“Entrenatzeko denbora hartuz gero, final batetik gertu ibil naiteke oraindik”

“Entrenatzeko denbora hartuz gero, final batetik gertu ibil naiteke oraindik”

Josune Zarandona

Joan den urriaren 17an, Promozio mailako Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa irabazi zuen Iñaki Azurmendik (Beasain, 1972) Araian (Araba). Txapelaz gain, maila nagusiko kanporaketetan aritzeko eskubidea ere irabazi zuen. Hori zuen helburu nagusia, “berriz ere onenen artean lehiatzeko aukera izatea”. Joan den larunbatean jokatu zuten maila nagusiko lehen kanporaketa, Zestoan, eta, finalean sartzerik izan ez badu ere, “gustura” dago egindako lanarekin.

Azkenean, ez zen posible izan larunbatean eta finaletik kanpo gelditu zinen.

Kanporaketaren aurreko egunetan katarroarekin ibili nintzen, bularraldea erabat hartua izan dut, eta gaizki aritu nintzen entrenatzen. Beldur horrekin joan nintzen larunbatean, baina, hala ere, uste baino hobeto erantzun nuen. Oso ondo hasi nintzen, baina eztulak eman zidan gero, eta ez zidan utzi aizkoran nire lana egiten. Dena den, gustura nago egindako lanarekin.

Ez zen posible izan finalean aritu ahal izateko lehenbiziko seien artean sailkatzea, baina maila nagusian mantentzea zen zure lehentasuna, eta hori, behintzat, lortu duzu, ezta?

Hori da. Ondo egonda, finalean sartzeko aukera izan nezakeela uste dut. Azkenean, seigarrenarengandik minutu eskasera geratu nintzen; hobeto egon izan banintz, finalean sartzeko moduan egongo nintzela iruditzen zait. Bi egun lehenago, nola nengoen ikusita, bederatzigarren egingo nuela esan izan balidate, ez nukeen sinistuko. Lau utzi nituen atzetik, eta, gauzak horrela, beteta geratzen da aurtengo helburua.

Zer-nolako maila egon zen kanporaketan?

Orokorrean, oso ona. Mikel Larrañagak lan bikaina egin zuen, Iker Vicente faboritoari aldea atera zion, eta adi egon beharko dugu aurrerantzean egingo duenarekin ere.

Promozio mailako txapelketa irabaztea ere garrantzitsua izan da zuretzat, ezta?

Irabazteko gutxi eta galtzeko asko nuen final hartan. Faboritoa nintzen, eta presioa eragiten du horrek. Aspaldian lehiatu gabe nengoen, eta bizkarreko lesio batetik suspertzetik nentorren; kezka sortzen zidan horrek. Baina, bestalde, nire lana ondo eginez gero, banekien irabazteko aukera handia nuela. Irabazi egin nuen azkenean, eta pozik nago lortutakoarekin, noski.

Nola bizi izan zenuen azken final hori?

Nahikoa lasai joan nintzen, eta txapelketan egin beharreko lana ere ondo bideratu nuen. Baina presio handia izaten dugu horrelakoetan. Bigarrenari ia bi minuturen aldea atera nion, baina saio guztian ez nintzen gustura sentitu neure buruarekin. Medikuarekin hitz egin nuen gero, eta, ziurrenik, joan den astean izan nuen katarroa, dagoeneko, inkubatzen hasita egongo nintzela esan zidan.

Iaz lehiaketei uko egin behar izan zenien osasun arazoengatik, eta horregatik jaitsi zinen bigarren mailara.

Bai. Koronabirusa harrapatu nuen orain urtebete inguru, eta ezin izan nuen parte hartu lehiaketetan. Bigarren mailara jaitsiko nintzela erabaki zuten, eta nik ere ez nuen jarri eragozpenik.

Nola bizi izan duzu maila galtze hori?

Ondo. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin aritu izan banintz, urtebete gehiago galduko nukeen, aurten bigarren mailan aritu beharko nukeen oraindik, eta, nahiz eta txapelketa irabazi, hurrengo urtera arte ezingo nukeen aritu maila nagusian. Sherpa.ai-rekin, ordea, ezberdina izan da, Promozio Txapelketan lehen bi postuetan sailkatu ginenok zuzenean maila nagusian aritzeko aukera izan baitugu.

Euskal Herriko Herri Kirol Federazioa aipatu duzu. Iaz hainbat aizkolarik salatu zenuten deseroso zeundetela federazioarekin. Zer gertatu zen, zehazki?

