Auzoetako joan-etorriak arintzeko konponbidea

Auzoetako joan-etorriak arintzeko konponbidea

Olatz Enzunza Mallona

Auzoetan eta landa eremuetan bizi den askok sarri zailtasunak izaten dituzte, besteak beste, herrigunean dagoen medikuaren kontsultara jaisteko, udal ikastaroetan parte hartzeko edo parranda baten ondoren etxera itzultzeko. Autoaren beharra nabaria izaten da gune horietan, baina, zer gertatzen da gidatu ezin dutenekin, autoa tailerrean dutenekin, edo, besterik gabe, gidabaimenik ez dutenekin? Bizilagun horien egoera konpontze aldera, auzoetako taxi zerbitzua jarri dute martxan Gipuzkoako zenbait herritan. Herritarrei beren etxeen eta herrigunearen arteko joan-etorriak “modu iraunkor, azkar eta merkean” egiteko aukera ematea da egitasmoaren helburu nagusia, eta, aldi berean, udalerrietako garraio publikoaren sektorea ere bultzatu nahi dute.

Zerbitzu horietako bakoitzak bere zehaztapenak ditu. Izan ere, zerbitzua erabili ahal izateko baldintzak aldatu egiten dira udalerri batzuetatik besteetara.

AZPEITIA

Azpeitian, esate baterako, iaz jarri zuten martxan auzoetako taxi zerbitzua. Hasieran, proiektu pilotua zen. Eta, Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziaren hitzetan, herritarren beharrak ezagutzeko egiten duten Denon Artean prozesu parte hartzailearen ondorioz hasi ziren ideia garatzen: “Azpeitiko autobus zerbitzua ondo dago, baina auzo jakin batzuetara joateko oso kaskarra da zerbitzua; ondorioz, eskaera horretatik abiatu ginen”. Hala ere, auzo taxiaren aurretik, bestelako aukera batzuk ere jarri zituzten mahai gainean: “Aurretik, herri autobus bat jarri genuen, baina, egia esan, ez zuen arrakasta handirik izan; hortaz, beste herri batzuetako ereduari jarraituz, auzoetako taxi zerbitzua jartzera animatu ginen”.

Azpeitiko auzoetan eta landa eremuetan bizi diren herritarrei zuzenduta dago zerbitzua, eta, ondorioz, auzo horietan erroldatutako herritarrek baino ezin dezakete erabili: Aratz Erreka, Eizagirre, Elosiaga, Izarraitz, Loiola, Nuarbe, Aratz-Matxinbenta, Odria, Oñatz, Oñazbidea eta Urrestilla.

Astelehenetik ostiralera bitarte, 07:30etik 20:30era erabil daiteke zerbitzua, eta larunbatetan, berriz, 09:00etatik 20:30 arte. “Baldintza gisa, erabiltzaile bakoitzak bi orduko aurrerapenarekin deitu behar du zerbitzua eskatzeko, eta, taxia lehen ordurako nahi bada, aurreko egunean egin behar da eskaera”, azaldu du zinegotziak.

Prezioa, berriz, “aldakorra” da, bidaiari kopuruaren araberakoa. Bakarrik bidaiatuz gero, erabiltzaileak 3 euro ordaindu behar izaten ditu, baina, bidaiari bat baino gehiago baldin badoaz, pertsona bakoitzak 1,5 euro ordaindu behar izaten du.

Horrez gain, “ezinbestekoa” da erabiltzaileek txartela izatea; udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan eskura daiteke. Gainera, azaroaren 2tik aurrera, iazko txartelak iraungi egingo dira, eta, horrenbestez, zerbitzua eta txartela erabiltzen jarraitu nahi duten horiek txartela berritu beharko dute.

Urtebeteko esperientzia “oso ona” izan dela nabarmendu du Bereziartuak, baina, aurrera begira, erronka bat dute esku artean: “Eskaintzen duen zerbitzua oso ona da, eta landa eremuko herritarren bizi kalitatea hobetzen duelakoan gaude, baina erabiltzaile kopurua igotzea nahiko genuke”.

BERGARA

Bergaran, berriz, lehenago ekin zioten auzoetako taxi zerbitzua emateari: 2018ko otsailean. Joseba Aizpurua hirigintza teknikariaren arabera, “behar baten ondorioz” abiatu zuten proiektua: “Herribusa ez da auzo eta landagune askotara iristen; horregatik, taxi zerbitzuarekin mugikortasuna osatu nahi genuen”. Hainbat auzo daude programan sartuta: besteak beste, Angiozar, Basalgo, Buruñao, Elorregi, Elosu, Goiauzoa, Osintxuko baserri eremua, San Juan, Sanantonabat eta Aldaiegia.

Ainhoa Larrañaga Angiozarko auzo elkarteko kidearen arabera, “ezinbestekoa” da auzoan halako zerbitzu bat izatea: “Oro har, jendeak badauka bere kotxea eta autonomia, baina adineko jendeak edo jende gazteak edozein enkargu egiteko Bergarara jaitsi behar du; zerbitzu hori izan ezean, salduta zaude”.

