Edalontzi bera, behin eta berriro

Edalontzi bera, behin eta berriro

Ihintza Elustondo

“Arazo handi bat”. Horixe dira hondakinak eta gizakiak alboratutako objektuak, Ander Alvarez elgoibartarrak gogorarazi duenez. Errealitate horri aurre egiteko, askotariko ekintzak eta egitasmoak sustatzen dituzte hainbat eragilek, eta, bide horretan beste urrats bat egiteko, Irri Sarri proiektua sortu du Alvarezek. “Nire helburua ez da haien lana ordezkatzea, osatzea baizik”, esan du. Ingurumena zaintzeko bide horretan, behin erabiltzeko edalontziak baztertzea du helburu haren proiektuak. Horretarako, edalontzi berrerabilgarri bat sortu eta kontsumo sistema bat diseinatu du.

Funtsean, festetako txosnetan ohikoa den sistemaren antzeko zerbait proposatu du Alvarezek. “Erabiltzaileak bi euro ordainduko du edalontzi berrerabilgarriaren truke. Hark nahi adina aldiz erabil dezake edalontzia, eta, itzultzean, hasieran jarritako bi euroak itzuliko dizkiote”. Tabernetan edo kafetegietan edaria eramateko eskatzen denerako da baliagarria zerbitzua. “Kartoizko edalontziak ordezkatu nahi ditugu”.

Plastikozko poltsekin gertatu zen antzera, aurki ordaindu egin beharko da erabilera bakarreko edalontzien truke. “Europako Batasunak eta Espainiako Estatuak sustatuta, legedi berria ezarriko dute laster. Urtebete barru, jendeari kobratu egingo diote kartoizko edalontzia”. Hori gertatzen denerako alternatiba bat prest izatea da Alvarezen nahia. Haren arabera, gainera, garrantzitsua da kartoizko edalontzien errealitateaz jabetzea: “Oso zaila da kartoizko edalontziak birziklatzea. Erraustegian edo lurperatuta bukatzen dute zakarrontzira heltzen diren edalontzi gehienek”.

Alvarezek duela urtebete jarri zuen martxan proiektua, eta, berez, proposamena Euskal Herri osora zabaltzea da haren asmoa. Dena den, oraingoz, Gipuzkoan hedatu da gehien. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, kanpaina bat sustatzen ari da duela hilabete ingurutik. “Diputazioarekin elkarlanean hasi aurretik, Gipuzkoan 50 bat tabernak egin zuten bat egitasmoarekin, eta orain 125 dira jada”. Kanpaina horren helburua da ostalariek zerbitzua ezagutzea eta probatzeko aukera edukitzea. “Zerbitzua ahalik eta herritar gehienek ezagutu dezaten nahi dugu”.

Taberna batetik bestera

Proiektuarekin bat egiten duten ostalaritza gune guztietan erabili ahal izango da Irri Sarri edalontzia. Beraz, edalontzia taberna batean hartu arren, beste batean itzultzeko aukera izango du erabiltzaileak. Azpeitian, esaterako, sei gunetan dago erabilgarri zerbitzu hori. Txintxu kafetegia da horietako bat, eta, hango arduradun Iñigo Odriozolak azaldu duenez, beren filosofiarekin bat egiten du Irri Sarrik.

Odriozolak uste du ekologiaren eta birziklapenaren alde egitea ezinbestekoa dela gaur egun, ingurumena zaindu nahi bada. “Laguntzeko prest gaude gu, baina jendeak kontzientziatu egin behar du”, iritzi dio. “Erosotasunaren alde egiten dugu beti. Izan ere, Irri Sarri edalontzia hartzen baldin baduzu, erabili ondoren zeuk garbitu behar duzu, gero beste nonbait erabili ahal izateko. Jendea ez dago ohituta horretara”. Dena den, Txintxu kafetegiko arduradunak uste du “denbora kontua” izan daitekeela dena.

“Gure kafetegian batzuek eskatu dute jada Irri Sarri edalontzia”, jakinarazi du Odriozolak. “Eta horiek txalotu egin dute proiektua”. Hala ere, “zaila” iruditzen zaio zerbitzuak herri txikietan funtzionatzea. “Azpeitian, jendeak, normalean, kafetegian bertan kontsumitzen du. Hirietan, jendeak ohitura handiagoa izaten du kafea eramateko eskatzeko. Badakigu zailagoa izango dela zerbitzuak Azpeitian funtzionatzea, baina saiatu egingo gara”.

Erronka makala ez dela izango badakien arren, zerbitzuari kutsu baikorra eman nahi dio Alvarezek; hain zuzen ere, hortik dator haren izena: Irri Sarri. “Arazo handia daukagu esku artean, eta askotan ikuspegi ezkorra ematen zaie halako proiektuei. Nik alderantziz egin nahi izan dut kasu honetan: ondo egindakoa txalotu egin behar dela uste dut, eta proiektuari horregatik jarri diot izen hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.