Alboratuta sentitu ginen. Aurretik ere bagenituen tirabirak federazioarekin. Txapelketetako sariak jaitsi zizkiguten eta deseroso sentitzen hasi ginen. Nik 2011n Euskal Herriko Txapelketa irabazi nuenean, 3.000 euroko saria izan nuen. Baina 2013an berriz irabazi nuenean, saria 1.800 eurora jaitsi zuten. Irabazirik ez dagoen garaian ulertzekoa da erabaki horiek hartzea, baina azkenaldian egon bazegoen txapelketetan parte hartzeko jendea, eta argi ikusten zen errentagarria zela. Iazko ekainean, COVID-19agatik txapelketarik ez zutela antolatuko jakinarazi zigun federazioak. Hainbat aizkolari elkartu ginen, eta txapelketa gure kabuz antolatzeko proposamena egin genien. Gastuen kargu ere gu egingo ginela aurreratu genien. Ofizialtasuna emateko eta txapelak jartzeko bakarrik eskatu genien haiei. Baina ez ginen ados jarri, harreman guztiak eten genituen, eta aizkolariok geure bidea hartuko genuela erabaki genuen. Sherpa.ai enpresarekin tratua itxi genuen, eta gaur egun 21 aizkolari gaude guztira taldean. Eskatu genuena logikoa izan zela uste dut.

Gaur egun zein da egoera?

Gauzak berdin daude gaur egun ere. Bileraren bat edo beste egin dugu, baina, oraingoz, ez gara ados jarri. Iaz, maila nagusian geunden aizkolari guztiak, eta gaur egun mailarik onenean ari direnak daude Sherpa.ai taldean. Sherpa.ai Txapelketa, izen hori jarri diogu, Euskal Herriko Txapelketa ezin dugulako jarri. Izenak izen, niretzat hauxe da aizkoran maila goreneko txapelketa. Federazioak aurten Euskal Herriko Txapelketa antolatuko duela iragarri du, baina ez daude aizkolari asko, eta taldea osatu ezinda ibili dira. Iaz bigarren mailan zeudenek jokatu beharko dute txapelketa hori, eta horregatik, mailari dagokionez, asko jaitsiko dela iruditzen zait.

Nola dago aizkolaritza gaur egun?

Oraintxe, maila oneko gazteak egon badaude aizkoran: Iker Vicente, Eneko Otaño, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa… Aizkoran aritzeko gazteak dira oraindik, eta oso maila ona dagoela uste dut.

Maila nagusiko aizkolaririk beteranoena zara zu, 49 urterekin. Oraindik ez daukazu asmorik erretiratzeko?

Aurten jada motibazioa ez da berbera. 3 urteko semea daukat, lana… Zaila da denerako astia hartzea. Adinarekin, entrenatzeko behar handiagoa egoten da, eta indarberritzeko ere denbora gehiago behar izaten da gero. Urte asko daramatzat aizkoran, eta gazteei ere tokia utzi behar zaie.

Nola sentitzen zara zu?

Orain hiru urte, Euskal Herriko Txapelketa azkenekoz jokatu nuenean, podiumera igotzeko aukera izan nuen, eta asko da hori. Entrenatzeko denbora hartuz gero, final batetik gertu ibil naitekeela iruditzen zait, eta ezin dut gehiago eskatu gaur egun dagoen mailarekin. Aurten ere, gehiegi prestatzeko aukerarik izan gabe, Promozio Txapelketa irabazi dut. Urte gorabeheratsua izan da zentzu guztietan, osasun arazoak izan ditut, disko hernia bategatik ebakuntza egin didate… Ondo bizkortu naiz, eta zortea izan dut gorputzak modu horretan erantzun duelako. Mailari dagokionez, ondo ikusten dut neure burua.

Urte hasieran, elurte batean, erortzeko zorian, bizkarrean lesioa izan zenuelako egin dizute disko herniako ebakuntza, ezta?

Entrenamendu bat amaitu, eta gasolindegira joan nintzen. Elur pixka bat zegoen, irrist egin nuen, eta bizkarrean zaintiratu bat sentitu nuen. Hasieran, ez nuen uste ezer larria izango zenik, baina aste batzuk geroago ibili ezinda geratu nintzen. Medikuarengana joan, eta martxoan egin zidaten ebakuntza. Oso ondo indarberritu nintzen. Pentsa, uztailaren 16an Sherpa.ai-ren maila nagusiko Binakako Txapelketan parte hartu nuen, Iker Vicenterekin. Ruben Saralegik ez zuen parte hartzerik izan, eta haren ordez aritu nintzen. Bost bikotetatik bigarren geratu ginen; ongi eutsi nion lanari, eta lesioa erabat ahaztuta gelditu zen. Gero iritsi zen urriko Promozio mailako finala.

