Txipiroiarena

Leire Narbaiza

Xbelaunaldikook badaukagu gugan gaitz endemiko bat, etengabe errepikatzen duguna: gure gazte-denbora oraingoa baino… (bete zuek hutsunea). Mitifikatu egiten dugu, alegia, gure gaztaroa. Horregatik entzuten da orduko sasoia latzagoa, gogorragoa, bizi ezinagoa zela, eta guk imajinazioz, indarrez, sormenez… aurrera egin genuela. Uf, zelako klixea, belaunaldi guztiek errepikatzen dutena! Gizaldi guztietan izan dira estualdiak eta sasoi gogorrak, bestela galde diezaiegun gerrak bizi izan dituztenei. Ume-denbora, ostera, oraingoa baino naturalagoa, sortzaileagoa, hobea… izan zen, mitozaleon ahotan. Beti hobea gurea. Amama-aitita Kipuleta bihurtzen gara gu baino gazteagoekin berba egiten dugunean. Eta gustatzen zait Kipuleta bihurtzea, batez ere oraingo ume eta gazteei gure bizimodua nolakoa zen kontatzeko, transmisioa egiteko. Ahalik eta gutxien idealizatuta, jakina; albait errealen. Ezin delako jakin nora goazen, ezagutu barik nondik gatozen.

Aurreko baten kontatu zidaten 12 urteko mutiko batzuek bakarrik bazkaltzen zutela euren logelan, etxeko besteek elkarrekin jaten zuten bitartean. Ahoa itxi ezinda geratu zitzaidan luzaroan, begiak talo eginda. Ezin nuen sinistu. Agian koronabirusagatik bakartuta zeudela esan nuen, eta ezetz erantzun zidaten, hori zela etxe horietako errutina. Katakrak egin zidan buruak. Eta beharbada kontserbadoreegia, antzinakoegia, zaharrunoegia nintzela otu zitzaidan. Burua galderaz gainezka neukala, barruan daroadan Amama Kipuleta esnatu zen, eta lezioa emateko prest zegoela sentitu nuen.

Joera berri horrek arrazoi askogatik asaldatu ninduen. Praktikotasunetik, esaterako, ez da batere eraginkorra eta garbia gelan bazkaltzea, ezta? Zoparik edota lapikokorik jaten ote dute aurrenerabe horiek? Ezezkoan nago, kuartoan gaitza delako halakorik hartzea. Sardexkaz irensten diren jakiak jango dituzte, ezinbestean. Dieta hala moduzkoa, nire iritziz. Beti pantaila baten aurrean. Garbitasun eta elikaduran kale, eta teknologian morrontza.

Hain zuzen ere, bazkalorduko bakartzea horretarako da, inoren kontrolik barik jokoari ekiteko, euretako batzuek guraso kontrolak aktibatuta ere ez dituztelako sakelakoetan. Logelak, gainera, teknologia guztiaz hornituta dauzkate (telebista, tableta, telefono, ordenagailu, switch…) eta wifia ere libre. Harreman barik etxean, hikikomori izatetik gertu.

Astegunetan ume handi horietako batzuek eskolako jangelan bazkaltzen dute, eta asteburuetako eguerdiko otorduetan bakartzen dira gelan. Beraz, noiz egoten dira familiako beste kideekin? Eskola eta eskolaz kanpokoak badituzte, lagunekin ere ibiltzen dira, afalordua ere antzekoa izango da… Nola egiten dituzte familia harremanak? Ezin, ez dute unerik horretarako. Argi dut jatorduak tripazorriak akabatzeko ez ezik, komunikaziorako tarteak ere badirela. Heziketa jasotzeko, berriketan egiteko, forma onak ikasteko, aholkuak, barreak, haserreak… konpartitzeko. Elkarrekin egoteko, berba baten. Nire barruko antzinako andreak munduaren akabera ikusten du moda horretan, desafekziorako urrats itzela, gizartearen gainbehera.

Erabat aztoratuta Txipiroiaren estrategia telesailaz jardungo dugu, nolatan ikusten duten hain txikiek. Bada, horrela, lagunok: utzikeriaren tinta beltza baino ez dugu behar pantaila aurrean txipiroiak izateko.