Mahats gutxiago, baina errentagarriagoa

Mahats gutxiago, baina errentagarriagoa

Amaia Urbieta Arruti

Ostalaritzari estu-estu lotutako jarduna izanik, txakolingileek ez dute lan erraza izan 2020an ekoitzitakoari aterabidea ematen. Zikloa berriz hasten ari da, ordea, eta oso bestelako tankera dakar aurtengo txakolinak. Zenbait upategik amaitu dute dagoeneko mahats biltzea, eta beste hainbat amaitzear dira. 2020ko uzta oparoa izan zen oso, eta haren aldean, oro har, kantitatez murritzagoa ari da izaten aurtengo uzta. Dena den, txakolingileek argi dute aurtengo uztari iazkoari baino etekin handiagoa aterako diotela.

Zarauzko Talai Berri txakolindegiko Itziar Eizagirreren arabera, udan behar baino eguzki gutxiago hartu dute mahastiek, eta horrek eragin du kopurua jaistea. Kalitatez, ordea, jasotako mahatsa “oso ona” dela baieztatu du. Eguzki faltak mahats biltzea pixka bat atzeratzea eragin du aurten, “txakolina ekoizteko orduan behar den kalitatea lortu ahal izateko”. Zarauzko Basa Lore txakolindegiko Joxe Manuel Lazkanok, aldiz, azaldu du beraiek ez dutela igarri iaz baino mahats gutxiago jaso dutenik aurten. Orduko kopuruetara iristea espero duela adierazi du.

Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri deiturako idazkariak baieztatu du “kalitate oneko mahatsa” bildu dutela upategiek. “Ez baldin badago klima arazo handirik, oso ona izan ohi da uzta. Sektore profesionala da, eta asko zaintzen dute mahastia”. Aurtengo txakolinaren kalitatea, beraz, apartekoa izango dela uste dute, “gradu gutxiago” edukiko dituen arren.

Guztizko kopuruetan, iaz baino %10 edo %15 mahats gutxiago bildu dute. Mozok adierazi du datu zehatzik ezin duela eman oraindik, zenbait upategik ez dutelako mahats biltzea amaitu; esaterako, Basa Lorek. Lazkanok azaldu duenez, aste honetan bertan amaitzea espero dute lan hori. Mahatsa biltzen hasita zeudela, hamar egun inguruko geldialdia egin behar izan zuten, “mahatsen graduazioa apal samarra zelako eta garraztasuna handiegia”. Itxaronaldiaren ostean, hori “konpondu” zen, Lazkanoren arabera, eta behar bezala heldutako mahatsa jasotzeari ekin zioten Basa Loren.

Aurreko sasoiko uzta “oso handia” izan zenez, aurtengoa beraientzat urte “normal samarra” dela uste du Talai Berriko Eizagirrek. “Lehengo urtean, martxotik eguzki egun asko eduki genituen, eta uzta izugarria izan zen kopuru zein kalitate aldetik”.

Txakolingileei, ordea, asko kostatu zitzaien oparotasun hari aterabidea ematea. Baita Talai Berri eta Basa Lorekoei ere. Egun, oso bestelakoa da egoera. “Tabernetako barretan kontsumi daitekeenetik igarri dugu salmentak asko igo direla. Jantokietan ere antzematen da, baina, batez ere, barran”. Tabernak ixteak eragin handia dauka txakolingileen salmentetan; beraz, Eizagirrek espero du orain “ez ixtea berriro, eta dena bere onera itzultzea”.

Behetik gora

Iaz esportazioak salbazio izan zituztela ere aipatu du Eizagirrek. “Hemengo salmentekin bakarrik, gaizki ibiliko ginatekeen”. Izan ere, atzerrira saltzen hasi zirenetik, Getariako Txakolina arrakasta izaten ari da zenbait lurraldetan. Talai Berriko arduradunak jakinarazi duenez, atzerriko salmenten %70-80 AEBetara egiten dituzte, eta gainontzekoak Japoniara eta Europako lurraldeetara. Basa Lorek ere saltzen du txakolina atzerrira; Lazkanoren arabera, ekoizpenaren “erdia baino gehixeago” bidaltzen dute kanpora. “Kanpoan ere ostalaritza itxita egon zen, ordea, eta nahikoa beldur izan genuen, ea bodega ez ote genuen hustuko”. Basa Loreren eta Talai Berriren moduan, txakolindegi askok egiten dute atzerriko salmenten aldeko hautua.

Mozoren arabera, jatorri deiturako upategientzat “oso txarrak” izan ziren iazko urtarrila eta otsaila. “Upategi batzuek ostalaritzari bakarrik saltzen diote txakolina, eta horiek ezin izan dute ezer saldu. Beste batzuek dendei edo supermerkatuei ere saltzen diete, eta alde handia eragiten du horrek”. Oraingoz, hamalau upategi daude Getariako Txakolina jatorri izenaren barruan, eta aurten beste bik egin dute bat.

Sektorea hazten ari bada ere, Mozok nabarmendu du urtarrilean eta otsailean %50en galerak izan zituztela salmentetan. Orain, ordea, hobeto doa kontua, eta 2019ko kopuruetara hurbiltzen ari dira. “Urtea nola hasi zen kontuan hartuta, nahiko ondo goaz”, esan du Mozok.

Langile falta

Mahats biltzea, oro har, ona izan dela diote Eizagirrek, Mozok eta Lazkanok, baina hirurek aipatu dute langileak topatzea “kostatu” egin zaiela txakolingileei. Hiruzpalau asteko lana egin ohi dute, eta Mozok uste du, agian, pandemiaren egoera baretzearekin batera, “bestelako lanen bat” topatuko zutela langileek. Lazkanok dio sagar biltzea oraindik amaitu gabe zegoenean hasi zela mahats biltzea, eta horregatik izan zituztela langileak topatzeko zailtasunak. “Orain, gainontzekoek amaitu dutenez, errazago topatu ditugu azken egunetarako langileak”, dio Basa Loreko arduradunak.

Mahats biltzea baldintzatzen duen beste faktorea eguraldia izan ohi da. Talai Berrikoak jakitera eman du euria egin duenetan “asko” egin duela aurten, eta, nahiz eta egun askotan ateri egon eta mahatsa biltzeko eguraldi ona izan, mahatsa mahastitik ateratzeko “arazoak” izan dituztela gero, traktoreak ezin baitira ibili lokatz artean.

Ondo bidean, Gabonen bueltarako merkatuan izango da aurtengo txakolin berria, eta orduan epaitu beharko dute herritarrek zer moduzko lana egin duten txakolingileek. Lazkanoren arabera, “oso fina” izango da edaria, eta graduazioz “justu antzekoa” datorrenez, “edan erraza” izango dela adierazi du. “Ea Getariako San Anton eguna balekoa den aurten, hor ikusiko dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.