Euskal Herriko txapeldun izan zinen 2011n eta 2013an, eta bigarren 2014an. Gipuzkoako Txapelketa sei aldiz irabazi duzu. Urrezko Aizkora bitan: banaka, 2015ean, eta binaka, 2011n, Aitzol Atutxarekin. Bigarren mailako txapela ere eskuratu berri duzu orain. Zer gehiago geratzen zaizu lortzeko?

Donostiako Urrezko Kopan bigarren egin dut hiruzpalau aldiz, eta horixe da orain arte irabazi ez dudan txapelketa bakarra. Gainontzean, dauden txapelketa guztiak irabazi ditut, eta ez daukat gehiago eskatzerik. Handia da Euskal Herriko bi txapel edukitzea; oker ez banago, bost aizkolarik bakarrik daukagu marka hori.

Zein helburu dauzkazu aurrera begira?

Gozatzen jarraitzea da helburua. Txapelketa batean parte hartzeko ondo entrenatzeko aukera izatea gustatuko litzaidake, final batean sartzeko aukera izatea. Polita litzateke hori, baina dagoeneko ez daukat txapel batekin amets egiterik.

Zer sentitzen da txapelketa bat irabazi eta txapela jartzeko une horretan?

Poz handia. Gipuzkoako Txapelketak irabazi nituen lehenengo, baina berezia da Euskal Herriko txapela irabaztea. Orduan ahaztu egiten dira entrenamenduetako gorabehera guztiak. Egindako lanaren eta sakrifizioaren saria da. Ez da erraza une horretan sentitzen dena azaltzea. Niretzat garrantzitsua izan zen Euskal Herriko lehenbiziko txapela, bereziena; konfirmazioa izan zen bigarrena. Floren Nazabalen aurka jokatu nuen, eta gogorra izan zen. Hemeretzi segundoren aldea izan genuen final guztian, eta irabazi ere sei segundoren aldearekin irabazi nion. Ez dut uste hain final esturik besterik izan denik.

Zer eman dizu aizkorak?

Batez ere, lagunartea, ezagutu dudan jendea. Eta esperientziak. Idahoko (AEB) Euskal Astean egoteko aukera izan nuen 2005ean, eta oso esperientzia polita izan zen.

Zeintzuk dira aizkorarekin dituzun lehenbiziko oroitzapenak?

Haurra nintzela, 5 bat urterekin, Anjel Arrospide Arriaran inguruan ibiltzen zen kamioiarekin. Geroago, Arrospide aizkoran hasi zenean, harekin hasi nintzen, probatzeko; 15 bat urte izango nituen. Betidanik izan dut gustuko, eta Arrospidek beti animatzen ninduen; hark bideratu ninduen, nolabait esatearren. Seguran Euskal Bizikletako etapa bat amaitzen zela eta, aizkoran aritzea proposatu zidaten behin. Gutxika-gutxika, herrietako erakustaldietan parte hartzen hasi nintzen, eta herri kirol talde bat ere bagenuen garai hartan. 23 urterekin jokatu nuen lehenbiziko txapelketa, Gipuzkoako hirugarren mailakoa. Pixkanaka, gora joateko aukera nuela ikusi nuen, eta horrela iritsi naiz gaur egunera arte.

Nola gogoratzen dituzu hasierako garai haiek?

Aizkolari gutxiago zegoen orduan, baina beste maila bat zegoen. Aizkolariak ere beste modu batera baloratzen ziren, erakustaldietan parte hartzeagatik soilik eskupeko onak izaten genituen. Aizkorarekiko zaletasun handia zegoen Goierrin, eta erakustaldi handiak antolatzen zituzten. Lehen, zaletasun handiagoa zegoen apustuetarako, eta herri kirol erakustaldietan ere jende gehiago biltzen zen. Gaur egun, gazteak joan joaten dira, baina gutxiago eta gutxiagotan.

Nola irudikatzen duzu aizkoraren etorkizuna?

Zail ikusten dut; ia ezinezkoa da aizkoratik bizitzea. Garai batean, apustuei esker bizi zitekeen honetatik, baina, gaur egun, ez.

Pandemiak ere eragin dizue, noski: plazarik gabe egon zarete denbora luzean. Udazken-neguetarako saioren bat edo beste aurreikusita daukazue?

Pandemia iritsi aurretik, 30 erakustalditik gora egiten nituen urtean. Orain, berriz, ez dago erraza. Oraingoz, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dugu azaroan. Gainerakoan, herrietan hasi dira mugitzen, eta Ormaiztegin erakustaldi bat dut sanandresetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.