Egungo kontsumo ereduak eraldatuz

Egungo kontsumo ereduak eraldatuz

M. Mujika Telleria

Gabonak heltzear diren garai honetan, gainean dira familiarteko otordu bereziak eta opariak ere. Garaiotan hara eta hona ibiltzen da jendea, korrika eta presaka asko, azken unean dendaz denda opariak erosteko. Donostiako Saretuz kontsumo kontziente eta eraldatzailearen aldeko sarearen ustez, gizartean “behar bat” bihurtu da opariak eta otordu bereziak egitea. Elkarteko kideek uste dute gizartea “etengabeko kontsumo masibo batean” murgildu dela, eta egungo kontsumo ereduek dituzten ondorioen inguruan hausnartu beharra dagoela diote.

“Gabon giroan murgilduta, beti bilatzen dugu oparirik garestiena, hori jotzen baitugu ontzat”, adierazi du Saretuz elkarteko kide Lucia Peñak. Kexu da jarrera horretaz. Izan ere, esan duenez, egungo kontsumo ereduek “egoera tamalgarrian” utz dezakete gizartea: “Kontsumo etengabe eta masibo batean murgilduta gaude; zabor kopuru ikaragarriak sortzen ditugu, eta horrek eragin konponezinak ditu gizartean”.

Hala eta guztiz ere, Peñak gaineratu nahi izan du Saretuz ez dagoela, inondik inora, Gabonetan opariak eta otordu bereziak egitearen aurka. Baina erosten den hori “arduraz” erosteko deia egin dio gizarteari: “Erosketak non egin ditugun begiratzeko, eta dendako langileen baldintzak eta produktuak duen balioa zalantzan jartzeko eskatzen dugu guk”. Horretarako, gainera, Saretuz elkarteak, Mapa saretuz izeneko zerbitzu bat du bere webgunean; bezeroa kontsumo eredu arduratsu batera bideratzen du zerbitzu horrek. “Kontsumitzea ekintza politiko bat da”, argi dauka Peñak: “Eta gizakion ardura da egungo kontsumo ereduak eraldatzea”.

Kontsumitzeko eredua

Saretuz elkartearen iritziz, egungo gizartean “festa” bihurtu da kontsumitzea. Horren harira, black friday-a (ostiral beltza) jarri du Peñak adibide modura: “Jende askok erosi ohi du egun horretan, beherapenak aprobetxatuz. Baina pentsatzen hasi beharko genuke zer dagoen prezio horien atzean”.

Horiek horrela, aurtengo Eguberrietan Saretuz elkarteak gizarteari dei egin nahi dio egungo kontsumo ereduek zein ondorio ekar ditzaketen pentsatzeko: “Zalantzan jarri behar dira egungo ekoizpen eta kontsumo eredua zein horrek dakartzan eragin konplexuak, eta, horretarako, informatu eta irakurri egin behar da”, adierazi du Peñak.

Gainera, gizabanako gisa, nork bere beharrak zein diren aztertu beharko lukeela eta horien arabera kontsumitu beharko litzatekeela uste du Saretuz elkarteak: “Birplantea ditzagun pertsona gisa ditugun beharrak. Eta alda ditzagun ondasun eta elikagai kontsumo ohiturak, alternatiba jasangarriak erdigunean jarriz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.