eta azkenaldian goranzko joera hartzen ari dela. NPD aholkularitza enpresak jakinarazi duenez, telesaila jendaurrean aurkeztu zutenetik, handitu egin da xakearekiko zaletasuna zenbait herrialdetan. Hala ere, Abadiaren arabera, “betidanik” jokatu izan da kirol hori, eta zerbaiten erakusgarri da hori: “Azken finean, aspalditik jokatu izan da xakean; hortaz, bere garrantzia badu, eta gaur egun ere hala da oraindik ere”.

Joan den urtean estreinatu zuten Netfilx plataforman The Queen’s Gambit telesaila. Neska gazte bat da protagonista, eta xake partiden emozioa dotoreziaz islatzen da telesailean. Protagonistak umezurztegi batean ikasi zuen xakean jokatzen, ezkutuan. Baina, xakea ez ezik, feminismoa ere aldarrikatu du telesail horrek. Abadiaren hitzetan, “pozgarria” da gai horretaz aritzea: “Landu beharreko arlo bat da, gero eta jende gehiagok parte har dezan kirol honetan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.