Balioek itotako literatura

Juan Luis Zabala

Literatur sarien eta liburu aurkezpenen garaian gaude, eta halaxe jarraituko dugu Durangoko Azoka amaitu bitartean. Horien harira, hainbat eztabaida sortu da azken asteetan, aintzat hartzeko modukoak batzuk.

Planeta sariaren inguruan sortu den polemikari dagokionez —hiru gizonek Carmen Mola ezizenarekin sinatutako nobela batek irabazi du Espainiako literatura saririk diruztatuena—, Katixa Agirrerekin bat nator: “Jakin badakit literatura (ere) merkatuaren legeen menpe dagoela hein handi batean, eta, azken urteetan, hainbat aldaketa sozialen karietara, emakumeen literaturak interes berezi bat piztu duela. Eskari horrek ekarri du eskaintzaren igoera apal bat. Baina datuek kontatzen dutenaren arabera, berdintasuna urrun dugu oraindik” (BERRIA, 2021-10-24).

Basilika podcast espazioan, berriz, Kritika krisian gaia izan du aztergai Jon Urzelai eta Kepa Matxainen Sakoneta saioak, eta pasarte batzuetan entzundakoak bat etorri dira, izenburuak berak iradokitzen duen moduan, Alberto Olmosi irakurri dizkiogun lerro batzuekin: “Duela urte batzuetatik hona, egunkarietako kultura sailek eta irratiko eta telebistako programek ez dute zerikusirik kazetaritzarekin, eta horrek esan nahi du ez dutela zerikusirik kulturarekin. Espazio horiek dendetako erakusleihoak bezalakoak dira; horietan, moda, multzoaren efektu kromatikoa edo azaleko erakargarritasuna hartzen dira kontuan” (El Confidencial, 2021-10-13). Liburu berrien kritika baino gehiago, haien propaganda egiten dela hedabideetan, alegia. Egiten den kritika gehiena gutxi ordaindua da, oso amateurra, eta, ondorioz, ez da benetan erreferentziazkoa izatera iristen, eta kasurik gehienetan oso azaleko irizpideen arabera —literaturaz kanpoko irizpideen arabera, alegia— erabakitzen da liburu bakoitzari hedabide bakoitzean zer presentzia eman.

Beste aje nabarmen bat ere salatu dute hainbat egilek. Zinemaz ari zela esanak izan arren, Carlos Boyeroren hitz hauek kultura sorkuntzaren alderdi orori aplikatzeko modukoak dira: “Uste dut inkisizio berri bat sortu dela. Zentsura berri bat dago, ikaragarri indartsua, autozentsurara eraman zaitzakeena. Zuzentasun politikoa diktadura bihur daiteke. Gauzak dauden bezala, ez naiz harrituko Shakespeareren ezeztapena eskatzen hasten badira” (La Razón, 2021-10-17).

Bide beretik jo du Santiago Alba Ricok, beste ikuspuntu batetik bada ere: “Literatura ez da gaizkiaren aurkako borroka; literatura txarraren aurkako borroka da. Arriskutsua da taldearen enpatia fikzioaren eremura eramatea, eta hortik kontrako esperientzia atera dugu beti: interesa izan dezakegula zure familiakoa ez den, zure adina ez duen, zure sexukoa ez den, bestelako larruazala duen norbaiti buruz” (CTXT, 2021-10-25).

Orobat Anjel Lertxundik ere, haur eta gazte literaturan azken urteetan oso zabalduta dagoen joera arriskutsu bat salatuz: “Umeei den-dena egina, pure bat balitz bezala ematea astakeria bat iruditzen zait; ez literarioa bakarrik, baizik eta astakeria pedagogiko bat” (BERRIA, 2021-10-15).

“Balioak lantzeko” idazten dira haurrentzako liburu asko, baina balio horiek balio literarioak azpiratu eta ito ohi dituzte biga bostetan; eta helduentzako literaturan ere indartzen ari da joera hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.