Etorkizuna ereiteko unea

Etorkizuna ereiteko unea

Aizpea Amas Agirre

Klima aldaketaren gaia pil-pilean dagoen honetan, bat datoz adituak: larrialdiari aurre egiteko gakoetako bat jasangarritasuna da. Erpin askotako gai horren barruan dago basoen kudeaketa ere, eta azken horri helduko dio Baso Biziak plataformak, datorren azaroaren 27an, Irunen, Baso bizien aukerak. Matarrasik ez jardunaldietan.

Gipuzkoan baso naturalak “gutxi eta sakabanatuta” daudela adierazi du Rafa Perez Beristain Baso Biziak plataformako eta Mutriku Natur Taldeko kideak. “Baso naturalak eta artifizialak” bereizi behar direla gogorarazi du. Gizakiak esku hartutakoak dira azken horiek, “egurra ateratzera bideratutakoak”. 1950eko hamarkadan lursailen jabeak pinuak landatzen hasi ziren, egur hori gero paper lantegiei saltzeko. “Gipuzkoan eta Bizkaian pinuak diru asko eman du urte askoan. Lurjabeek uste dute lehen bezainbeste diru aterako dutela gaur egun, baina egurraren prezioa asko jaitsi da eta egurra ateratzeko lanaren prezioa asko igo. Etekina oso txikia da, beraz”, jakinarazi du Baso Biziak-eko kideak.

“Gaur egun, basogintza enpresak ateratzen dira irabazten basogintza eredu horrekin”. Horren ondorioz, baso naturalen egoera “tamalgarria” dela ohartarazi du Perezek. “Eusko Jaurlaritzaren txostenetan [basoak] gaizki edo oso gaizki daudela jasota dago”.

Espezierik landatuenak eukaliptoa eta kriptomeria dira egun. “Basozainek diote Gipuzkoan mila hektarea eukalipto daudela, baina gehiago direla esango nuke”, zehaztu du Perezek. Eskualde batzuetan besteetan baino ugariagoa da eukaliptoa. Debabarrena nabarmendu du plataformako kideak, baina baita Soraluze eta Bergara ingurua edo Hernani ere, esate baterako.

Eukaliptoa ez dago espezie inbaditzaile bezala kontsideratua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina, Baso Biziak-eko kidearen arabera, espezie inbaditzaileek bezala jokatzen du. “Eukaliptoa lur garbia dagoen tokian hazten bada, adibidez, sute baten ondoren, urtebeteren buruan, beste espezie guztien gainetik geratuko da. Espezie pirofitoa da, eta haren hazia oso azkar ernatzen da”. Cryptomeria japonica espeziea, berriz, Gipuzkoara “oso egur ona” lortzearren ekarri dutela esan du, baina, horretarako, “90-100 urte” behar direla gaineratu du.

Egungoa “inflexio puntua” dela uste du Perezek, eta oraingo erabakiek 30-50 urte barruko mendietan eragina izango dutela. Horregatik, lurjabeak kontzientziatu eta “baso kudeaketa jasangarri baten alde” egin du. Baso naturalak leheneratu eta bestelako basogintza bat bultzatzea proposatu du: “Basoak berez sortzen dira ganadurik botatzen ez bada edo zuhaitzak mozten ez badira”.

Europan naturak egiten duen berezko bidea kopiatzen ari direla azaldu du plataformako kideak: “Funtsean, lurrak landarediarik gabe ez uztea da kontua. Zuhaitzak ez dira bota behar denak batera, txandaka baizik. Zuhaitz gazteak berez irteten dira botatako lekuetan, eta bost urtez behin mozketak egiten dituzte, baina landare gazteak mantenduz beti”. Horrekin lotuta, zenbait egitasmo badira Gipuzkoan; Errez kooperatibarena aipatu du Perezek. Hain zuzen, kooperatiba horrek Baso Bizien aukerak jardunaldietan aurkeztuko du bere proiektua. Basoak modu jasangarrian kudeatuz, zura, sutarako egurra eta bestelakoak ekoiztea bultzatzen du, baina ekosistemak eta biodibertsitatea bermatuz.

Erakundeena, beste gakoa

Perezen aburuz, “legeak betearazi eta diru laguntzak beste modu batera bideratu” behar dituzte erakundeek. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza eremu naturalak babesteaz eta kudeaketa planak egiteaz arduratzen dela gogoratu du. Aldundiak, berriz, diru laguntzak kudeatzen dituela esan du, eta baita Mendien Legea ere. Udalek egun indarrean dituzten neurriak zorroztu ditzaketela ere uste du Perezek, eta Mutriku eta Elgetako adibideak eman ditu: “1994ko sute handiaren ondoren, arau subsidiarioetan biltzen da eukaliptoak ezingo direla landatu baserri eta bordetatik ehun metro baino gutxiagora”.

Diru laguntzak ere “bestelako ereduak babesteko” erabili beharko liratekeela iritzi dio Perezek: “Pinuen gaitzarekin, milaka hektarea bota eta jabeak babestu zituzten; alegia, dirua eman zitzaien galerak ahalik eta txikienak izateko, baina beren poltsikotik ordaindu behar zuten hori”. Kudeaketa jasangarria egiten duten jabeak saritzea defendatu du plataformako kideak. Jardunaldietan parte hartzeko, izena emateko, basobiziakplataforma@gmail.com helbidera bidali behar da mezua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.