Pedro Cuevas: “Gure proposamenak pazienteen arreta hobetzea du helburu”

Pedro Cuevas: “Gure proposamenak pazienteen arreta hobetzea du helburu”

Miren Garate

Lan hitzarmen berri baterako proposamena uztailean igorri ziotela enpresari esan du Pedro Cuevas Arrasateko Aita Menni ospitale psikiatrikoko langile batzordeko kideak (Arrasate, 1974). “Baina oraindik ez dugu erantzunik jaso”. Besteak beste, KPIaren igoera lineal bat, urtean 1.592 orduko lanaldia, lan poltsa bat sortzea, eta arrisku plusa eskatzen dituzte. ELAk deituta —sindikatu horretakoak dira batzordeko ordezkari guztiak—, hamar greba egun egin dituzte orain arte. “Enpresak proposamen duin bat eginez gero, berehala eseriko ginateke. Baina proposamen hori etorri arte, protestan jarraitzea beste erremediorik ez dugu”, esan du Cuevasek.

2017an iraungi zen Aita Menniko lan hitzarmena. Zer egoeratan daude negoziazioak?

Erabat geldirik. Uztailean bidali genion lan hitzarmen berrirako proposamen bat zuzendaritzari, baina ez dugu erantzunik jaso. Grebarekin ere, haren eraginak pazienteek sufritzen dituztela leporatzen digu etengabe, pazienteak gure kontra jartzeko; eta bai, greba egunean igarriko dute pazienteek, baina guk enpresari galdetzen diogu ea irakurri duen egin dugun hitzarmen proposamena, gure proposamenak pazienteen arreta hobetzea baitu helburu; horretara dago bideratua erabat.

Zer eskatzen duzue langileok?

Gure helburua da langileek sufritzen duten prekaritatea amaiaraztea, eta pazientearen ongizatea bermatzea. Gero eta lan karga handiagoa dago ospitalean, langileak falta dira, minimoen azpitik gaude beti, eta, gure ustez, zerbitzuek ez dute behar luketen arretarik.

Ospitale psikiatrikoak eta gizarte zerbitzuen arloko enpresa batek osatzen dute Aita Menni taldea, eta zenbait unitate espezifiko ditu. Guztiei eragiten die lan gatazkak?

Bai, unitate batzuetan egoera prekarioagoa da besteetan baino, baina talde osoko langileak ari gara egoera salatzen.

Zer gabezia ikusten dituzue gaixoei ematen zaien arretan?

Adibide bat: ni gaueko langilea nintzen, eta, egunekoak guztia egitera iristen ez zirenez, pazienteak goizeko seietan jaiki behar izaten genituen garbiketa pertsonalerako. Gero korridorean uzten genituen, goizeko langileak iristen zirenean, gauzak aurreratuta izateko. Paziente horiek teorian seniderik ez zutenak izaten ziren, kexatu ezin zirenak. Pandemia iritsi zen, eta txandak aldatu zituzten langile guztiak batera ez sartzeko lanera, baina pandemia batek etorri behar izan zuen goizeko ordu horietan egiten ziren garbiketak amaitzeko. Halako adibide ugari eman ditzakegu. Erizaintza zuzendaritzara, giza baliabideetara, gainbegiraleengana eta abar jo izan dugu kexaka, eta pazienteek beraiek ere eskutitz bat bidali dute, jasotzen duten arreta okertzen ari dela salatuz.

Zuzendaritza Arrasateko ospitalea “bazterrean” uzten ari dela ere esan duzue. Zergatik?

Zentro espezializatu ugari eskuratu ditu, eta, ospitalera begira baino gehiago, zentro periferiko horiei begira dago, irabazi handiagoak ematen dizkielako. Zentroak irekitzeko badauka dirua, baina langileoi KPIaren igoera lineal bat onartzeko, ez.

Igoera horrez gain, zein dira zuen beste eskaera ekonomikoak?

Gure lanak arrisku maila bat baduela uste dugu, eta urteak daramatzagu arrisku plus bat eskatzen: hozkadak eta era guztietako erasoak izaten ditugu, baina enpresak esaten digu pazienteak medikatuta daudela eta ez dagoela arriskurik. Duela urte batzuetatik zigor arloko unitate psikiatriko bat ere badago Aita Mennin. Delituak egin dituen jendea dago ospitaleratuta, baina bata zuria da haiek zaindu ahal izateko gure tresna bakarra.

Gainerakoan, zer eskaera egin dituzue lan hitzarmen berrirako?

Lanorduei dagokienez, gaur egun urtean 1.624 orduko lanaldia daukagu, eta eskatzen dugu 1.592 ordura jaistea, arlo soziosanitarioan hori delako batez bestekoa. Parekatzea, ez dugu gehiago eskatzen. Lan poltsa bat sortzeko ere eskatzen dugu, eta jendea finko egiteko ere bai; izan ere, batzuek hamalau urte ere badaramate aldi baterako kontratuekin enpresan. Egonkortasuna eman nahi diegu langileei, ez daitezela hain egoera prekarioan egon hainbeste urtean, bestela jende hori joan egiten zaigu. Udan ere arazoak izaten ditugu, eta inolako titulurik eta osasun ezagutzarik gabeko jendea ekarri izan du enpresak; pentsa, gazteleraz ez dakien jendea ere bai. Nola moldatu behar du jende horrek gaixoei medikazioa emateko? Zentzugabeko gauzak dira. Oporrak hartu behar dituztenean, langileek kezkatuta ibili behar izaten dute, ez dakitelako ordezko langilerik egongo den.

Hamar greba egun egin dituzue orain arte. Protestekin jarraitzeko asmoa al duzue?

Enpresak proposamen duin bat eginez gero, berehala eseriko ginateke. Baina proposamen hori etorri arte, protestan jarraitzea beste erremediorik ez dugu.

Joan den astean Eusko Jaurlaritzaren aurrean egin zenuten elkarretaratzea. Zer eskatzen diezue erakunde publikoei?

Elkarrizketa bat, baina Jaurlaritzaren erantzunik ere ez dugu jaso. Gipuzkoako Diputazioa ere interpelatu dugu, azken batean, diru publikoa nora bideratzen den jakin nahi baitugu; izan ere, gu ez gara diru hori ikusten ari arretaren kalitatean. Enpresa pribatu bat gara, baina diru laguntzak dituena. Ia bostehun langile ditu Aita Mennik, eta Arrasateko enpresarik handienetakoa izango da, baina alkateak ere ez digu kasu handirik egin. Ahizpa Ospitalariak kongregazioa da enpresaren jabea, eta haiengana ere jo dugu, jabe bezala ea pazienteen sufrimendua ikusten duten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.