Dibulgazioa, pantailara

Bidasoko Nazioarteko XXI. Zinemaldi Arkeologikoa astelehenean hasiko da, Irungo Amaia KZn. Larunbatera arte, hemeretzi film ariko dira lehian sail ofizialean.

Unai Zubeldia

Siriako gerra gatazkaren eraginez arkeologo talde batek Alepoko museo nazionala defendatzeko egindako saiakera; Marokon aurkitutako garezur baten harira, Homo sapiensaren jatorri berrien azterketa; Italian, Baia hiriko munduko urpeko aztarnategi arkeologikorik handiena… Astelehenean hasiko da Bidasoko Nazioarteko XXI. Zinemaldi Arkeologikoa, Irungo Oiasso museoaren ekimenez eta Irungo Udalaren laguntzarekin, eta 29 proiekziorekin gozatu ahal izango da larunbatera arte. Hiru gune izango ditu aurtengo jaialdiak: Irungo Amaia kultur zentroa, Donostiako Aquariuma eta Hernaniko Orona fundazioaren egoitza. Filmak ikusteko ez da sarrerarik ordaindu beharko, eta sarean ere jarraitu ahal izango da jaialdia, Ficab.org webgunean.

Aizpea Goenaga da Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoko zuzendaria, eta hark onartu du COVID-19aren eraginez “arraroa” izan zela iazko ekitaldia, nahiz eta jaialdia egin ahal izan zuten azkenerako. “Urtarrilean, aurtengoa prestatzen hasi ginenean, geure artean aipatu genuen prest egon behar genuela edozertarako, pentsatzekoa zelako pandemia urtean ez zutela filmik grabatuko. ‘Ea hogei film iristen zaizkigun denera’, pentsatu nuen neurekiko”, aitortu du. “Kezka hori geneukan”.

Baina, ezustean, lan asko jaso dituzte aurten ere: 66 guztira. “Sormen handiko proiektuak jaso ditugu, eta horrek erakutsi digu bere bidean jarraitu dutela kulturak eta dibulgazio lanak”. Goenagak onartu du “oso zaila” izan zaiela hainbat film lehiaketatik kanpo uztea. “Baina aurten film luzeak dauzkagu laburrak baino gehiago, eta ezinezkoa izan da proiektu gehiagori tokia egitea. Azken finean, denborak mugatzen du gure eskaintza”. 5 minutukoak dira filmik laburrenak —Partículas celtiberas (Partikula zeltiberiarrak) eta Le pitture dell’anfiteatro di Pompei – I gladiatori (Ponpeiako anfiteatroko pinturak – Gladiadoreak), eta 88 minutukoa luzeena —Narbonne, la seconde Rome (Narbona, bigarren Erroma)—. Sail ofizialean ez dago euskarazko lanik. Hezkuntza saileko film guztiak jatorrizko bertsioan emango dituzte, euskarazko azpitituluekin —azaroaren 19koak izan ezik; gaztelaniazko azpitituluekin eskainiko dituzte egun horretako filmak—. Sail ofizialeko film guztiak, berriz, jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, gaztelaniazko azpitituluekin.

BIDASOKO NAZIOARTEKO ZINEMALDI ARKEOLOGIKOA

Aurtengoa 21. urtea izango du jada Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak. “Eta beste jauzi bat eman nahiko genuke, hori da gure erronka”, aitortu du Goenagak. “Jendeak oraindik ez du ezagutzen zinema arkeologikoaren mundu hau, eta plazer handia da film horiek pantaila handian ikustea”. Jaialdiaren zuzendariak zehaztu du “askotariko gaiak” landuko dituztela aurten ere. “Film arkeologikoak dira guztiak, baina ikerketa lanen azken aurrerapenak ere ikusi ahal izango dira. Film hunkigarriak daude tartean, politak, gogorrak… Asko ikas daiteke film dokumental hauek ikusiz, eta aurreiritzi asko eroriko zaizkigu, gainera, bide horretan”.

