Konfiantza ere pitzatu da jada

Konfiantza ere pitzatu da jada

Unai Zubeldia

“Zaharkituta dago eraikina, pitzadurak dauzka, ez da irisgarria…”. Nekea nabari da Amaia Amutxastegi Urnietako Egape Ikastola Publikoko zuzendariaren hitzetan. “Urte asko daramatzagu kontu honekin, eta ez gara fio”. Amutxastegi 1987an hasi zen lanean Egapen. “Ikastola pribatua zen orduan”. Beste hainbat ikastolak egin bezala, 1993an publifikatu zuten Urnietako ikastola ere, eta Azkorte eskola publikoarekin bat egin zuen 1996-1997 ikasturtean —bi proiektuak Lehen Hezkuntzakoak ziren—.

Azkorteren eraikinean egokitu zuten DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eskaintza. “Baina gaur egungo eraikinak ez luke pasatuko ikuskatzerik; itxi egingo lukete”, salatu dute guraso elkarteko ordezkariek —izen-abizenak ematea baino, nahiago izan dute talde gisa hitz egitea—. “Interesak daude honen guztiaren atzean, baina ez dakigu zer motatakoak”, gaineratu dute. Urnietako Udalean gehiengo osoa dauka EAJk —zazpi zinegotzi—; lau zinegotzi dauzka EH Bilduk, eta bi PSE-EEk.

URNIETAKO EGAPE IKASTOLA PUBLIKOA

Egapek eta Azkortek bat eginda, eta Urnietan DBHren eskaintza bermatuta, bertako langileak eta gurasoak berehala jabetu ziren garai bateko Azkorteren eraikina ez zela egokia gazteentzat. Lizardi kaleko Lehen Hezkuntzako eraikinaren ondoko lursaila, Berrasoeta ondoko lur eremua, egungo eraikina zaharberritzea… Azken sei legegintzaldietan proposamen bat baino gehiago egon dira mahai gainean, baina bidean gelditu dira den-denak. “Ni 2017-2018 ikasturtean sartu nintzen zuzendaritzan”, esanez hasi du azalpena Amutxastegik. “Mikel Pagola zen orduko alkatea [EAJ]. Berehala heldu genion gaiari, eta presioa egiten saiatu ginen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bilera bat eskatuta, alkatearekin berarekin elkartuta, gurasoekin harremanetan jarrita…”.

Herme Gonzalez PSE-EEko zinegotziak gogoratu duenez, eurak 2000. urtean jada saiatu ziren Eusko Legebiltzarrera joan eta “ate guztiak jotzen”, DBHko eraikin berriaren gaiari “irmo” heltzeko. “Pausoak ematen hasi ginen, eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen, baina Urnieta zen arazoa. EAJk orduan esan zigun ezin zitzaiola aldaketa zehatz bat egin Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari, itxoin egin behar zela”. 2014ko urrian onartu zuten behin betiko Plan Orokorra —2007an onartu zuten behin-behinekoa—. “Eta geldialdi bat iritsi zen ondoren. Iruditzen zaigu EAJk inoiz ez diola heldu nahi izan proiektuari; ez dakit zergatik, baina argi dago hori”.

Legebiltzarkideen bisita

Ainara de Miguel EH Bilduko zinegotziak ez dauka zalantzarik: “EAJk itunpeko eskolaren aldeko apustu argia egiten du Urnietan. Magale da euren proiektua; eurek ez dute sinisten eskola publikoan. Herriko itunpeko eskola oso modernoa da, eguneratua…”. PSE-EEk 2000. urtean egin bezala, orain EH Bilduk jarri du eraikin berriaren gaia mahai gainean. “Gure freskotasunetik, gu izatez ez baikara politikariak, ezin genuen sinetsi proiektu batek hogei urte iraun zezakeenik gauzatu gabe. Horregatik, laguntza eskatu genion EH Bilduko legebiltzarkide den Ibai Iriarteri”. Haren eskutik, legez besteko proposamen bat eraman zuten legebiltzarrera. “Hezkuntza Saileko batzordekoak etorri ziren, eta harrituta gelditu ziren ikusi zutenarekin. Egia esan, zoragarri ari da portatzen Hezkuntza Saila”, ziurtatu du.

URNIETAKO EGAPE IKASTOLA PUBLIKOA

Itunpeko eskola, publikoa… Bikotasun horren harira De Miguelek egindako salaketen aurrean, Jorge Segurado alkateak erantzun du ez duela sartu nahi “ika-mikatan”. “Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, baina dena ez dago Urnietako Udalaren esku”. Alkateak gogoratu du Urnietako Udalean ez dela egon EAJ bakarrik alkatetzan. “Eta beste alderdiek ere ez dute aurrera egin proiektuarekin”. 2007an Urnieta Denon Artean (UDA) taldea iritsi zen alkatetzara, eta Mikel Izagirre izan zen alkatea.

Seguradok ziurtatu du eraikin berriaren eraikuntza “legegintzaldi honetako lehentasunetako bat” dela eurentzat. “Aurrekoetan izan den bezala. Guretzat herriaren etorkizunerako gakoetako bat da DBHko eraikin berria”.

