23.000 euroko beka arnasguneei balioa emateko

Aurtengo Euskal Antzerki Topaketak hasi bakarrik egin diren arren, datorren urteko ekitaldiari begira antzerkigileen interesekoa izango den beka baten berri eman dute Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Elkarrekin abiarazitako Arnasa gara kanpainaren barruan, Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute. Arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzea izango da bekaren helburua, eta 23.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Azaroaren 15era arte egongo da zabalik proposamenak bidaltzeko epea, eta epaimahaiak abenduaren 3an jakinaraziko du zein den irabazlea. Irabazleak apirilaren amaierarako aurkeztu beharko dio oinarrizko gidoia epaimahaiari. Diruaz gain, Azpeitiko Dinamoa sormen gunea bizpahiru astez erabiltzeko aukera ere eskuratuko du talde irabazleak, antolatzaileek ordainduta egonaldia, sormenerako espazioa, baliabide teknikoak, lotarako lekua eta otorduak. Oinarrietan ageri den baldintzetako bat da antzezlana antzokietarako zein areto txikiagoetarako moldatzeko modukoa izatea, euskararen arnasguneak diren herri asko txikiak direlako eta antzokirik ez dutelako.

2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute antzezlana, eta lehen emanaldi horrez gain, bekaren antolatzaileek gutxienez beste hamar emanaldi ere lotuko dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.