“Nork bere koloreak ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz”

“Nork bere koloreak ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz”

Olaia Gerendiain

Laredon (Kantabria, Espainia) bizi da gaur egun Juan Mari Lujanbio Puy (Pasai Donibane, 1961). Pedreñako patroia izan da aurten, eta hori izan du azken sasoia, “deskantsua” behar baitu orain. Arraunketari ez dizkio, ordea, ateak guztiz itxi. Oinordetzan jaso zuen patroi lana, aita zenaren marka gainditzeraino. Sei Kontxa irabazita esan du agur.

Bukatu al da zure lana arraun munduan?

Bai, hori da asmoa. 43 urte eman ditut arraun munduan, 60 urte bete berri ditut… Uste dut “hona arte” esateko unea iritsi dela. Azkenerako, nahiko luzea egiten zitzaidan denboraldia, eta uste dut lasaitasuna bilatzeko eta beste gauza batzuk egiteko momentua iritsi dela. Gogorra izango da, eta izaten ari da, negu hasiera delako jada. Klub batzuek deitu didate haiekin aritzeko, baina erabakia hartuta daukat, eta uste dut iritsi dela momentua. Orain arte, egindakoa egin dut, eta deskantsua behar dut.

Arraun egiteko modua bera aldatuz joan da denborarekin?

Asko aldatu da, bai. Ni hasi nintzenean, egurra zen dena; arraunak egurrezkoak ziren, traineruak ere bai, eta beti ibiltzen ginen pisua hartzeko beldur horrekin. Azken batean, egurra karga hartuz joaten da uretan, eta hori oztopo garrantzitsua zen urte haietan. Gaur egun, egoera asko aldatu da kirol munduan eta arraunean. Zuntza sartu da, eta pisuak arindu egin dira, traineruek ez dute pisurik hartzen, eta, alde horretatik, ezin da alderatu. Gaur egun, arinak dira bai arraunak eta bai traineruak.

Arraun kulturari dagokionez, kirolarekiko atxikimenduan antzeman al duzu aldaketarik?

Lehia aldetik, hasi nintzeneko urte haietan, tentsio handia zegoen San Juanen eta San Pedroren artean. Mugan, bertatik bertara, agerikoa zen norgehiagoka. Gaur egun, asko aldatu da hori; lehen, ez dakit hitz egokia den, baina fanatismo handia zegoen. San Juan, San Pedro, Hondarribia, Orio… Herria bakarrik zen, gu, gu eta gu. Eta, tira, ongi dago lehia eta nork bere ontzia animatzea, baina puntu bateraino.

Azken urteotan asko lausotu da giro hori; bakoitzak bere kluba animatzen du, baina estropada bukatzen denean, harremana ona izaten da beste herrietako zaleekin eta arraunlariekin; hori da politena. Denboraldia bukatzean, ederrena izaten da arrauna alde batera uztea eta laguntasunari eustea. Aurkariak gara uretan, irabaztera joaten gara denok, baina arraun denboraldia bukatzean, beti egoten dira lagunak batean edo bestean, eta arraunari lotutako oroitzapen politak egoten dira.

San Juan eta San Pedro aipatu dituzu. Herri bakarreko bi barruti. Sanoa zen lehiakortasuna?

Tira, sano-sanoa ez zen. Azkenean, fanatismo horrek errespetua izatea galarazten zigun aurkariarekiko. Gauza bat da irabazi nahi izatea, baina beste kontu bat zen hura; pertsona bezala, aurkariarekiko errespetua galtzen zen batzuetan. Arraunlarien artean beti egoten zen tentsio handiagoa. San Juanera sanpedrotar bat etortzen bazen, beti egoten zen liskarren bat; ez arriskutsua, baina ez zen giro polita izaten. Asko aldatu da hori; egun, asko lasaitu da lehengo fanatismo hori. Norberak bere koloreak izaten ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz.

Pasaian lau klub zireneko garaia bizi izan zenuen: Pasai Donibane Koxtape, Donibaneko Arraunlariak, San Pedro eta Trintxerpe. Nola gogoratzen duzu?

Hor jaio eta hazi nintzen ni; Pasaiako harrobi hartan hasi nintzen arraunean, eta oso gauza esanguratsua eta polita izan zen niretzat. Etxetik jaso nuen arrauna: aitarekin, anaiarekin… Etxean dena zen arrauna. Aita genuen liderra, eta hari segika hasi ginen hiru anaiak; bata arraunlaria eta beste biak patroiak. Azkenean, etxetik atera eta zer ikusten genuen badian? Kaian eta uretan, traineruak eta traineruak. Nirea zen mundu batean hasi nintzen; horren parte nintzen jaio nintzenetik.

