Eibarko trenbide gaineko paseoak auzoa “hilko” duela salatu dute

Eibarko trenbide gaineko paseoak auzoa “hilko” duela salatu dute

Miren Garate

Urriaren 8an jakinarazi zuten Eibarko PSE-EEren eta EH Bilduren udal taldeek akordioa lortu zutela proiektu “estrategiko” batean: Estaziño kaleko geltokitik Azitainera doan trenbide zatia estali nahi dute, oinezkoentzako pasealeku bat egiteko —Elgoibartik iritsita, Azitain aldetik sartzen da Eibarrera—. Obraren hasierako aurrekontua 17,4 milioi eurokoa da, eta Europako Next Generation funtsekin finantzatuko dute %90. Gainerakoa, berriz, Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak erdibana jarriko dute: 400.000 euro inguru bakoitzak. Hainbat auzotarrek, ordea, kritika egin diote egitasmoari, eta salatu dute auzoa “hilko” duela.

Trenbidearen gainean pasealekua egiteko ideia ez da guztiz berria. 2019an ere iragarri zuen asmo hori Eibarko Udalak. Eusko Trenbide Sareak orduan egindako proiektua “hobetu” egin dutela esan dute orain bi taldeetako ordezkariek. Haien esanetan, bermatu egiten dute pasealekua ahalik eta urrunena geratzea inguruan dauden etxeetatik, eta, bestalde, proiektuak hobekuntzak dakarzkio irisgarritasunari.

Bizilagunen haserrea

Eman dituzten xehetasunen arabera, Estaziño kalean hasiko da pasealekua, eta zazpi metro inguru zabal izango da; igogailu berri bat egingo dute hara iristeko. Pasealekua, zatirik gehienean, sei metro garai egongo da trenbide gainetik, eta ibilbide osoan bidegorri bat izango du. Jon Iraola alkatearen esanetan, pasealekuak eragiten dien bizilagunek kexak helarazteko eta aldaketak proposatzeko aukera izan zuten 2019an, eta udal teknikariek aztertu ostean, proiektuan sartu dituzte batzuk. “Hala ere, zabalik gaude hobekuntzak eta ekarpenak jasotzeko, proiektua bizilagunen interesekin bateratzeko”, esan zuen alkateak urriaren 8an, akordioaren berri ematean.

Alabaina, bestelako iritzia dute pasealekua egingo duten gunearen inguruan bizi diren hainbat auzotarrek. Beren iritzia ez dela kontuan hartu salatu dute. “Urriaren 8an jakinarazi zuten akordioa, nahita, lau jaiegun zetozela jakinda. Europako diru hori ezin dela galdu diote, baina zergatik ez da adostu alde guztien artean, eta dirua gune hori guztia berpizteko eskatu?”, galdetu du Leire Troitiñok, Asua-Erreka auzoko bizilagunetako batek. Pasealekua bere etxetik metro gutxira egingo duten arren, ez diotela proiekturik erakutsi dio. Haren esanetan, ezustean harrapatu ditu PSE-EEren eta EH Bilduren arteko akordioak, eta plataforma bat sortzekotan dira auzotarrak.

Trenbidea estali eta pasealekua haren gainetik egiten badute, auzoa behean geratuko dela dio Troitiñok, “lurperatu” egingo dituztela inguruko etxeak, eta inor gutxi pasatuko dela handik. “Pasealekua egiteak esan nahi du mendian hormigoia jartzea, eta lehendik ere nahiko berdegune gutxi ditugu Eibarren. Nik, adibidez, orain, mendia ikusten dut nire etxetik, eta, gero, hormigoi puska bat izango dut aurrean”.

Trenbidea estaltzeko proiektua “azken tanta” izan dela dio, baina, batik bat, Eibar ekialdeak azken urteotan izan duen “degradazioak” kezkatzen dituela. “Barrena kalea, Azitain, Txota… erabat utzita daude. Eta halako dirutza gastatu behar dute jendeak pasiera egiteko? Ez da logikoagoa beheko aldea biziberritzea, hango bizilagunak izorratu beharrean?”.

Troitiñoren arabera, gauza ugari egin daiteke Eibar ekialdeari bizitza handiagoa emateko. Esate baterako, kontatu du Elgoibar arteko bidegorriak jendea ekarri duela auzora, eta tabernek igarri egin dutela bezeroen gorakada. “Paseotik bueltan, jendea mahaietan esertzen da, denda txiki bat ere ireki dute… Baina pasealeku berria mendiaren goian egiten badute, dena hilko da”. Egin daitezkeen beste hobekuntza batzuk ere aipatu ditu: “Trena menditik doa, eta auzoa behean geratzen da. Alde batean etxeak daude, eta, beste aldean, fabrikak, horietako asko hutsik. Fabrika horiek industrialdeetara eramatea, parke bat egitea, erreka berriro ateratzea… Gure ustez, gauza asko egin daitezke auzoa biziberritzeko”.

Eibarren beste aldean ere —Ardantza geltokiaren inguruan— trenbidearen gainean pasealekua egin zuen udalak orain dela urte batzuk. Oraingo proiektua salatzen duten auzotarren ustez, ordea, ez dira konparagarriak bi egoerak. “Han ere egon ziren kaltetuak, baina trenak banatu bezala egiten zuen herria, eta, lanak egin ostean, lortu zen auzoak lotzea”.

“Minduta” EH Bildurekin

Troitiñok esan du EH Bilduk proiektua babestu izanak “mindu” dituela batik bat, orain dela bi urte, udalak lehen proposamena egin zuenean, talde hori aurka agertu baitzen, bai eta oposizioko beste talde guztiak ere. “EH Bildurekin bildu ginen, eta galdetu genien zer proposatzen zuten beheko alderako. Erreka ateratzea, pasealekua behean egitea eta abar esan ziguten; eta, bat-batean, trenbidea estaltzeko proiektuari baietz esan diote”. Bestelako interes batzuk tarteko, Eibar “trukerako txanpon” moduan erabiltzen ari diren sentsazioa dutela gaineratu du auzokideak.

Udalean bederatzi ordezkari ditu PSE-EEk, sei EAJk, bost EH Bilduk eta bat EP Elkarrekin Podemosek —proiektuak aurrera egiteko, aldeko 11 boto behar ziren—. EH Bilduk esan du pozik dela, “esku hartze urbanistiko batez harago, auzoa erabat biziberritzeko neurriak” adostu dituztelako. EAJk eta EPk akordioa gaitzetsi dute, “auzotarrekin kontsultatu gabe” egin dutelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.