Alkatearen hitzak zalantzan jarrita, Gonzalezek azpimarratu du azken urteotan familia asko joan direla Urnietatik beste herri edo hiri batzuetara. “2017an, esaterako, 160 gazte baino gehiago joan ziren, eta 6.200 biztanle eskaseko herri bati buruz ari gara hizketan. Gazte asko dira, etorkizunean familia bat osa dezaketen gazteak… Galera handia jasaten ari gara”.

Urnietako Udalak, gaur-gaurkoz, ez dauka lur gehiago bere jabetzan, eta orubearen okupazio zuzenari ekin behar izan dio lurrak eskuratu, urbanizatu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku uzteko, horiek jada lanei ekin diezaieten. Bide horretan, alkateak ziurtatu du eurak 2015eko irailean hasi zirela hizketan udalak eskuratu nahi dituen lur eremuen jabeekin. “Enpresa bati esleitu behar zitzaion gero proiektua, Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren oniritzia ere behar genuen, Ura Uraren Euskal Agentziarekin arazo txiki bat izan genuen inguru horretako erreka baten harira…”.

Eta lur eremu baten jabeak ere helegite bat jarri du bidean; epailearen erabakiaren zain dago oraindik. “Epaileak onartuz gero, eta guk aurkeztuko genituzkeen defentsarako arrazoiak atzera botaz gero, litekeena da proiektua gelditu behar izatea eta hasierako pausoetara itzuli behar izatea”, esan du Seguradok. “Baina teknikariek ziurtatu didate oso zaila dela horraino iristea”. Hain zuzen ere, horren beldur dira gurasoak. “Informaziorik ez daukagunez, ez dakigu zer gerta daitekeen helegitearekin. Azken bileran, alkatea diru konpentsazio batez aritu zen hizketan [hilabetero elkartzen dira alkatea, oposizioa, Egapeko zuzendaria eta gurasoak, eta azaroaren 10ean daukate hurrengo bilera], baina proiektua berriz ere gelditu egingo ote den susmoa daukagu. Gezur bat bestearen atzetik beti. Nekea sortzen du hainbeste aitzakiak”.

Zuzendariaren ustez “harrigarria” da “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere proiektu guztia garatuta edukitzea, eta Urnietako Udalak, arazo bategatik edo besteagatik, oraindik ere lur horien jabetza eskuratu ez izana. Zerbait badago hor”.

8.000 metro koadro?

Ustez pausoak ematen ari den proiektuak berak ere nahikoa zalaparta sortu du herrian. “Aspalditik 8.000 metro koadrori buruz hizketan ari da alkatea”, hasi du azalpena De Miguelek. “Hezkuntza Sailari 8.000 metro koadro eman nahi dizkiote urbanizatuta, baina Hezkuntza Sailak esaten du 5.000 nahikoa dituela. Zer gertatuko da, orduan, gainerako 3.000 metro koadroekin? Bigarren fase batean garatzeko zain geldituko gara? Hezkuntza Sailak ez du garatuko bigarren faserik. Udalak bai? Alkatea denbora irabazten ari da bere gezurrekin”.

“Plan Orokorrean eta Partzialean zehaztuta dago 8.400 metro koadro direla guztira, eta hor joango da eraikin berria”, defendatu du bere burua alkateak. “Guk 8.400 metro koadro emango dizkiogu Hezkuntza Sailari urbanizatuta, baina hark esan du 5.000 soilik egingo dituela. Udalaren asmoa da gainerako 3.000 metro koadroak ere eskolarentzat izatea, baina ikusi egin beharko dugu nola kudeatzen dugun gai hori; akordioren bat lortu beharko genuke guraso elkartearekin, eskolarekin eta oposizioarekin”.

Amutxastegik “kontraesanak” nabari ditu hasierako proposamenaren eta egungoaren artean. “Hasieratik argi zegoen planoan ageri den errepidea 8.000 metro koadro horien ertz batera igaroko zela, baina 5.000 metro koadro horien ondoan ageri da orain. Zergatik? Hori ez da adostu genuena”. Beldur bat ere badauka zuzendariak: “Eskola, azkenerako, 5.000 metro koadroan gelditzea. Baina ahoa bete zaie 8.000 metro koadro horiekin, eta metro horiek dagozkigu orain”.

Epe konturik ez, oraingoz

Inor ez da ausartzen epeez hitz egitera. Ezta alkatea ere. “Urtea bukatzerako ekin beharko genioke gune hori urbanizatzeari; sei-bederatzi hilabete lirateke. Ondoren emango genioke dena Hezkuntza Sailari, eta proiektua idazteaz gain —horretan ari dira jada—, lehiaketa deitu, proiektua adjudikatu eta lanak egin beharko lituzkete. Urtebete baino lehen ez liratekeela hasiko esan digute”.

Alkateak mezu bat dauka gurasoentzat eta zuzendariarentzat: “Eraikin berria ahalik eta azkarren eduki dezaten pauso guztiak ematen ari gara”. “Ez gara fio, ordea”, erantzun dute, behin eta berriz, Amutxastegik, guraso elkarteko kideek eta oposizioko alderdietako zinegotziek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.