Adinekoen zaintza, etorkizuneko erronka

Adinekoen zaintza, etorkizuneko erronka

Josune Zarandona

Gizartea aldatzen ari da, eta behar berrietara egokitzeko orain arteko antolaketa ereduak aldatu egin beharko dira. “Erronka demografikoa” deitu dioten horretan, zahartzaroa da gizarte antolaketari dagokionez kezka sortzen duten gaietako bat. Egungo baldintzetan, zahartzeak presio handia eragingo du etorkizunean, gastu publikoan, pentsio gastuetan eta gastu soziosanitarioetan, bereziki. Adinekoen zaintza eredua da luze gabe eta luzera begira aldatu beharreko esparruetako bat, egungo sistemak etorkizuneko beharrak ez dituela aseko aurreikusi baitute adituek.

Zaintzaren esparruan, gaur egun Gipuzkoako herri gehienetan daude martxan adinekoen egoitzak, eguneko zentroak eta etxez etxeko laguntzak, baina beti ez da horrela izan. Maite Lonbide Legazpiko Gizarte Ekintza, Berdintasun eta Lankidetzarako zinegotzia 34 urtez izan da bere herriko etxez etxeko zerbitzuaren koordinatzailea, eta 26 urtez eguneko zentrokoa ere bai. 1987an, ikasketak amaitu berritan, hura izan zen Legazpiko etxez etxeko zerbitzua martxan jarri zutenetako bat. “Gipuzkoako beste herri askotan bezala, etxez etxeko laguntza kudeatzeko enpresa bat sortu genuen Legazpin; ordura arte, ez zegoen horrelako ezer”, esan du.

Ordutik, gauzak asko aldatu dira zaintzaren alorrean. Zerbitzu berriak sortuz eta hobetuz joan dira, eskaintza behar berrietara egokitzeko. Aldaketa nabarmenetako bat langileen profesionalizazioan gertatu dela azpimarratu du Lonbidek: “Gaur egun, askoz hobea da prestakuntza. Garai batean ez bezala, erizaintzako laguntzaileez gain, gizarte langile, psikologo edo hezitzaileak ezinbestekoak dira, adibidez, gaur-gaurkoz, zerbitzu egoki bat emateko”. Lonbidek ez dauka zalantzarik aldaketa guztiek “nabarmen hobetu” dutela arretaren kalitatea.

Adinekoak etxean artatu

Urteekin zerbitzuak hobetu egin dira, baina erabiltzaileen eskaerak ere gora egin du. “Lekuak gainezka daude”, dio Lonbidek. Zerbitzu guztietan daude itxaron zerrendak, eta kezka sortu du horrek. “Dagoeneko bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiak badituzte hainbat estrategia zehaztuak, eta lanean ari dira zentzu horretan”, azpimarratu du Lonbidek. Ahal den neurrian, adinekoak euren etxeetan edo adinekoentzako tutoretzapeko etxeetan artatzea izango da etorkizuneko joera nagusia. “Horretarako, baliabide gehiago eta ezberdinak txertatu beharko dituzte zaintzan. Robotika edo domotika oso lagungarriak izango dira etorkizunean”.

Zaintza “instituzionalizatzea” beste erremediorik ez dagoen kasuetan, “adineko zentroen eredua ere aldatzea” aztertzen ari dira jada. Etorkizunean egoitza txikiagoak egin nahi dituzte, mendekotasun handia duten adinekoen kasuan “zerbitzu pertsonalizatuagoa” emateko helburuarekin. Egoitzak herrigunean eraikitzea ere lehenetsiko dute, “komunitarioagoak” izan daitezen. Legazpiko Udalaren asmoen arabera, adinekoentzako tutoretzapeko etxebizitzak ere ugarituko dituzte etorkizunean. Usurbilen, Pasaian eta Zumarragan, esaterako, epe laburrean horrelako eraikinak egitea aurreikusita dago jada.

Alde horretatik, sistemak funtzionatzen duela eta zaintzaren alorrean bermea dela baieztatzen duen adibide argia da Legazpiko Meazti etxea. Orain 23 urte, etorkizunari aurrea hartu zioten bertan, eta, ordutik, martxan dago adinekoentzako zerbitzu hori. 1998an, Meaztikoa “proiektu aitzindaria” izan zen Gipuzkoan. “Lehenengoetakoak izan ginen orduan pauso hori ematen”.

Hezitzaileak ere badaude

Gaur egun, 23 pertsona bizitzeko lekua dago Meazti etxean. Tutoretzapeko etxe bat eskuratu ahal izateko, beharrezkoa da pertsona autonomoa edo mendekotasun maila txikikoa izatea. Mikel Jauregialtzo da Legazpiko gizarte zentroko atezaina, eta Meazti etxeko mantentze lanen arduraduna da 2001etik. Legazpiko etxez etxeko zerbitzuaren barruan kudeatzen dute Meazti etxea. “Eta bertan bizi direnek jangela, higiene pertsonala, etxearen garbiketa eta antzeko zerbitzuak jasotzen dituzte”, esan du Jauregialtzok.

Gainera, hezitzaileak ere egoten dira, goizean eta arratsaldean. Askotariko ekintzak egiten dituzte: irakurketa, eskulanak… “Familiaren babesa ez duten bizilagunek medikuarengana joateko ere laguntza izaten dute”. Jauregialtzo konfiantzazko pertsona da Meaztin bizi direnentzat. “Hozkailua edo ohea konpontzeaz gain, gure kontuak esaten dizkiogu elkarri. Zerbait arraroa sumatzen badut, medikuari edo gizarte langileari abisua pasatzen diot”.

Angeles Pascual, Carmen Andola eta Pilar Etxezarreta Meaztin bizi dira orain dela 23, hogei eta bi urte, hurrenez hurren. Pascual bere senarrarekin batera joan zen Meaztira, 1998an. “Hona etortzen lehenengoetakoak izan ginen gu”. Andolak hiru urte itxaron behar izan zuen Meaztin sartzeko; 65 urte zituen orduan. “Alokairuko etxe batean bizi nintzen kalean [Legazpin], eta ez zuen berogarririk. Ordurako alargunduta nengoen, ez daukat seme-alabarik eta ez zait seniderik bizi Legazpin”, kontatu du. Egoera hartan, Juan Ramon Larrañaga alkatearengana jo zuen, eta hala izan zuen Meaztira joateko aukera: “Gauza onik egin banuen, hona etortzeko erabakia hartzea izan zen”, ziurtatu du Andolak.

Etxezarreta izan da Meaztin sartzen azkenetakoa. “San Ignazion [Legazpiko auzoa] dago nire etxea, baina ez dauka igogailurik. Bizkarreko arazoak ditut, eta ez nintzen ongi moldatzen”. Hirurak ere gustura bizi dira bertan, eta euren artean ere ondo konpontzen direla diote. Urte askoan jarraitzeko itxaropena daukate.

Leave a Reply

Your email address will not be published.