Gerora, zatiketa bat bizi izan zuen zure klubak, Koxtapek, eta Donibaneko Arraunlariak sortu zuten. Zer jazo zen 1991ko denboraldia bukatzean?

Argi zegoen klub batean geundela, eta, futbolean bezala, jokalariek ez badute funtzionatzen edo entrenatzaileak ez badu bere lana ongi egiten, aldaketak egoten dira azkenean. Izugarrizko taldea zen gurea; Kontxa irabazi genuen 1986an eta 1988an, eta urte politak izan ziren. Arraunlariak hor geunden, kirol arloan gure onena emateko prest. Irabaztea zen gure helburua, eta ez geunden oso ados klubean entrenatzeko zeukaten planteamenduarekin; auskalo ongi edo gaizki, baina erabaki bat hartu genuen: beste klub bat sortzea. Kontxa bat irabazi genuen [1995ean], baina arazorik handiena zen ez genuela materialik, harrobirik ere ez, eta, azkenean, motz gelditu zen klub hori.

Gerora, Kontxako beste hainbat bandera ere irabazi zenituen.

Bai; guztira, sei. Mundu guztiak bost direla dio, baina, Castrorena ere, 2008koa, zenbatzekoa da, lehenengo igandean ni izan bainintzen patroi, eta hamalau segundoren aldea lortu baikenuen. Hurrengo igandean beste patroia atera zen [Iker Gimeno], baina Castrok irabazi zuen Kontxa hura. Badirudi batzuentzat Kontxa horrek ez duela balio, baina niretzat, bai. Futbolean bezala, azkenean, talde osoa da irabazlea. Hiru Kontxa irabazi nituen San Juan-Koxtaperekin, bat Donibaneko Arraunlariekin, eta bi Castrorekin.

Baduzu bandera kutunen bat?

Beti esaten da Kontxak markatzen duela arraunlarien gorena, eta niretzat oso garrantzitsua izan zen 24 urterekin lehena irabaztea. Etxean, aitarekin, hor hasi zen pixka bat norgehiagoka sano hori. Niretzat hori izan da banderarik garrantzitsuena. Dena den, beste bandera oso garrantzitsu batzuk ere baditut: Zarauzkoa, esaterako; beti izan da prestigio handikoa [lau ditu], baina, berezi-bereziak, Donostiakoak, Kontxakoak.

Aitarekin zenuen norgehiagoka horretan, hark baino Kontxa gehiago irabaztea proposatu al zenion zeure buruari?

Motibazio aldetik beti izan da pizgarri bat, eta, ni ere arraunean jarraitzeko gogoz nenbilenez, azkenean horrela iritsi ziren garaipenak. Garrantzitsua da esatea talde onetan egon naizela beti; zortea eduki dut horretan. Kontxak irabaztea helburu bat ote zen? Bai, ilusio horrekin aritu nintzen beti, eta zortea eduki dut aitak baino bat gehiago lortu dudalako azkenerako [barrez], baina hori ez zen helburua.

Hiru klub desberdinekin irabazi duzu Kontxako Bandera. Marka da hori ere…

Azkenean, 2000. urtean, Kantabria aldera hasi nintzen etortzen. Aita ere hemen egona zen neu baino lehenago; hark utzi egin zuen, niri deitu zidaten, eta, hortik aurrera, klub askotan ibili izan naiz. Ez dakit zergatik. Patroiak, azkenean, lan garrantzitsua egiten du, eta, esperientzia neukanez, zorte handia izan nuen eta talde askotatik deitu zidaten.

Arraunaz gain, kirolzale sutsua zara. Azken Behobia-Donostian parte hartu duzu; zaldi eta txakur kros lasterketetan ere maiz ibilitakoa zara…

Gorputzak eskatzen didan zerbait da kirola. Beti zerbait egiten aritu behar duenetakoa naiz; gustatzen zait entrenatzea, sakrifikatzea, gozatzea… Sufritu ere sufritzen da, baina niretzat gozatzea da garrantzitsuena. Azkenean, niri hori eskatzen dit gorputzak. Osasunez, oraingoz, ongi nago, eta hala jarraitu nahi nuke, niretzat motibazio bat baita kirola.

Arraunak telebistara ere eraman izan zaitu maiz. 2012an, esaterako, ETB2ko El Conquistador saioko kapitaina izan zinen.

Oso esperientzia ona izan zen, baina oso gogorra. Nirekin gogoratu zirela, hori izan zen garrantzitsuena; hara ez da edonor joaten, karisma eta jenioa duten pertsonak bilatzen dituzte: [Jose Luis] Korta, Juanito [Oiartzabal], [Mikel] Goñi, Eneko [van Horenbeke], Manu [Maritxalar]… Ohorea izan zen, oso esperientzia polita eta latza. Hainbeste kirol egin ditut, non El Conquis-en egotea oso atsegina izan zen niretzat.