Sail ofiziala, bi zatitan

Hemeretzi film lehiatuko dira sail ofizialean, eta Historia tantak azpisail bat ere izango du, arratsaldeetan; historiaurreari buruzko bederatzi lan eskainiko dituzte bertan, eta Xabier Peñalver Praileaitzeko indusketen zuzendariak aurkeztuko ditu arratsaldeko saio horiek. “Plazer bat da horrelako pertsona bat gurean izatea”, onartu du Goenagak. Sail ofizialaz gain, beste hamar film ere eskainiko dituzte Hezkuntza sailean. “Sail horretan ahalegin handia egiten dugu ikastetxeei euskarazko azpitituluak dauzkaten filmak eskaintzeko”. Maria Intxaustegi urpeko arkeologoa ariko da sustatzaile gisa lanean.

Jaialdiaren zuzendariak ziurtatu du “oso publiko fidela” dela eurena. “Behin etortzen denak errepikatu egiten du normalean. Hori da jaialdi honen bereizgarri ederretako bat”. Goenagak Hezkuntza saila goratu du, bereziki. “Oso polita da gazte horiekin solasaldiak izatea; asko gustatzen zait. Normalean asko kostatzen zaie hitz egitea, baina iraganeko film hauek zerbait sorrarazten diete barruan, eta eroso sentitzen dira. Oso galdera zuzenak eta interesgarriak egiten dituzte beti”.

Azken batean, “dibulgazio lana” da Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren helburu argietako bat. “Normalean, ondo pasatzera joaten gara zinemara, eta ondo pasatuko dugu film hauek ikusiz ere. Baina ondo pasatzea baino zerbait gehiago ere bada gure helburua: gozatuz ikastea. Oso onuragarria da uztarketa hori”. Indusketetako piezak erakustera mugatu gabe, “nolabaiteko lupa bat” da jaialdia. “Adituen eskutik, tokian tokiko ekintza bakoitza ondo ikusten eta ulertzen laguntzen digu film bakoitzak. Arkeologo izateko pasioa sentitzen da film horietako asko ikusita”, esan du.

Irungo Amaia kultur zentroa izango da jaialdiaren gune nagusia, bertako auditoriumean eta hitzaldi aretoan eskainiko dituztelako filmetako asko. “Baina asteazkenean bi film eder ikusteko aukera izango da Donostiako Aquariumean ere”, gogoratu du Goenagak. Antonio Perez Moleroren La flota de Indias (Indietako flota) izango da lehenengoa, eta, ONCE Espainiako Itsuen Elkartearekin elkarlanean, Audesc sistemaren bidez ere ikusi ahal izango da film hori. “Iaz ekin genion bide horri”, zehaztu du Goenagak. Jarraian, Narbo Martius, la fille de Rome (Narbo Martius, Erromaren alaba) izango da bigarren proiekzioa.

Astelehenean, Olatz Beobidek egingo ditu aurkezpen lanak hasierako ekitaldian, eta antzinako musikaren emanaldia eskainiko dute Naroa Zuazua eta Ane Encabo irundarrek. 19:00etan hasiko da ekitaldi hori, Irungo Amaia kultur zentroko auditoriumean. Ondoren ikusi ahal izango da jada sail ofizialeko lehen filma, 19:30ean: The oath of Cyriac (Ciriac-en zina).

Lau sari banatuko dituzte

Azaroaren 20an, berriz, 18:30ean hasiko da amaierako ekitaldia, Amaia kultur zentroko auditoriumean bertan. Sari banaketa egingo dute lehenengo: 2.000 euro jasoko ditu sail ofizialeko film irabazleak, 1.000 euro publikoaren film gustukoenak, eta 750 euro Hezkuntza saileko film irabazleak. Arkeologia filmik onenari, berriz, Arkeolan saria emango diote —ez du izango diru saririk—.

Tokiko ekitaldi soila izan gabe, “elkarlana” da Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren oinarrietako bat. “Eta, horregatik, gure jaialdia amaitzen denean, egunotan ikusi ahal izango diren lau film sarituekin gozatu ahal izango dute Bizkaiko Arkeologia Museoan, Bilbon. Guk, berriz, haien erakusketa bat ekarriko dugu gurera”, azaldu du jaialdiaren zuzendariak.