Berrogei kalamu elkartetako kideek iritziak partekatuko dituzte Donostian

M. Garate

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako berrogei kalamu kontsumitzaile elkartetako ordezkariak elkartuko dira gaur, Donostiako Miramar jauregian, egun osoko jardunaldi batean. AMIA deitu ohi zaion tresna soziologikoaren bidez, zein aukera, mehatxu, indargune eta ahulezia ikusten dituzten aztertuko dute.

Eraikiz mugimenduak antolatu du saioa. 2019an batu ziren kalamu elkarteen sektoreko zenbait eragile eta aktibista egitasmo hori sortzeko, eta, sustatzaileen esanetan, “lan tresna sozial gisa defini daitekeen egitasmo bat” da. Gaurko saioa antolatzeko Renovatio fundazioaren eta Eusfacen lankidetza izan dute. Era berean, EHUko hainbat diziplinatako irakasle talde bat arduratuko da saioaren gidaritzaz eta koordinazioaz; tartean, Xabier Arana EHUko irakasle eta Kriminologiaren Euskal Institutuko kidea. “Kontsumitzaileek hartuko dute parte, eta, partaidetza teknikak erabiliz, gaur egungo egoeraren argazki bat ateratzeko balioko du saioak”, iragarri du Aranak.

Alabaina, helburu jakin bat ere izango du jardunaldiak; izan ere, kalamu elkarteetako ordezkariek esandakoak txosten batean bilduko dituzte EHUko kideek, eta ondorio horiek proposamen moduan helaraziko dizkiote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko 1/2016 Legearen 83. artikuluaren erregelamendua garatu behar duenean kalamu elkarteek egindako ekarpenak kontuan har ditzan.

Zein gai jorratuko dituzten galdetuta, Aranak esan du ezin dela jakin; hain zuzen ere, elkarteei entzutea delako saioaren helburua. Gogoratu du era askotakoak direla elkarteak; alegia, askotariko errealitateak dituztela, baina azaldu du landaketena izan ohi dela gai garrantzitsuetako bat. “Lehen posible zen kalamu kontsumitzaile elkarteek landaketak egitea; orain askoz mugatuago dago kontua legediaren eta jurisprudentziaren aldetik”.

Orain arteko foro handiena

Berez, iaz zen egitekoa Eraikiz-ek antolatutako foroa, baina edukiera mugengatik eta abarrengatik atzeratzea erabaki zuten. Hainbeste kontsumitzaile elkarte batuko diren lehen aldia izango da, eta antolatzaileek mugarritzat jo dute gaurko saioa. Azken topaketan —2014an—, dozena bat elkarte elkartu ziren.

Gipuzkoan eta Euskal Herrian egon daitezkeen kalamu kontsumitzaile elkarteen gaineko datu eguneraturik ez dago, baina azken datuetan aipatzen zen 180 inguru izan zitezkeela, eta 7.000 bazkide zituztela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.