Berriz joateko modukoa?

Ez, ez [barrez]. 2012an joan nintzen, eta hurrengo urtean ere deitu zidaten, baina ezetz esan nuen. Nik lan ona nuen garai hartan, eta bizimodu erosoa; ez nintzen hortaz bizi. Beste esperientzia bat izan zen, eta hor egongo da betiko. Oso pozik nago, baina ez nuke errepikatuko. Gogorra da, eta, kirol guztietan bezala, arriskua ere badute hango probek.

Zer izan zen gogorrena?

Dena. Jende gaztearekin zaude, batzuk motibatuta daude, beste batzuk ez, hotza, janari falta… Kirol aldetik, ez baduzu jaten eta gorputzari behar duena ematen ez badiozu, ahuldu egiten zara, eta gorputzak ez du erantzuten. Norberaren alderik okerrena ateratzen da horrelakoetan, jenio txarra, denetik. Gosea pasatzen duzu, hotza, eta, gainera, zu ere gaizki zaudenean talde oso baten kapitain lana egin behar baduzu, ez da erraza izaten. Esperientzia aldetik, taldea nola osatu eta egoera horretan nola gidatu ikasi izana da garrantzitsuena. Taldea eramatea izan zen gogorrena. Nik beti egin dut kirola, eta patroi gisa taldea eraman behar izaten da. El Conquis-en, ordea, beste faktore negatibo asko gehitzen zaizkio lan horri, baldintza txar asko.

Aitona, arraunlaria izan zen; aita, patroia; bi anaiak, bata arraunlaria eta bestea patroia… Eta arreba? [Lau anai-arreba dira].

Arreba jaietan bateletan ibili izan da, baina ez neurri berean. Anekdota moduan, zera: aitaren pena beti izan da hiru seme eduki ondoren laugarrena neska jaio izana. Beste mutil bat nahi zuen aitak, eta amak galdetu zion: “Nolatan beste mutil bat?”. Eta hark: “Bai, bai. Batel bat osatzeko; ni patroi eta lau semeak arraunean”. Pentsa aitak zer pentsamendu zuen buruan, zenbateraino bizi zuen arrauna! Arreba zaletasun gisa aritu zen arraunean, baina haren kirola ez zen arrauna; garai hartan, emakumeak ez ziren gizonak bezala aritzen arraunean. Aitak planteatu ere ez zuen egin batela alaba batekin ere sor zitekeenik, urte haietan gizonen kirola baitzen arrauna. Gaur egun, argi dago dena aldatu egin dela, kirol guztietan parte har dezaketela emakumeek, gizonek bezala, eta arraunean ikusi besterik ez dago nola dabiltzan emakumeak. Niretzat, hori da gauzarik politenetako bat.

Ate bat ixtean leiho bat irekitzen dela esan ohi da. Zer egiteko asmoa daukazu aurrerantzean?

Argi daukat kirola egiten jarraituko dudala, baina horixe da etxean emaztearekin beti edukitzen dudan eztabaida nagusia… Laredon bizi naiz orain, lagunak ditut hemen, eta zaldiekin ere ibili ohi gara; gozoki bat jartzen didate aurrean beti, eta ni berehala berotzen naiz edozein erronkarekin. Korrika ere ibiltzen naiz, talde batean nabil hemen, eta bakarrik ere entrenatu ohi naiz. Garrantzitsuena da ez dudala alferkeriarik entrenatzera joateko. Euria ari duenean ere kanpora joaten naiz korrika egitera, berdin-berdin. Orain bezala: zurekin ari naiz elkarrizketa egiten [telefonoz], eta leihotik begira nago aldi berean, ea atertzen duen ikusteko; gero korrika egitera nola atera beharko dudan pentsatzen ari naiz. Aurrerantzean, hor jarraitu nahiko nuke, osasunak horretarako modua ematen didan bitartean.

Arraunetik aparte biziko zara, beraz?

Arraun munduko ateak itxita dauzkat. Patroi bezala, behintzat, hartuta daukat erabakia, baina egia da lagunen bat, gertukoren bat, hurbilduko balitzait mesederen bat eskatzera, ez nukeela arazorik izango laguntzeko. Entrenatzeko ez, gogo hori ez dut jada, burua ez dut prest denboraldi bat hasteko, baina irakasteko gogoz nabil. Hemen bertan, Laredon, agian, mutil koskorrekin ikastaroak egingo ditut udan… Betidanik izan dut ilusioa mutil gazteei patroi lanak irakasteko. Pasaian banengo, han egingo nuke, baina orain hemen harrobia badenez, hemengoei irakatsiko nieke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.