Dantza, talentua azaleratzeko

Dantza, talentua azaleratzeko

Maria Ortega Zubiate

Arrasaten dantzan jarri nahi dituzte dibertsitate funtzionala duten haur eta gaztetxoak. Eta, hain zuzen ere, horixe egingo dute Arrasaten Bertakoak Dantzan programarekin. BASH Building Artistic Social Hope (Gizarteko Itxaropen Artistikoa Eraikitzen) egitasmoaren barruan sortu dute proiektua. Baina egingo dutena ez da dantza izango, haren definizio klasikoan. “Guretzat, edozein mugimendu da dantza”, dio Irene Aguriondo BASH egitasmoko kide eta programaren bultzatzaileetako batek. “Ohartu gara gorputzetik hasita, berau maitatuta eta bere mugimenduak ulertuta, beste zenbait alderdi gara ditzakegula”.

Horixe du helburu programak: dantzaren bitartez, desgaitasunen bat daukaten gaztetxoen sormena eta talentua garatzea. Baina, ezeren aurretik, gaztetxo horientzako “toki seguru bat” sortzea jarri dute jomugan, argi baitaukate hortik hasita lortuko dutela beste edozein hobekuntza. Arrasateko Udalaren finantzaketarekin, aurreko zapatuan izan zuten lehen saioa, eta hilean behin bilduko dira Arrasateko Etxaluze eraikinean Aguriondo eta bere kide Ane Davila gidari dituztela.

Aguriondoren eta Davilaren proiektua unibertsitateko lan baten barruan jarri zuten martxan; Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako gradua egiten ari dira Mondragon Unibertsitatean, eta proiektu bat garatu behar izan zuten ikasgai batean. Kolektibo horrekiko zuten hurbiltasunagatik erabaki zuten gai hori lantzea. Lasai egoteko toki bat eskaini nahi diete gaztetxoei, hori dute lehen pauso eta helburu: “Kolektibo honek, zenbaitetan, gizartetik baztertuta egon behar izaten du, eta, saio hauen bidez, toki seguru batean daudela sentiarazi nahi diegu gazteei”, esan du Aguriondok. Behin hori lortuta egingo dute dantza, “ezkutuan dituzten zenbait talentu azaleratu ahal izateko”. Eta zergatik dantza? Sormenaren dinamikak martxan jartzeko “era dibertigarri bat” dela uste dutelako.

Adimen guztiak gogoan

Musika eta dantza lagun, “bederatzi adimen motak” landuko dituztela azaldu du Aguriondok, “irudimena eta sormena osagaitzat hartuta”. Hor jarri dute fokuetako bat. Izan ere, programaren sortzaileen ustez, adimen mota guztiak dira baliotsuak, jendeak hori sinesten ez badu ere: “Gizarteak talentu batzuk askoz gehiago baloratzen ditu beste batzuk baino. Guk uste dugu, ordea, pertsona bakoitzaren talentuak erakutsi, landu eta garatu behar direla”. Horretarako, garrantzi handia izango du “toki seguru” horrek, baina baita beste profesional batzuen laguntzak ere: “Toki seguru bat lortzen duzunean, eta hainbat profesionalen laguntza baduzu —psikologoak, pedagogoak eta beste—, pertsona ororen talentua martxan jar dezakegu”. Programaren helburu nagusiak horiek badira ere, beste asmo batzuk ere plazaratuko ditu saio bakoitzak: talde lana sustatzea edo sozializazioa hobetzea, esaterako.

Arrasateko Udalaren laguntzarekin jarri dituzte martxan saioak; hark finantzatu ditu, “saioen prezioa bertan parte hartzeko oztopo izan ez dadin”. Mota horretako egitasmoak herriari zabaltzea garrantzitsua dela iritzi dio udalak, leku propioak izateak garrantzia duela uste baitu. Horrela azaldu du Blanca Jauregik, Arrasateko Udaleko Gazteria eta Aniztasun teknikariak: “Zerbitzu publikoen lanketan aniztasuna errealitate izan dadin lan egiten dugu. Baina propio eurentzako lekuak egotea eskertzen dute askotan”.

Bigarren urtez jarraian ari dira programa lantzen, eta gurasoen eta irakasleen aldetik balorazio positiboa jaso dute; adierazi diete eragina nabaritu dutela. Orain arte egon ez den zerbait eskaini dutela onartu du Aguriondok, eta parte hartzaileak horregatik sentitzen direla gustura. “Toki seguru bat sortzea da gure lehen eginkizuna, eta konturatu gara lortu dugula, irakasleen eta gurasoen ahotik entzunda. Gu ez gara aritzen irakasle; gu ere parte hartzaileak gara, eta guztion beharrizanen arabera jartzen ditugu dinamikak martxan”.

Toki askotatik deiak

Sortzaileek eurek ere igarri dute programak arrakasta izan duela, beste leku batzuetara ere hedatzea lortu dutelako. Hasieran, Arrasaten, Eibarren eta Oñatin bakarrik eskaini zuten programa, eta Elgoibarrera eta Donostiara zabaltzea ere lortu dute aurten. Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak, LEK eskola kirolak eta Arrasateko Arizmendi ikastolak lagunduta jarri dute martxan proiektua. Abenduaren 18an dute hurrengo ekitaldia, hilean behin izango baita. Baina eman dute abisua: beti ez da dinamika bera izango, eskola kirolarekin elkarlanean ere emango dute saioren bat edo beste. Eta uztailean, udako hilabeteei begira, astebeteko egitaraua prestatzea dute buruan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.