Auzo taxiari esker, herrigunearekin komunikatzeko aukera “erraztu” zaiela nabarmendu du Larrañagak. Eta, alde horretatik, haren erabilera gehiago baliatu beharko luketela iruditzen zaio: “Profil jakin batentzat funtsezko zerbitzua da, baina, gure kasuan, gidabaimena izan arren, ahalegin handiagoa egin beharko genuke zerbitzua erabiltzeko, gal ez dadin”.

Bidaia bakoitzeko 3 euro ordaindu behar izaten ditu erabiltzaile bakoitzak, eta astelehenetik ostiralera, 07:30etik 20:00etara dago erabilgarri; larunbatetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara. Baldintza gisa, zerbitzua erabili nahi duenak hiru ordu lehenago deitu edo mezu bat bidali behar izaten du zerbitzua eskatzeko, 685-73 32 83 telefono zenbakira.

OÑATI

Oñatiren kasuan, Axier Iraeta Ingurumen zinegotziaren arabera, hamasei landa auzori ematen die zerbitzua auzo taxiak: “Bostehun bat baserri ingururi, gutxi gorabehera”. Gainerako herrietan bezala, taxi zerbitzua auzotarrentzat da espresuki, eta, horregatik, bidaiak ere mugatuak dira: auzoetatik erdigunera, eta alderantziz. 2016an jarri zuten martxan zerbitzu hori, eta auzo horietakoren batean erroldatuta egotea da bete beharreko baldintza bakarra.

Prezioari dagokionez, bi eremu desberdin zehaztu dituzte: alde batetik, Arantzazu, Araotz eta Urrexola daude, eta, bestetik, gainontzeko auzoak. Bidaia bakoitzeko 3 euro ordaindu behar izaten du erabiltzaile bakoitzak, baina udalak taxilariei ordaindu beharreko prezioa desberdina da: 15 eurokoa hiru auzo horietan, eta 10 eurokoa gainontzeko landa eremuetan.

Astelehenetik ostiralera bitarte, 07:30etik 20:00etara erabil daiteke auzoetako taxi zerbitzua, eta larunbatetan, berriz, 09:00etatik 14:00ak arte. “Gure zerbitzua martxan jartzeko, Bizkaiko Elorrioko eta Iurretako auzoetako taxi zerbitzuak hartu genituen eredutzat, eta landa auzoetako mugikortasun beharrei erantzuna ematea daukagu helburu gisa”, azaldu du Iraetak.

ESKORIATZA

Eskoriatzan, berriz, 2018an dauka abiapuntua proiektuak. Herrian auzoz auzoko erronda bat egin zuten, eta herrigunearen eta auzoen arteko joan-etorriei erantzunak aurkitzen saiatu ziren. Hala, bi talde bereizi zituzten: batetik, aktiboak, lanean ari direnak, eta, bestetik, gazteak eta helduak. Leire San Vicente zinegotziak orduko hartan azaldu zuen “nahita” egindako banaketa bat izan zela: “Ekonomia sortzen dutenak jartzen dira beti erdigunean. Besteak, berriz, babesgabe gelditzen dira”.

Eskoriatzatik Madrilera bideratu zuten proiektua, eta Vividero de Iniciativas Ciudadanas elkarteak (Herritarren Ekinbideen Egonlekua) herriko errealitatea aztertzeari ekin zion. Miguel Yaeninicke elkarte horretako kidearen arabera, hiru proposamen pilotu zehaztu zituzten Eskoriatzako joan-etorrien arazoari konponbidea emateko: “Autobus zerbitzu berria ezartzea, elizatekoei taxi zerbitzu berezia eskaintzea, eta auzokideak beren artean antolatzea bidaiak elkarrekin egiteko”.

Hainbat ikerketa egin ondoren, joan den irailaren 27an jarri zuten martxan taxi partekatuaren zerbitzu pilotua. Eskoriatzako elizateak —Marin, Marulanda, Zarimutz, Mazmela, Apotzaga, Bolibar, Lete, Gellao eta Mendiola herrigunearekin lotzen ditu. Eta, igandeetan eta jai egunetan izan ezik, egunero izaten dira konexioak: goizean, behin jaisten da elizateetatik herrigunera, eta arratsaldean, behin igotzen da herrigunetik elizateetara. Hala ere, ostiraletan eta larunbatetan bigarren igoera bat ere egiten du gaueko azken orduan.

Erabiltzaile bakoitzak 2 euro ordaindu behar izaten du bidaia, eta, geltokia ez den beste lekuren batean uztea nahi izanez gero, beste 2 euro ordaindu behar izaten dira. Horrez gain, bidaia bakoitzaren amaieran ebaluazio orri bat ere bete behar izaten du bidaiariak.

Azaroaren 28ra arte egongo da indarrean zerbitzu pilotua, eta asterik aste ordutegiak egokituz joango dira, “herritarren eskarien eta beharren arabera”, zehaztu du San Vicentek. Hala, bi hilabeteko frogak aurrera begirako “ondorioak ateratzeko” balioko duela ziurtatu du: “Asmoa da bi hilabete hauetan ahalik eta taxi zerbitzu eraginkor eta bideragarriena zehaztea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.