Afariez gain, goxotasuna

Afariez gain, goxotasuna

M. Garate

Iazko azaroa zen, eta Agus Rodriguez eta haren bi lagun jabetuta zeuden Donostiako Konstituzio plazako arkupeetan egiten zutela lo zenbait lagunek, Parte Zaharraren erdi-erdian. “Egun batean, era naturalean, haiengana hurbiltzea erabaki genuen, galdetzeko zertan lagun genezakeen”. Gaua pasatzeko zerbait beroa eskatu zieten, eta horrelaxe hasi zen Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa. Ordutik, 10.500 afari inguru banatu dituzte Parte Zaharrean, egun bakar batean ere huts egin gabe, eta beste talde bat ere sortu dute Egia auzoan —14.500 afari banatu dituzte—. Joan den igandean, mahaiaren bueltan elkartu ziren erabiltzaileak eta boluntarioak. “Egiten ari garena oso handia da”, dio Rodriguezek.

Pertsona horien errealitatearen berri Whatsapp bidez zabaltzen hasi ziren, eta, hala, dendari bat patata tortilla batekin etortzen hasi zen, eta beste zerbait ekartzen zuen beste bizilagun batek. “Eta antolatu egin ginen, eta egunero afariak banatzen hasi”. Boluntarioen taldea handituz joan zen, baina baita afari eske joaten zitzaizkienena ere. Abenduan prentsaurreko bat egin zuten, beste auzoak ere antzeko zerbait egitera animatzeko. Horrela sortu zen Egiako taldea, martxoan.

Agerraldi berean, instituzioei ere egin zieten aipamena. “Urtebete honetan, udalarekin harremanak izan ditugu. Errealitatearen jabe dira, baina bistan da haien planteamenduek jende asko eta asko kanpoan uzten dutela”. Rodriguezek azaldu du batik bat magrebtar jatorriko gazteak joaten direla otordu bila. “Betikoa da: lanera etortzen dira, baina, paperik ez dutenez, alegal daude”.

Ordu asko sukaldean

Boluntarioek beren gain hartzen dute janariaren kostua; itsulapiko batzuk ere jarri dituzte taberna eta dendetan, koilarak, musuzapiak, tuperrak eta halakoak erosteko. Kalkulatzen dute 2.148 ordu eman dituztela sukaldean Parte Zaharreko afariak prestatzeko, eta beste 1.590 ordu Egiakoak prestatzeko.

Hala ere, Rodriguezek nabarmendu du beren ekarpena ez dela mugatzen elikagaiak banatzera. “Afari bero bat bezain garrantzitsuak dira elkarren arteko ezagutza eta elkarri ematen diogun goxotasuna”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.