Ander Gisasola: “Bada garaia egiten duguna garrantzitsua dela sinets dezagun”

Ander Gisasola: “Bada garaia egiten duguna garrantzitsua dela sinets dezagun”

Miren Garate

2022ko urriaren 19an beteko ditu 50 urte Donostiako Kresala zineklubak, eta urtarrilean hasiko dituzte ospakizun ekitaldiak. Ander Gisasola (Zumarraga, 1982) zuzendaritzako kidearen esanetan, sasoi onean dago zinekluba, eta horren erakusle dira astero dituzten ikusle datuak: pandemiaren aurretik, astero batez beste 107 ikusle izaten zituzten, eta orain ere, astero, 93. Trueban egiten dituzte emanaldiak.

Euskal Herriko zineklubik zaharrenetakoa da Kresala. Nola sortu zen?

1967an sortu zuten Kresala elkartea, Donostiako Parte Zaharrean, eta, beste jarduera batzuen artean, zinema proiekzioak egiten hasi ziren. Elkartearen barruan, proiekzio areto bat ere jarri zuten, oso txukuna. Lau urtean aritu ziren proiekzioekin, baina zinema komertzialek salaketa jartzeko mehatxua egin zieten. Frankismo garaia zen, eta proiekzioak modu legalean egiteko, zineklubak edo areto komertzialak izan behar ziren, eta Kresala ez zen halakoa. Mehatxu horren aurrean, zinekluba sortzea erabaki zuten.

Frankismoan hasi, eta pandemia bateraino. Zer egoeratan iritsi da Kresala 50. urteurrenera?

Onean. Kresalak jakin izan du gizaldien arteko salto hori modu logiko eta eraginkor batean ematen. Jende asko pasatu da 50 urte hauetan, baina etenik ez da izan, eta horrek jarraitutasun bat eragin du haren filosofian. Noizean behin kide berriak batzeak ere indarra ematen du, proiektu berriak martxan jarri ahal izateko; gainera, inori ez zaio eskatzen eman nahi duena baino gehiago, eta malgutasun horrek ere elkartearekin konprometituago egotera eramaten zaitu. Horiek dira egoera onean egotearen arrazoietako batzuk.

Egitarau zabala antolatu duzue urteurrena ospatzeko. Besteak beste, zinekluben kongresu bat egingo duzue martxoaren 25etik 27ra. Ba al duzue elkarren berri zinema klubok?

2019an egin genuen Euskal Herriko zinekluben lehen topaketa, iruditzen zitzaigulako jakin behar genuela besteek nola lan egiten zuten, zer egiten zuten… Ondorio batera iritsi ginen: elkarlanean jarraitu behar genuela, gure lana partekatzen. 50. urteurrena momentu egokia iruditu zitzaigun elkartzeko, batez ere kontuan hartuta tartean itxialdia eta pandemia egon direla, zinema komertzialaren gainbehera izan daitekeena ere hor dagoela… Iaz, Galiziako Padre Feijoo zineklubaren 50. urteurrena izan zen, eta haiek ere bazeukaten Espainia mailako kongresu bat antolatzeko asmoa. Pandemiagatik, ezin izan zuten, eta erabaki genuen Euskal Herriko zinekluben bigarren topaketa bat egin beharrean, [Espainiako] Estatukoak gonbidatu, eta guk antolatzea kongresua.

Zer kezka dituzue zineklubok?

Zineklubak eta emakumea da kongresuan landu nahi dugun gaietako bat. Antolaketa aldetik, oso maskulinizatuta egon izan dira zineklubak, nahiz eta azken urteetan aldaketa bat ikusten dugun. Zinema legearen barruan, zineklubek duten egoera juridikoa ere jorratu nahi dugu.

Zein da zinekluben egoera juridikoa?

Gaur egun, kultur elkarte bezala funtziona dezakegu, baina industria barruan ez dugu tokirik, nahiz eta egiten duguna industriaren parte batentzat oso-oso garrantzitsua izan. Areto komertzialek eskaintzen ez dutena eskaintzen dute zineklubek. Ari gara esaten hemengo zinema babestu behar dela, aukera eman behar zaiela zinemagile berriei, ikusleari eskaintza zabalagoa egin behar zaiola… Hori egiten dute zineklubek, eta ez dago inolako legerik lan hori babesteko eta errazteko. Zinema industriarako dauden diru laguntza guztietatik kanpo geratzen gara.

Zenbat ikusle izan ohi dituzue astero Kresalan?

Pandemiaren aurretik, 107 ikusle izaten genituen saioko, batez beste. Azkeneko urte honetan edukiera oso murriztuta izan dugu, baina astero jendea kanpoan geratu izan da. Aurtengo batez bestekoa saioko 93 lagunekoa da. Asko da. Bada garaia onar dezagun eta sinets dezagun egiten duguna garrantzitsua dela. Gure lana garrantzitsua da industriarentzat, film txikientzat… Legegileei ikusarazi behar diegu ez bagaituzte babesten, zinema klase batek, agian, ezingo duela aurrera egin.

Kongresuaz gain, dokumental bat ere ari zarete prestatzen, eta 50. urteurrenaren egunean bertan estreinatuko duzue: 2022ko urriaren 19an. Zer jasoko du?

Oso beharrezkoa iruditzen zitzaigun Kresala sortu zutenen espiritua jasotzea, legatu bezala gera zedin. Zorionez, gainera, proiektua martxan jarri zutenak gure artean daude oraindik, eta lehen ahotsez konta dezakete zer, nola eta zergatik egin zuten. Omenaldi antzeko bat egin nahi diegu 50 urte hauetan zinemarekiko maitasuna transmititu eta elkartea bizirik mantendu duten guztiei. Zinekluba izanda, ikus-entzunezko bat iruditu zitzaigun modurik eraginkorrena eta politena.

Gainerakoan, zer prestatu duzue 50. urteurrena ospatzeko?

Lau dira ekitaldi nagusiak. Aipatutako kongresuaz eta dokumentalaz gain, urtarrilaren 14an emanaldi berezi bat egingo dugu, Victor Sjostromen Haizea filmarekin. 1926ko film mutu bat da, eta Javier Perez de Azpeitiaren Silent Band bandak zuzenean joko du. Bost musikari egongo dira taularen gainean, filmari laguntzen. Eta, amaitzeko, erakusketa bat egingo dugu 2023 hasieran, zinekluben hasierari eta bilakaerari buruz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.