Zaku bete elkartasun

Zaku bete elkartasun

Miren Mujika Telleria

Jostailuei bigarren bizitza bat emateko asmoz, jostailu bilketa egiten ari dira Gipuzkoako zenbait herritan. Izan ere, Gabonak ate joka diren garai honetan, opariak jasotzeko irrikaz egoten dira haur guztiak. Horregatik, hain zuzen, Azkoitian, Zarautzen, Donostian, Tolosan eta Gipuzkoako beste zenbait txokotan jostailu bilketak egiten ari dira zailtasun ekonomikoak dituzten familiei laguntzeko, eta, hartara, etxe bakar batean ere oparirik falta ez izateko.

Azkoitian, esaterako, abenduaren 1ean hasi ziren herriko plaza nagusian jostailuak biltzen. Izarraitz lanbide heziketako zentroko Gizarteratze zikloko ikasle eta irakasleek “Azkoitiko haurrentzat” antolatutako egitasmoa da. Abenduaren 1etik 4ra aritu ziren herriko hainbat familiaren jostailuak jasotzen; atzo ere bertan izan ziren, eta gaur eta bihar ere izango da Azkoitiko plaza nagusira nork bere jostailuak eramateko aukera: gaur, 10:00etatik 13:00etara; eta bihar, 11:00etatik 14:00etara.

Azaroaren 20an izan zen Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna, eta Izarraitzek horren harira antolatu du jostailuak biltzeko kanpaina. “Haurren eskubideak landu ditugu gelan”, esan du bertako ikasle Alex Margüellok. “Eta horietako bat da haurrek jolaserako duten eskubidea. Hain zuzen ere, horregatik jarri dugu martxan proiektu hau”. Gainera, jolasa eskubide bat izateaz gain, haurrek jolaserako beharra dutela adierazi du Izarraitz lanbide heziketa zentroko irakasle Ainhitze Larrañagak: “Familia asko daude egoera zaurgarrian, eta haurren jolaserako beharra asetzeko asmoz abiarazi dugu proiektua”.

JOSTAILU BILKETA

Bigarren urtez jarraian egin dute jostailu bilketa Azkoitian, eta egitasmoak iaz “arrakasta zoragarria” izan zuela azaldu du Larrañagak. Proiektuak iaz izan zuen harrera aintzat hartuta, Margüellok adierazi du aurten ere kanpaina berarekin hasi nahi izan dutela abendua. Larrañagak azpimarratu duenez, aurten ere helburu bera dute proiektua garatu duten ikasleek eta irakasleek: “Ekonomia zirkularra, partaidetza, kontsumo arduratsua eta halako balioak sustatzea”.

Larrañagak nabarmendu nahi izan du ez dituztela soilik jostailuak bilduko: “Jostailuez gain, eskolako materiala ere bilduko dugu: hala nola koadernoak, boligrafoak…”. Horregatik, azkoitiarrei jostailu bilketan parte hartzeko deia egin diete bilketaren sustatzaileek. Hori bai, berrerabil daitezkeen jostailuak “egoera onean” eraman ditzatela eskatu dute.

Margüellok eta Larrañagak gaineratu nahi izan dute Caritasekin elkarlanean egindako proiektu bat dela jostailu bilketarena. “Guk jasoko ditugun material eta jostailu guztiak oparitarako paperetan bildu eta Caritasekin batera bideratuko ditugu, egoera zaurgarrian dauden haur horiengana iristeko”, adierazi du irakasleak.

Larrañagak eta Margüellok gehitu dutenez, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin sortutako proiektua da opari bilketarena, eta aurretik eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei, euren ekarpena egiteagatik: “Eskerrak eman nahi dizkiegu denei proiektu hau aurrera eramaten laguntzeagatik. Eta, ahaztu gabe, baita Caritasi ere, Azkoitiko haurrei proiektuaren emaitza helarazteagatik”.

Zarautzen ere bai

Beste hainbat herritan bezala, Zarautzen ere egingo dute jostailu bilketa, El Remanente gobernuz kanpoko erakundearen eskutik. Igande honetan egingo dute bilketa, hilaren 12an, 10:00etatik 14:00etara, udaletxearen parean.

El Remanente GKEko kide Maricruz Molinak azaldu du 2019an jaiotako “elkarte txiki bat” dela eurena. “Pandemiaren aurretik sortu genuen elkartea, hain justu Errumanian egoera zaurgarrian dauden familiei laguntzeko”. Molinak azaldu duenez, Errumaniako bertako GKE batekin harremanetan jarri ziren, eta haiei bidaltzen dizkiete Zarautzen biltzen dituzten arropa eta jostailu guztiak: “Errumanian bertan aurkitu genuen elkarte bat babesgabe dauden haurrekin lan egiten duena. Duela bi urte horregatik hasi ginen bildu genituen arropa eta jostailuak eurei ematen”. Lehen pausoak ematen hasi eta pandemiak harrapatu zituen, ordea: “Haiekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu genuen, baina, pandemiaren ondorioz, eten egin behar izan genuen elkarlana. Eskuak lotuta gelditu ginen”.

Baina asmo berarekin datoz oraingoan ere: Molinak jakinarazi du aurten ere jostailuak bilduko dituztela Errumanian babesgabe dauden haurrei eramateko: “Arazoak arazo, martxan geneukan egitasmoari jarraipena ematea erabaki dugu aurten: hilaren 12an bilduko ditugu jostailuak Zarautzen, udaletxe parean, 10:00etatik 14:00etara”.

El Remanente GKEko kideek jostailu guztiak “toki seguru batera” bideratuko dituztela ziurtatu nahi izan zuten egitasmoa abian jarri aurretik. Helburu hori buruan, Errumaniara joan zirela azaldu du Molinak: “Errumaniako GKE horrek hango haurrekin egiten duen lana ezagutzeko aukera izan genuen bidaia horri esker”. Bidaia horretan are indar handiagoa bilduta, “ziurtasun osoz” egin zuten erakunde horri laguntzearen aldeko apustua: “Konfiantza osoz esan dezakegu erakunde horrek lan itzela egiten duela hango haurrekin, eta, beraz, haiekin elkarlanean aritu nahi dugu aurrerantzean ere”.

Aurten, ordea, ez dira Errumaniaraino bertaraino joango. Molinak adierazi du igande honetan bilduko dituzten arropa eta jostailu guztiak Zarauztik bertatik bidaliko dituztela herrialde hartara: “Aurten ez gara joango; ezinezkoa izango da, baina prest ditugu bidalketa egiteko tramite guztiak”. Hala ere, azpimarratu nahi izan du, “oso garestia” izaten dela “horrelako bidalketa handi bat” Errumaniaraino igortzea. Beraz, bidalketa gauzatu ahal izateko, Zarauzko El Remanente GKEaren materiala jarriko dute salgai igande honetan bertan, postutxo batean. “Errumanian egoera zaurgarrian eta babesik gabe dauden 450 haur ingururengana iritsi nahi dugu igande honetan egingo dugun arropa eta jostailu bilketarekin”, azaldu du Molinak.

Ondorioz, herritarrei beren ekarpena egin dezaten eskatu die Molinak, El Remanente GKEaren izenean: “Eskatu nahi dugu jendeak bere hondar aletxoa jar dezala, eta anima daitezela igandean jarriko dugun postutxora berrerabil daitezkeen arropak eta jostailuak ekartzera”. Azpimarratu du “bigarren bizitza bat” eman nahi dietela bilduko dituzten jostailu eta material horiei guztiei, “gehien behar dutenek erabil ditzaten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.