Izaro Mariezkurrena: “Sortzen dudan guztia nigandik sortzen dut, nire emozioetatik”

Izaro Mariezkurrena: “Sortzen dudan guztia nigandik sortzen dut, nire emozioetatik”

Ikerne Zarate Gartziarena

Sorkuntza du afizio eta bizibide. Gustura sentitzen da diziplina anitzetan jauzi eginez, eroso bakar bati lotu gabe. Izaro Mariezkurrenak (Pasai Donibane, 1985) “irudigile eta artisau” gisa definitu du bere burua. Irudigile gisa egindako lana bere izen-abizenekin sinatzen du beti; jantzi eta osagarriak, berriz, Maridomingi markarekin sortzen ditu. Pasai Donibanen daukan tailerrak egun gutxi barru beteko du hamarkada bat bakarka hasitako bidearekin. Berrikuntzari ateak parez pare zabalduta, egunero ikasten jarraitzen duela esan du pasaitarrak.

Nola definituko zenuke zeure burua? Eta noiz erabaki zenuen sortzailea izan nahi zenuela?

Nik irudigile eta artisau gisa definitzen dut neure burua. Oihalezko jantzi eta osagarriez gain, irudiak ere egiten ditut, eta, arlo horren barruan, ilustratzaile, diseinatzaile eta argazkilari gisa aritzen naiz. Argi nuen sorkuntzaren bidea hartu nahi nuela. DBH amaituta, Donostiara joan nintzen Batxilergo Artistikoa ikastera; ez nekiena zen non amaituko nuen. Betidanik izan dut gogoko eskulanak egitea eta marraztea. Ikasketa horiek amaituta, Ilustrazioa eta Publizitate Grafikoa ikasi nituen. Denbora askoan ez nuen aurkitu ikasitakoarekin lotura zeukan lanik, eta argazki denda batean, haurrak zaintzen, tabernari gisa… aritu nintzen, ikaskide izandako batek Y Tantos Donostiako diseinu estudioan pertsona bat behar zutela esan zidan arte. Bost urtez aritu nintzen bertan lanean.

Orain zure proiektua duzu. Noiz jarri zenuen martxan?

Nolabait, behartuta hasi nuen bakarkako bidea. Krisia heldu zen, eta estudioko lana amaitu zitzaidala esan zidaten. Lanean ari nintzen bitartean, ikastaroak egin nituen; joskintzakoa, kakorratz lanekoa… eta Pasai Donibaneko San Tomas azokan postua jarri nuen nik sortutakoekin. Osagarriak sortzen hasi nintzen, artilezko lepokoak egiten, motxilak, poltsak… Hamar urte beteko dira jauzia egin eta nire kabuz lanean hasi nintzenetik.

Jendeak zer-nolako harrera egiten die zure sorkuntzei?

Oso ona, bestela ez nukeen jarraituko honetan. Maridomingi izenarekin sortzen ditut jantziak eta osagarriak [Maridomingi.com]; arlo horretan, ikaragarrizko garapena izan dudala ohartzen naiz, autodidakta moduan eta bezeroengandik ikasita, bidea elkarrekin egiten ari garelako. Egunero ikasten ari naiz. Irudigile gisa, berriz, Izaro Mariezkurrena naiz (Izaromariezkurrena.com).

Zer ezaugarri dituzte sortzen dituzun irudiek?

Emozioez hitz egiten dut nik; nigandik sortzen dut guztia, nire emozioetatik, eta naturak ere eragina du nire lanean.

Gogoan duzu inoiz eskatu dizuten lanik zailena?

Sorkuntzari irakaskuntzatik ekitea izango da, ziurrenik, eskatu didaten lanik zailena. Une honetan ikastaroekin ari naiz bete-betean lanean, eta horretan murgiltzea iruditzen zait zailena. Azkenean, sortzailea naiz ni, eta nahikoa bakartia da mundu hau. Dakizkidan gauzak zabaltzen hastea izan da, ziurrenik, eman dudan pausorik handiena. Hasi, haurrekin hasi nintzen, ikasketak amaituta, baina emakumeekin ari naiz egun, Pasaiako Jabekuntza Eskolako sormen tailerretan, eta beste hainbat lekutan ere eskaintzen ditut tailerrak. Zaila izan zen pausoa ematea, baina oso pozik nago erantzunarekin; ni ere asko ikasten ari naiz haiekin.

Eta zein izan da eskatu dizuten lanik bitxiena?

Batek baino gehiagok galdetu izan dit ea Mari Domingiren txanoak egiten ditudan. Tailerraren izena ikusita nahastu egingo zirela pentsatzen dut, izenak ez baitu zerikusirik horrekin. Nire abizenarekin egindako hitz joko bat da Maridomingi, eta beste osagai batzuk ere baditu horrekin batera: emakumea, sortzailea, ahaldundua…

Irudiak laminetara eramaten dituzu, egutegietara… Paretetara eraman al dituzu inoiz?

Bai, eraman izan ditut kalera; Pasaian, espazio publikora, edo Zumaian, Kalea guztiona da proiektuaren barruan. Sortzaile batentzat ikaragarria da espazio publikoa hartzea eta hor arrastoa uztea; asko gustatzen zait nire lan bat kalean ikustea, emozionatu egiten nau.

Sortzaileek erraza al duzue bidea?

Ez. Gure lana ez da babesten, agian ez dugulako ohiturarik eskuz egindako lanak baloratzeko, ez irudi gisa eta ezta produktu gisa ere. Gero eta gehiago ari dira balioa ematen, baina beste kontsumo eredu bat dugu egun: erosi, bota, gutxi gastatu, kalitateari garrantzirik ez eman, atzean dauden lanordu guztiei garrantzirik ez eman… Prezioekin borroka dugu, azkenean ez dugulako kobratzen egiten dugun lan guztiaren truke. Askotan galdetzen didate zenbat denbora igarotzen dudan lan batekin; josi, agian, berehala josten dut, baina josten hasi baino lehenago oihalak aukeratu behar izaten ditut, diseinua zehaztu, patroia egin, moztu, josi, argazkiak egin, sareetara igo… Ordu asko daude lan bakoitzaren atzean.

Zein da esku artean daukazun proiekturik handiena?

Tatuajegintzan hasi nahiko nuke, baina arlo horri nire esentzia emanda. Lanketa egiten ari naiz oinarria zehazteko eta nire diseinu propioak egiteko. Egiten dudan hori motibatzailea izan dadin nahi dut. Bestalde, ahizparekin batera sorginei buruzko album ilustratu bat egitea falta zait. Poliki doaz bi proiektu horiek, motel, baina ari dira bidea egiten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.