Gurpil gaineko korrikalariak

Patinatzaileek 2010ean parte hartu zuten lehen aldiz Behobia-Donostia lasterketan. Azken uneko hutsunerik ezean, igandean 134 elkartuko dira irteeran. Francis Navarrok gogotik lan egin zuen patinatzaileek Behobian ere tokia izan zezaten.

Unai Zubeldia

Ehun urte. Erraz esaten da. 1919ko martxoaren 30ean antolatu zuten lehen aldiz Behobia-Donostia lasterketa. 36 atletak eman zuten izena orduan. Tartean ez zen emakumezkorik, eta ezta, korrikalariez gain, bestelako diziplinatako partaiderik ere. Gaur egun, 25.000 atletaren langa gainditu du lasterketak —27.183 korrikalarik amaitu zuten 2019an; iaz ez zen izan, COVID-19aren eraginez—, eta horietatik %25,6 dira emakumezkoak; Behobia Txikia ere antolatzen dute jada; eta datorren igandean irteeran izango dira aulki gurpildunean parte hartuko dutenak (9:30) eta patinatzaileak ere (9:35). Ondoren, 9:55ean abiatuko dira lehen korrikalariak, eta 11:40an azkenekoak.

Mende bateko eraldaketaren ikurretako bat da Francis Navarro patinatzailea. Irundarra —Gasteizen bizi da egun— 14-15 urterekin hasi zen bizikletan ibiltzen, eta eskiari heldu zion gero, “Tolosako kuadrillarekin”. Eta eskiatzeko entrenamendu gisa hasi zen patinetan ibiltzen. “1980ko hamarkadan probatu nuen pixka bat, eta 2004an hasi nintzen berriz ere lerroko patinekin”.

Grina piztuta, Donostiako beste bi adiskiderekin Le Manseko 24 orduetan parte hartu zuen 2007an, Frantzian. “Aurretik ez genuen elkar ezagutzen. Euskal Herrian garai hartan oso jende gutxi ibiltzen zen patinetan, eta beste errealitate batekin topo egin genuen han”. Itzulerako bidaian hasi ziren Behobia-Donostiari buruz hizketan. “Ni, ordurako, askotan parte hartua nintzen, korrika, eta beste bi adiskideetako batek esan zuen polita izango zela Behobia-Donostia patinetan egitea. ‘Bai? Nahi duzue? Bada, egingo dugu!’, erantzun nien”.

Ez zen lan samurra izan, ordea. “Pentsa, hiru urte behar izan genituen antolatzaileak konbentzitzeko”, azaldu du Navarrok, barrez. Aurretik, herri lasterketetan parte hartzen hasi ziren, pixkanaka. “Donostiako 15 kilometrokoa izan zen lehen lasterketa, eta zortea izan genuen Gipuzkoako Atletismo Federazioak berehala sartu gintuelako euren egituran. Horrek asko samurtu zigun lana”.

Jaitsieren arriskua

Behobia-Donostiako antolatzaileekin elkarlanean, “lasterketan sor zitezkeen arazo guztiei aurre hartzen” saiatu ziren patinatzaileak. “Hori izan zen gakoa. Guretzat izugarrizko erakusleihoa zen Behobia, baina ezin genuen akatsik egin”. Jaitsieren arriskua zen arazoetako bat. “Gu berriak ginen patinetan, eta ia-ia ez genekien jaitsierak egin zitezkeenik ere. Baina Le Mansen ikusi genuen posible zela”.

Parte hartzaile kopurua zen beste zalantzetako bat: “Garai batean, egunean bertan ere eman zitekeen izena lasterketan parte hartzeko, eta, azken unean, apustu giroan animatzen ziren asko. Patinen kasuan, ezin zen halakorik gertatu, oso arriskutsua izan zitekeelako gainerakoentzat. Nolabaiteko bermea behar genuen, azken batean orduko 16 kilometrokoa delako eskatzen den batez besteko gutxieneko abiadura. Patinak lagun bihurtu behar dira; trebetasun pixka bat behar da”. Ordutegiei dagokienez, elbarrien eta korrikalarien arteko tartea baliatzen saiatu ziren. “Denbora gehiagoan ezin genuelako itxi errepidea”.

Ustez dena behar bezala lotuta, patinatzaileek 2010ean eman zuten behin betiko pausoa, eta urte hartan parte hartu zuten lehenengoz Behobia-Donostian. 99 patinatzailek parte hartu zutela gogoratu du Navarrok. Antolatzaileek hirurehun patinatzailetan jarri zuten langa gero —aurten 134 patinatzaile izango dira irteeran, 37 emakumezko tartean—. “Azkenean, oso arriskutsua da korrikalariak patinatzaileen artean sartzea. Atzean joaten diren patinatzaileak izaten dira, normalean, nekatuen iristen direnak eta trebetasun gutxiena dutenak, eta, horregatik, erreakziorako aukera gutxi izaten dute korrikalariren bat tartean sartzen bazaie”. Horregatik, oso zorrotz zaintzen dute patinatzaileen eta korrikalarien arteko tartea.

Horretarako sortu zuten patin-eskoba figura. “Eta horrela nabil azken sei-zazpi urteetan. Partaide guztiei helmugara iristen laguntzea izaten da gure helburua, eta, horretarako, ordu muga betetzen ez duenari lasterketa utz dezan eskatzea”. Hasieran, trenera bidaltzen zituzten erretiratzen ziren patinatzaileak, eta Vallina taxiak erabiltzen dituzte gaur egun.

2014an ibilbidea egokitzea erabaki zuten antolatzaileek: Lezotik eta Pasaiako portutik igaro beharrean, Errenteriatik barrena joatea. Navarrok onartu du “zortea” izan zutela ibilbide aldaketarekin. “Abiadura handia hartzen genuen Lezoko sarreran, eta arriskutsua zen portua ere, errailak zeudelako; askoz seguruagoa da oraingoa”. Ibilbide aldaketak gauza bat ez du aldatu: “Jendearen berotasuna. Gu oso goiz abiatzen gara, eta ez da hainbeste jende pilatzen errepide bazterrean. Baina puntako patinatzaileak ere harrituta gelditzen dira berotasunarekin”.