Osasun erabilera egiten dutenak, larri pandemian

COVID-19aren pandemiak bete-betean eragin die kalamu kontsumitzaileen elkarteei ere. Gazte lokalen eta elkarte gastronomikoen zaku berean sartu zituzten, eta, konfinamenduko hilabeteetan ez ezik, itxita egon ziren iazko azarotik aurtengo ekainera bitartean ere. Aitor Brion Eusfaceko aholkulari juridikoak esan du kalamua erabilera terapeutikorako erabiltzen duen jendeak, adibidez, “oso gaizki” pasatu duela. “Labi batzordea oso zorrotza izan da gurekin, eta erabilera terapeutikoa egiten dutenak, desesperatuta, elkarteetako presidenteei deika eta abar ibili dira”. Era berean, azaldu du kalamu kontsumitzaile elkarte askok beren jarduera uztea erabaki behar izan dutela pandemiaren aurka hartutako neurrien eraginez.

Hilabete horietan Eusfaceko kideek neurriak malgutzeko eskatu zioten Labiri, erabilera terapeutikoa egiten zutenei begira ez ezik, murrizketek aisialdiko kontsumoa gutxitzerik ez zutelako ekartzen, eta automatikoki legez kanpoko merkatuak gora egiten zuelako. “Elkarte batzuek Labi batzordearekin malguegiak izatea ere leporatu digute. Batzuek esan digute neurri horiekin akaso Justizia Auzitegi Nagusira jo behar genuela, ostalaritzak egin bezala”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.