Baserritik harago doan paisaia

Baserritik harago doan paisaia

Jon Miranda

Aranzadi zientzia elkarteko Oihane Mendizabalek, Eneko Iriartek eta Josu Narbartek Baserri-paisaiaren geoarkeologia Zizurkilen: Erdi Arotik XXI. mendera lana argitaratu dute Munibe antropologia-arkeologia aldizkari zientifikoan. Baserriak Zizurkilen artikulatzen dituen kultur paisaiak aztertu dituzte, laborantzak utzitako arrasto materialak eraikinen bilakaerarekin alderatuta.

Ikerketan lortutako emaitzek agerian utzi dutenez, tokiko paisaia “etengabeko bilakaeran” dago, ingurumen faktoreek eta giza jarduerek moldatuta, bereziki laborantzak. “Zizurkilgo azterketak erakutsi digu kultur paisaiaren izaera konplexua eta dinamikoa dela, landa komunitateen historia ikertzean azalpen mono-kausalak ez direla nahikoa”, nabarmendu du Narbartek. “Azterketa egiteko, landa komunitateetan sortzen diren harreman sozial eta ekologikoen epe luzeko azterketa bat behar da, diziplina anitzekoa. Gure inguruan dauden paisaiak ez dira soilik paisaia naturalak, kulturalak baizik; historia baten emaitza dira, gure kasuan baserriaren bilakaerarekin lotutako historiaren emaitza”.

Aranzadi zientzia elkarteak dokumentuak erabili ditu analisia egiteko, eta, horrekin batera, ahozko erreferentziak bildu ditu. Arkitektura elementuen azterketa egin dute ikerlariek, eta lurzoruen zundaketetan oinarritutako metodologia geoarkeologiko bat aplikatu dute: “Geologian askotan erabiltzen den metodologia da hori, baina orain arte ia ez da erabili izan galdera arkeologikoei erantzuteko, ez hemen, ezta hemendik kanpora ere”. Zizurkilgo bost gunetan egin dituzte zundaketak, eta, lur horien ezaugarri fisiko eta kimikoak aztertuta, lurrean gertatu diren aldaketak berreraiki dituzte, horiek eragin dituzten giza jarduerei eta ingurumeneko prozesuei erreparatuta.

Frogatu ahal izan dute baserriekin batera paisaiak eraldatuz joan direla Zizurkilen, Erdi Arotik XXI. mendera. “Egia da azken urteetan Euskal Herrian dezente landu dela baserriaren inguruko arkeologia; asko aztertu izan da egitura arkitektoniko gisa, eta euskal ondarearen datu baseetan txertatu dute. Baina gutxitan jarri zaio arreta baserriaren inguruko paisaiari”, esan du Narbartek.

Hiru aro paisaien bilakaeran

Giza jarduerak eta bereziki laborantza praktikek lurzoruan utzitako aztarnekin lotu ahal izan dute ikerlariek baserri modernoaren hedapena. Paisaia “tradizionalaren” bizkarrezurra osatu zuen birkonfigurazio garai bat identifikatu dute XIV. mendetik XVI. mendera: “Herrian topatu ditugun baserri zaharrenen inguruko lursailen lehenbiziko antropizazioa edo artifizializazioa agertzen da hor. Ongarriak erabiltzen hasi zirenaren zenbait seinale topatu ditugu, eta garai horretan nekazaritza jarduerarako inguruko lurrak egokitzen hasi zen gizakia; higadura handia zegoen tokietan euste hormen eta betelanen aztarnak topatu ditugu”.

Bigarren aldi batean, XVII. mendetik XIX. mendera, “intentsifikazio adierazgarri bat” frogatu ahal izan dute ikerlariek, labore amerikarren sarrerak eragindako iraultzari lotuta. Narbartek azaldu du “materia organikoz aberatsagoak diren lurzoruak” topatu dituztela fase horretan: “Nekazaritza zikloen eraldaketa gertatu zen hor. Errotazio sistema berri bat sortu zen, eta garia, artoa eta arbia txandakatzen hasi ziren soroetan”. Aranzadiko kideak azaldu du lur unitate bakoitzeko “etekin handiagoa” ateratzen zutela horri esker. “Baina lurra azkarrago pobretzen da horrela. Horri aurre egiteko, ongarriak erabiltzen zituzten, eta, ongarriek eragindako azidifikazioa neutralizatzeko, berriz, karea. Garai horri dagozkion zundaketetan ikusi dugu kaltziorik gabeko lurrak kaltzioz aberastuta ageri direla”.

XX. mendetik, gainbehera

Paisaiari begiratuta, XX. mendeaz geroztik gainbehera bizkor bat antzeman dute ikerlariek. “Lursailetan, lehen 20-30 zentimetroetan ez da karerik ageri. Materia organikoaren kontzentrazioa askoz altuagoa da hor, eta zenbait kutsatzaile agertu dira, metal astunak eta kimikoak, adibidez”. Ikerlarien ustez, polilaborantza bertan behera utzi, eta baserritarrak zereala abandonatzen hasi ziren garai hartan. “Autokontsumorako laborantza desagertu, eta merkatura bideratutako ekoizpen espezializatuak nagusitu ziren. Behin beren funtzionaltasun produktiboa galduta, baserri asko eraberritu egin dituzte landa giroko etxebizitza bihurtzeko; azken hamarkadetan autokontsumorako eta aisialdirako jarduera gisa landu izan dira baratze txikiak”, dio Narbartek.

Egindako lanak erakutsi du baserriaren kultur ondarea ez dela mugatzen eraikinera; baserriak eta bertan egiten diren jarduerek eragin zuzena dute paisaian. “Eta paisaia horri eragiten dioten afekzioek arriskuan jar dezakete ondarea bera”, aipatu dute Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek. XXI. mendera etorrita, ikerlariek gaineratu dute azken hamarkadetan eraiki izan dituzten azpiegiturek “haustura bisuala” eragin dutela. Euskal Y sareak, adibidez, udal barrutia zeharkatzen du: Adunibar, Alkanitz eta Salugarate baserrietatik metro gutxira igarotzen da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.