Astelehenetan kalera ateratzen jarraitu dute pentsiodunek

Astelehenetan kalera ateratzen jarraitu dute pentsiodunek

M. Garate

Lau urte inguru dira pentsiodunak astelehenero kalera ateratzen hasi zirela, eta asteroko topaketa horri eutsi diote aurten ere. Pentsiodunen aldarrikapen nagusietako bat pentsio guztiak, gutxienez, 1.080 eurokoak izatea da. Eta, horrekin batera, bertan behera utzi nahi dituzte pentsioen 2011ko eta 2013ko erreformen atal batzuk eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak. Hala ere, badituzte eskakizun gehiago; besteak beste, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala deuseztatzea eta 40 urte kotizatuak dituztenen erretiro aurreratuak ez zigortzea.

Espainiako Gobernuak abenduaren hasieran onartu zuen pentsioen erreforma berriaren zati bat —EAJk babesa eman zion, eta EH Bilduk abstentziora jo zuen—. Belaunaldien arteko ekitate mekanismoa jasotzen du erreformak, PPren gobernuaren erreformak jasotako jasangarritasun faktorea ordezkatuz, eta, mekanismo horren arabera, urtarrilaren 1etik aurrera eta hamar urtez, 0,6 puntu igoko dira Gizarte Segurantzaren kotizazioak, kotizazio oinarriaren %28,3tik %28,9ra —0,5 enpresarien esku eta 0,1 langileen esku—. Horrekin, baby boom belaunaldi oparoak pentsioen gastuan ekarriko duen erronkari aurre egitea espero du Espainiako Gobernuak.

Lege berriak ez dio atea itxi pentsioak kalkulatzeko eredu berri bati. Bere garaian 15 urtetik 25 urtera handitu zen pentsioak kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua —aurten 24 urte dira, eta 25 urte izango dira 2022an—, eta aditu batzuek diote 35 urtera ere handitu behar dela tarte hori. Askoren kasuan, pentsioaren zenbatekoa apaltzea ekarriko luke neurri horrek.

Legearen bozketaren harira, manifestazio jendetsuak egin zituzten Donostian eta Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek deituta. Greba orokor baten atarikoaren itxura ere izan zuten protesta horiek, baina azkenean ez dute halakorik deituko sindikatuek; ez behintzat urte hau amaitu baino lehen. ELA eta LABen arteko tirabira ere ekarri du egingo ez den greba orokor horrek. LABek baztertu egin du grebara deitzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.